Dokumentuaren akzioak
Godalet: manexen afruskeri galanta
Askotan pentsatu dut, tamalez, euskal dantzaren estereotipo nagusiak hanka altxatzea eta edalontzi batera igotzea ditugula. Azken hau, gainera, Zuberoako dantza eta inauterien berezitasunik handiena da hegoaldeko dantzari eta dantzazale askorentzat. Hona nire gogoeta dantza famatu honen inguruan.
Aurrekoan Urdiñarben maskaradak ikusten egon ginen. Aurten Gamere-Zigako gazteei egokitu zaie maskaraden plazaratzea.
Barrikadak goizean, Gamere-Zigakoekin batera Urdiñarbeko zenbait gazte, eta maskarada arratsaldean. Gauza ederra, dena. Goiz partean, eguraldia lagun, etxez-etxe ibili ginen dantzak ikusten. Akaso maskarada beltzari maltzurkeri falta sumatu nion, baina primeran hala ere. Arratsaldean, eguzkia lagun, maskarada. Hasi eta berehala gogoratu genuen zein den inauteriaren sena, grina, espiritua. J. A. Urbeltzen hitzak etorri zitzaizkidan burura: “Pitxu eta Kabana mantentzen diren bitartean, gainontzeko pertsonaiak desagertu edo sortzeak ez du arriskurik. Maskaradak jarraituko du.” Eta hala sumatu nuen nik ere. Erriberako Paloteadoen antzera, dantza eta antzerkia tartekatuz, herri bakoitzaren jende, ohitura eta gertakariekin trufatzeko aukera ematen du maskaradak, eta gainontzekoa apartekoa den arren, Pitxuk eta Kabanak ematen diote norabide hori aratusteari.
Hau argi izanda, bada zeresanik dantzari buruz. Urdiñarben aitzindari onak ikusi genituen, dudarik gabe. Goizean barrikadetan fin ibili ondoren, arratsaldean bakoitzak bere abilezia nabarmentzeko aukera izan zuen. Hasierako barrikadan baino, Bralearen karakoiltzean, bakoitzak hiru aldaira oso eginez. Apartekoa, gainera, Entsenariaren bandera dantzatzeko manera. Honetaz gain, Ostalerrak eta Gabota dantzatu zituzten, eta gainontzekoen laguntzarekin, Antzina Pika eta Muneinak. Ez dira hauek, ordea, hau idaztera ekarri nauten dantzak.
Godalet dantzatu zuten. Basoa erdian izanda, bakoitza bere inguruan dantzatzera atera zen. Kantiniersak kenduta, ez zuen inork edalontzia ukitu ere egin, denek frijat batekin bukatu baitzuten pausua. Gainera, publikoak dantzari bakoitza txalotu zuen, baina ez barrikadetan edo karakoiltzian baino ozenago. Oso dantza polit eta ikusgarria, baina hala ere, ez genuen hegoaldeko dantza emanaldietan egoten den ikuskizuna izan. Zergatik?
Zuberoako dantzak zailak direla mundu guztiak daki. Teknika eta estiloa ongi barneratzea ia ezinezkoa da edozein manexentzat. Dantza taldeetan ere hala ikusita daude, baina hau guzti hau atzean gelditzen da dantzaria edalontziaren aurrean jartzen den momentuan. Hala ba, zuberotarrak ez bezala, dantza taldeetan aitzindari guztiak godaletera igotzen dira aldaira bukaeran. Publikoak mundua bukatuko balitz bezala txalotzen du dantzaria, eta norbaitek lortzen ez duenean halako “oooohhhh” oihu tristeak entzuten ditugu. Honek, noski, aurreko guztian inork atentziorik ez jartzea dakar, eta beraz, egiten diren pausuek garrantzia galtzen dute. Dantzari askok, publikoaren jarrera hau aprobetxatuz, edozein gauza egiten dute inongo arazorik gabe, gaizki edo oso gaizki, pausuak asmatuta ere. Dantza bukaeran edalontzira igotzen bada aprobatua lortuko du, aurreko guztia justifikatuko du. Hau gutxi balitz ere, jendeak edalontzira igotzeko modu pentsaezinak saiatzen ditu, eta gehiengo handi batentzat, Godalet dantza baino, dantza suite guztia “El baile del vaso” bilakatzen da.
Bitartean, Zuberoan dantzak duintasunez mantentzen jarraitzen dituzte, eta Godaleten, dantzak irauten duen bitartean, edalontzia ferekatzen saiatzen dira, beira ukitzera iritsi gabe. Hori da meritua, eta ez dantzaldian afruskeriak egin akaberan basoa zanpatzeko.
Halako dantza aberats eta ederrak jendearen begietan une bakar batera laburbiltzea nahiko tristea da, eta behin esan nuen bezala, maskaradetan Godalet dantzak duen garrantzia ikusita, hegoaldeko dantzariak tontoak garela pentsatzera behartua sentitzen naiz.
Portzierto, Urdiñarben kantiniersak bost aldiz ferekatu zuen edalontzia. Goitik ferekatu ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Julen Leuza Izkue
Jasotako azken erantzunak
-
oier on Godalet: manexen afruskeri galanta
oier2013/04/23
-
Julen on Erantzuna
Julen2012/01/29
-
Antxoniz on Musikaren transmisio idatzia: desberdintasunak ahozkoarekin eta bere eraginak
Antxoniz2010/10/12
-
oier on Musikaren transmisio idatzia: desberdintasunak ahozkoarekin eta bere eraginak
oier2010/10/12
-
on Gaita edo dultzaina?
-
Iker on Gaita edo dultzaina?
Iker2010/06/03
-
Julen on Gaita edo dultzaina?
Julen2010/06/03
-
Patxi on Gaita edo dultzaina?
Patxi2010/06/03
-
Ekaitz Santazilia on Dantza sorkuntza batendako musika konposaketak: Monteagudoko Dance-a
Ekaitz Santazilia2010/03/12
-
Julen on Dantza sorkuntza batendako musika konposaketak: Monteagudoko Dance-a
Julen2010/03/12
Estereotipoek eta klitxeek indar handia dute gure dantzen kudeaketan, zalantzarik gabe. Dantza askotan eta askotan gertatzen zaigu hori, eta ziur aski horien artean argien ikusten denetakoa izango da godaletarena. Baina jotak, erregelak, jauziak eta beste hainbat dantzetan antzekoa gertatzen zaigu.
"Apaindurak" erakartzen du gure atentzioa, eta dantzaren egitura koreografikoa eta sistema ongi ezagutu gabe, apainduretan errekreatzen aurkitzen dugu gure burua. Ondorioz, gure dantzaldiak apainduren eta birtuosismoen erakustaldi bihurtu nahi izaten dugu, oraindik dantzan ikasi ez dugunean.