Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Julen Leuza Izkue Musikaren transmisio idatzia: desberdintasunak ahozkoarekin eta bere eraginak

Dokumentuaren akzioak

Musikaren transmisio idatzia: desberdintasunak ahozkoarekin eta bere eraginak

2010/10/12 17:19

Trasmisioa komunikazio ekintzara eta izakien manifestazio askotari lotuta dago; transmisio genetikotik belaunaldi batzuetatik besteetara dagoen transmisio kulturalera. Musika, gizakiaren manifestazio bat gehiago bezala, kolektibitateak eta bere indibiduoek garatzen joan diren aktibitateek daukaten komunikazio beharrari eutsita dago. Hasiera batean transmisio hau orala zen guztiz, eta gero, bere beharra izan zenean, idazkera sortu zen. Fubinik esan zuen musikak duela oso gutxi arte ez zuela bere lehenengo burutzea baino gehiago
irauten, gehienetan konpositore berak egina zenean gainera. Askotan esan da hau musikariak eskura zuen notazio motaren menpean zegoela, hain inperfektoa eta ezegokia beraz bere soinu-errealitateari. Baina egia da formulazio hau alderantziz egin daitekeela ere, hau da, musika horrelako notazio inperfekto batekin idazten
zela ez zelako pentsatzen etorkizunean inolako bizitzarik izango zuenik.

Gauza da bata bestearen ondorioz sortua izango zela, hau da, musikaren transmisio oralak oztopo gehiegi eman zituenean hasiko zela idazten, hala bere burutzea errezagoa egiteko nola musika hori gerorako mantetzeko. Baina ikus ditzagun  lehenago bakoitzak dituen ongi eta gaitza orokorrak.

Transmisio oralak abantaila ugari batzuk ditu idatziaren aurrean: inprobisazio maila handiago bat eta idazkerarekin gero eta gehiago galtzen doan naturaltasuna  (hala ere  inprobisazioa ez da inoiz guztiz galdu). Transmisio oralarekin  entzumenaren  garapen handiago bat lortzen da, eta baita memoria musikalarena ere,
hauek baitira  transmisio orala burutzeko behar diren erreminta nagusiak.  Bere desabantailak baditu ere, noski:  ez da etorkizunerako mantentzen eta errazagoa da zerbait ahaztea manifestazio  berriak agertzen direnean eta garaiak aldatzean. Transmisio oralarekin ideia  originalak transformazio gehiago jasaten ditu eta gainera ez zen bere  konplexutasunarengatik idazkera beharrik daukan manifestazio musikalik sortuko.
Baina balorazio hauetan gehiegi sinistu behar ez den hala-nolako finalismo  eta teologia gradu bat aurkitzen dugu, garai bakoitzak bizi ari duen momentua isladatzen dituen manifestazio artistikoak izan dituelako.

Transmisio oralean aurkitzen ditugun desabantailak, logikoa denez, idatzian aurkituko ditugun abantailak dira. Transmisio idatziak daukan gaitzarik  garrantzitsuenetariko bat sartu duen intelektualizazio maila da, oharkabean  errealitate eta zeinu arteko unifikazio ideia bat eragin delarik; adibidez, erritmoa konpasa bezalako neurketa instrumentuarekin nahasteko joera dago. Era berean,  indibiduoaren eta soinu-errealitatearen arteko urrutiratze bat sortzen da, prozesua abstrakzioarengatik mediatizatua ikusten delako.

Bata eta bestearen arteko desberdintasunik azpimarragarrienak argi izanda, eta aurreiritzirik botatzen hasi baino lehen, agian hobe da idazkeraren fenomeno honek musika munduan izan dituen eraginik garbienak ikustea, eta honetarako egokiena erritmoaren erabilera erregular eta irregularren adibideak ikustea izango da, adibidez adibide:

