Dokumentuaren akzioak
Gaita edo dultzaina?
Ez da erantzuteko galdera erraza bat, ez. Eremu irristakor bat izan daiteke agian, baina gogoak nituen gai honen inguruan murgiltzeko.
Euskal Herri osoan daukagun aire eta mutur bikoitzeko instrumentu honi izena jartzeko momentuan ditugun arazoak argitzea gustatuko litzaidake, edo argitu baino, gutxienez hauen jatorria aurkitzeko ahalegin txiki bat egitea.
Instrumentuaren deskribapenik behar ez delaren ustetan, soilik esango dut instrumentu hau egurrezkoa eta metalezkoa dugula Euskal Herrian, azkeneko material hau soilik Bizkaian aurkitzen delarik.
Ez dut instrumentuaren papere folklorikoaren inguruan ezer esango ezta ere, hori bakoitzak jakinen du. Izenaren arazoen inguruan bakarrik jardutea erabaki dut, eta ez dira gutxi.
Hasteko, eta nire begiez ikusi dudanez, gaur egungo kortserbatorioetan organologia (instrumentuak salikatzen dituen sasi-zientzia) irakasten denean zera esaten digute, haizea larruzko poltsa batean gordetzen duen airezko instrumentuari gaita deitu behar zaiola, eta dultzaina (dulzaina gazteleraz), zuzenki puztutako haizeak soilik soinu eman ahal dion instrumentuari. Azken honen inguruan, irakasle askok aipatzen dute ere Nafarroan gaita izena gaizki erabilia dagoela, eta dultzaina deitu beharko zitzaiola instrumentu horri.
Hau da iritzi akademikoa, eta nolabaiteko musika topologia arauek hori esaten digute.
Ongi. Nik nafar gaita hartuko dut ereduz, eta nolabaiteko inpartzialitate batean oinarriturik, gaita hitzaren erabilera justifikatzen saiatuko naiz aritu batzuen iritziak erabiliz.
Lehenik, duela bi urte Aikok “Kobreik!” diskoa argitaratu zuela aprobetxatuz, Sabin Bikandik elkarrizketa batean esandakoak gogoratu nahi nituzke. Egia da disko hau bizkaitar dultzainekin grabatua izan zela, baina interesgarria da izenarengatik galdetzen diotenean erantzuten duena. Dultziñea eta gaitea, bata zein bestea erabiltzen dute izen bezela, eta baita ere joleari deitzeko (dultziñeru, gaiteru). Juan Ayestaren adibidea jartzen dute (Juan gaiteru bezala ezagutarazten zen), baina gero gaur egun dagoen gaita eta dultzainaren arteko ezberdintasuna aipatzen dute. Nafar gaitaren ezaugarriak bikoteka jotzen dela, eta (honen ondorioz) afinazioari kasu gehiago egiten zaiola direla esaten dute, eta honek instrumentuaren soinu borobilduagoa lortarazten duela, bizkaitar dultzaina bakarrik (danbor edo pandero baten laguntzaz, baina ez beste dultzaina batekin) jotzen delarik, eta honek nolabaiteko libertatea ematen diola joleari, afinazioan eta apainketetan.
Guzti hau egia izan daiteke, izenarekin bat instrumentuak ere bereizten baditugu. Ez da hau gertatzen, ordea, bikoteka eta afinazio estandarizatu baten pean jotako instrumentuari dultzaina deitzen bazaio, eta hara noa ni.
Honetarako, eta berriro ere izenaren arazoari soilik kasu eginik, Iruñeko Gaiteroek 1993ko “Gaiteroak Iruñean & Iruñeko Gaiteroak” liburuaren bukaeran idatzitako honen inguruko testu bat jarriko dut hemen, niri gertatu zaidan bezala, beste askoren zalantzak kenduko dituela uste eginez. Horra ba:
"Arrosaren izena"
(El nombre de la rosa)
Noizean behin batek, nolabaiteko kultura-jatortasunaren aitzakiz, galdetzen digu:
-Eta nola izena du musika-tresna honek?
Gehienetan galdetu duena ez da erosoegi geratzen guk erantzuten dugunean: Guk gaita izena ematen diogu. Nola edo hala, eusten dio galderari:
-Baina gaita ez al da galiziarrek jotzen dutena?
Eta guk erantzuten diogu hori galiziarren arazoa dela, ez gurea. Azkenean gutxik irauten dute galderetan, Gipuzkoan dultzaina izena ematen diotela erranez, eta guk, berriz, -gehiegiko tiki-mikiak azalduz, burruketan ez sartzeko- izena ez dela garrantzizkoa. Nahiago dugu ez aipatzea or konpon Gaztelandarrek erabilitako izena Nafar-izena ordez erabili nahi dutenak.
Sar gaitezen, beraz, mamian:
1.- Gauzek ez dute inongo izenik, gauzei izena ematen zaie. Hau da, ez dute berezko izenik, erabiltzaileak emandakoa baizik. Adibidez, familiko gizonezko nagusiari Otsagin aita izena ematen diote, eta Frantzian, aldiz, père.
2.- Honela da hitzaren edukia hizdunak berak eratzen duelako. Adibidez, Abrahamek familia izena ematen zionaren barnean, emazteak, maitaleak, maila guztietako seme-alabak, errainak, suhiak, morroiak, esklabuak, idiak, astoak eta ahuntzak eta aziendako beste guztiak sartzen zituen.
3.- Gizaki guztiei zor zaien errespetuaren ikuspuntutik ikusita, haiengandik kanpoko hitz arrotzik inposatzeko motiborik ez dugu aurkitu. Adibidez, ez genuke inoiz justifikaziorik aurkituko laponiar bat euskaraz mintzatzera behartua egongo balitz.