MUSIKA KLASIKOAN

Esan daiteke gaur egun ezagutzen dugun idazkera musikala Errenazimendu bukaeran finkatu zela, XVI-XVII. mendeetan. Aurreko musika gehiena nahiko irregularra zen orokorrean, baina Barroko garaian, dantza-suite frantziarrarekin batez ere, guztiz erregulatu zen erritmoz. Mendeak pasa ziren horrela (Mozart-en eredu hau beste askoren arteko bat gehiago besterik ez da), eta musikariak haien idazkera motara egokitu ziren arazorik gabe. Esan daiteke XIX. mendean ikusten direla idazkeraren aurrean benetako "iraultzak":

1. eredua: Erik Satie (Frantzia, 1866-1925). Idazkera modernoaz kexatu izan zen beti. Berak askatasun handiago batekin konposatu nahi zuela zihoen, "sin la dictadura de la barra de compás". Eta hau argi ikusten da bere lanean. Horrelako zerbait entzunda, inork ezingo zuen partitura originala idatzi.

2.eredua: Maurice Ravel (Frantzia, 1875-1937). Ez da aurrekoa bezalako eredu garbi bat izanen (eta agian Claude Debussy-k hemen egon beharko luke bere ordez), baina interesgarria da gizon honek baltsekin zuen maitasuna, eta zinez interesgarriagoa baltsak nola konposatu zituen ikusten. Hona hemen J. Strauss-en vals vienar bat, eta hona hemen Ravel-ek egindakoak. Bi mundu desberdin.

3.eredua: Igor Stravinski (Errusia, 1882-EEBB, 1971). Bere 3 ballet famatuak honen adibide garbiak dira, "Le sacre du printemps" batez ere. Erritmo eta neurketa irregularrak erabiltzen dira denbora guztian. Esan daiteke lan honek eman ziola hasiera idazkerari desafio egiten dion musikari, XX.mendean hainbeste adibide aurkituz.

Laburbilduz, hemen ikusi daiteke nola konpositore iraultzaile hauek ezinezkoa izan zitekeena egin zutela zituzten notazio eta idazkera baliabideekin, hau da, haiek egin zuten aldaketa. Hau ez da, ordea, orain datorrenarekin gertatzen.

EUSKAL FOLKLOREAN

Musika folklorikoarekin guztiz kontrakoa gertatzen da: musikak idatzira pasatzean dauka aldaketa (erritmo gozo ugarien galera, jotzeko estiloa klasikozalea bihurtzea, etab.). Musikari askok diote, haien autoritate intelektualak ausartzen uzten dietelarik, Bela Bartok bezalako etnomusikologoek Europa erdialdeko folklorea hil zutela, musika guzti hori idatzira pasatzean eta baita ere musika klasikora bihurtzean. Gauza da Bela Bartok-ek egin zuen guztia egin izango ez bazuen ziurrenez idatzi zuen musika gehiena orain desagerturik egongo zela, hilda. Eta horra hor galdera: hobe al da folklorearentzat bere musika ahoz transmititzea eta dituen xehetasun propio guztiak mantentzea edo idatzira pasatzea eta patrimonio guztia mantentzea, dituen galerak sakrifikatuz? Bakoitzak bere iritzia izango du. Nik, ordea, uste dut folklorean interesa duen edonork bere kultura ongi ezagutuko balu partitura bat estilo propio batean interpretatzea lortuko zuela, eta ez orkestrakide batek egingo zuen bezala. Egon badago horrelako jenderik.

Agian hobe da uste dugun baino askoz gertuago ditugun adibideak ikustea, aurrekoak baino interesgarriagoak izan daitezkelarik:

1.eredua: Arizkungo sagar-dantza. Hemen Arizkunen egiten den bezala ikusi dezakegu. 1:00 minutua arte (jota hastean edo) guztiz irregularra aurkitzen dugu dena. Hau hemen entzuten den bezala ezinezkoa da partitura batean idaztea. Gainera interesgarria da nola perkusio golpeek (danbolinetan eta atabalean) melodia propioaren azentuak markatzen dituzten, eta ez konpas finko batek izan ditzakeenak (Balkanetako folklorean berdina gertatzen da). Beste dantza taldeetan, ordea, musikariek partitura bat ikasten dute (transmisio idatzia), eta hemen dagoen xarma eta detalle oro galtzen da.

2.eredua: Durangaldeko dantzari-dantza. Hain ezagunak diren melodia hauek (zortzinango, banango, binango, launango) erritmo anzestral batzuetan oinarriturik egongo dira ziurrenez. Idaztera pasatzen denean 6/8-3/4 konpasean ("Hemiolia" deitua) egiten da. Baina ezinezkoa da dantza hauek horrelako (1:17 minututik aurrera) zerbaitekin konparatzea, dudarik gabe berdina ez delako, ez dauka zer ikusirik, eta konpas berdinean idazten da ordea. Hasteko dantzari-dantzako melodiak 6/8 konpasaren bigarren donboran hasten dira (horrelakorik ez da beste inon aurkitzen ahal), eta esan daiteke 6/8 konpasari zati txiki bat jaten zaiola, eta 3/4koa pixka bat azkarrago egiten dela aldi oro. Hau da, idatzira guztiz osorik pasa ezin den beste adibide bat da, ez hain garbia agian, baina partiturak daudenetik guztiz erregularragoa bilakatu dena.

3.eredua: Fandangoa. Fandangoa, jotea, trikitixa...gauza da erritmo konkretuaz hari garela, eta ez bestelako faktore musikalekin ezberdindu daitezken  generoez. Argi dago dantzarako jotzen denean ez dela 3/4ko konpas osoa zehatz-mehatz egiten, azkeneko puntuari denbora pittin bat kentzen zaio eta, ez da denbora exaktu bat. Hau da, idazteko modurik errezena 3/4ko konpasa da dudarik gabe, baina horrek ez du esan nahi musika 3/4ko konpasean dagoela berez. Ze ongi datorkidan orain Tapia eta Leturiak 1992an "Dultzemeneoa" diskoan grabatu zuten "Other Mind" fandangoa, 5/8an, hau da, 3/4ko bi konpasetatik bigarrenari azkeneko denbora kenduz momentu oro. Dantzan edonor jarri daiteke ere honekin. Zer esan nahi du honek, ba fandangoa berez orain entzuten dugun eta bertsio honen arteko zerbait izango zela, eta idatzira pasatzean nahi gabe guztiz erregulatu dugun beste adibide bat izan dela berriro ere.

Adibide gehiago daude edonon, noski. Gauza da idazkerak sortzen dituen galera musikalak gure inguruan ditugula beti, eta garrantzitsua da jendeak hori jakitea. Lehen esan dudanez, musika idatzia folklorearen osasuna mantentzeko ezinbestekoa den zerbait izan daiteke, baina ezin dugu gure musika partitura batera mugatu, ordenagailu batzuk baino zerbait gehiago garelako. Partiturak estilo propio batean interpretatzea zaila izan daiteke zenbait kasutan, baina ez zaizkigu gure berezkotasun hauek jakitea gaizki etorriko, dudarik ez. Idazkerak musikari kentzen diona burutzaileak gehitu behar dio, hala-nolako oreka bat mantentzeko.

 

Dokumentuaren akzioak

oier
2010/10/13 00:02
Gai oso polita hau ere Antxoniz!! Musikaren notazioaren inguruan, eta dantzako erritmoak aztergai dituela, badago Karlos Sanchez Ekizaren artikulu oso interesgarri bat Sukil 4-ean: "Nuevas tecnologías para viejos problemas: de espectrógrafos, zortzikos y ezpata-dantzas". Artikulu horretatik nik atera nuen ondorioa da musikariak (batzuk behintzat) dantzari begira jotzen ari direnean dantzarako jotzen duela, eta hori ez dagoela aitaren semerik ez amaren alabarik paperean txukun jarriko duenik. Dantzako musikaz ari garenean behintzat, notazioa doinuaren gutxi gora beherako gogorazle bat izan behar da, ze hortik aurrera, musikariaren interpretazioa eta dantzaren beharrek markatzen dute bidea.
Antxoniz
2010/10/13 10:52
Hala da Oier, partiturak gidaliburu bat besterik ez du izan behar, gauza da hau musikari guztien buruan sartuko den edo ez, agian hor dago gakoa, XXI. mendean sortzen ari den nolabaiteko klasikotasunean.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.