4.- Tradiziozko tresneriari dagokionez, arrunta da alboko eskualdeetan izen berbereko tresna ezberdinak nahiz tresna berberari ezarririko bi izen ezberdin edo gehiago aurkitzea. Adibidez, Madrilgo mendialdean artzainek jotzen zuten gaita aintzineko klarinete bikoitza (alboka) bat da. Galiziarren gaita, kornamusa da, eta Zamorakoen gaita sinfonia da, edo nahi baduzu, gurpildun biola. Bestaldetik, hiru zulotako txilibista muturdunaren izenak, silbo, pito edo txistu dira. Gaitaren izenak, dultzaina, gralla, txirimia e.a. izan daitezke.
5.-Gure argudio osoa, nolanahi ere, Nafarroan garatu eta zehaztu den tresnari dagokio.
Egiaztatu nahi duguna, beraz, gaitaren nafar-kontsumitzaileak ezarririko izena, bai garaian, bai espazioan, gaita izan dela da gehienaz ere. Baina gure lurraldeari lotu baino lehen, bota dezagun begiradatxo bat inguruko Erreinu, Herrialde eta Jaurrerietan.
Europako gainerako lekuetan gureen antzeko tresna bakoitzari bere izena eman diote; batzuetan erromantzeeraz, beste batzutan bertako hizkeraz, baina inolaz ere dultzaina izenaren antzekorik. Hala ere, bai Frantzian, baita Alemanian ere badago aerofono mota bat Dulzian izenekoa, frango aintzinekoa, txirimiaren antzekoa, 60 cm inguru luzerakoa.
Okzitania. Gure gaitaren frango antzeko tresnei ezarririko izen batzuk daude; haietariko bat gralla izanik.
Katalunia. Horren izen eztabaidaezina, gralla.
Aragoa. Azken bolada honetan arrunta da dulzaina izena, baina ikus ezazue A.G.A.ren lehenengo alea eta han izen hau gaita izen tradizional eta herrikoiari inposaturikoa dela dago agerian.
Valentzia. Ohizko izena dolçaina da. Ez dakigu noizbait edo nonbait beste izen bat hartu ote zuen.
Gaztela. Beste batzuetan bezala, Eliza dago tartean. Izen ezberdinak nonnahi daude, baina aintzinenak gaita hitzetik datozela dirudi. Honela aditua diogu gaitero baten alargunari, eta baita Burgoseko gaiteroei ere, hauek aintzinean gaita izena erabiltzen zutela. Bururua datorkigu argitaratu berria den liburu baten izena, DULZAINEROS, MUSICA Y COSTUMBRES POPULARES, bertan aitzinsolasa "a los gaiteros segovianos" eskeinia delarik. Baina Gaztelari buruz, jatorria dela ematen baitu, gero eginen dugu mintzo.
Errioxa. Gaur egun dulzaina izena da nagusi. Jende zahar eta tradizionalak gaita izena mantentzen du.
Euskal Herria.
a) Bizkaia. Gehienetan dulzaina izenak dirau, baina Maume (Maguna) izeneko lurretako auzoko musikariari gaitero izena ematen diote. Alde berean, Igorrekoa, duela urte anitz hil zena, "gaitero" izendatu zuten, eta Bediako Juan Ayesta, duela urte gutxi hil zena ia mende oso batean bizi ondoren, hura apartekoa zen, jo, dulzaina jotzen zuelako, baina izan, Juan Gaiteru zen.
b) Gipuzkoa. Izen arrunta dulzaina da, edo beste antzekoren bat, dultzina edo dultzaina; antza denez, Euskal Herrian sutsu defendatu dute izen hau, baina hau ez da betidanik honela gertatu. Jaca Legorburuk idatziriko "El txistu en Zumarraga" artikuluan agertzen dira Irun eta Zumarragako gazetariak eztabaidan Atabalari eta Gaitero-Dultzainero Banden lehiaketei buruz; haietan bai gaita izena, bai dultzaina daude inongo diferentziarik gabe erabilirik.
c) Araba. Gaita da izenik arruntena.
***
Nafarroan arrosaren izenaren arazoak arreta haundiz begiratzea merezi du, eta bi mailatan aztertuko dugu.
a) Ahoz-aho ezagutaraztea: honetan labur ibiliko gara. 1980an “1924” izeneko diska egiten ari ginenean badaezpada ere Urdiaingo Jose M. Satrustegi euskaldun eta euskaltzainari galdetu genion nola izena erabiltzen zuten aintzinean euskeraz tresna hau idazterakoan: inongo zalantzarik gabe ihardetsi zigun: gaita.
Aldi berean Daniel Casatorre, Etxarri-Aranazko azken gaiteroak gaita hitza erabiltzen zuen guztietan.
Aipagarriak dira honen alde, Lizarraga Ergoiena, Otsagi, Baigorri, Lantz, Arizkun e.a., hau da, Euskal-Nafar osoan edo duela gutxi euskaldun izateari utzi zioten lekuetan.
Eta Arizkun aipatzen dugularik, bertako dantza bat "La Gaita" da, aintzineko Larraindantza baten antzekoa.
Ez-Euskaldun Nafarroan gaita izena izan da nagusi betidanik, eta horrela ugariak dira Nafarroa osoan gaztelera herrikoiezko esamoldeak : "estar de mala gaita", "templar gaitas", "no estar para gaitas", "no me vengas con gaitas", eta baita "estar gaitero" ere.
Kontrakoan, ez dute inongo zentzurik "templar dulzainas", "no me vengas con dulzainas" edo "estar de mala dulzaina" esaldiek.
Azken argudio hau erabakikorra iruditzen bazaigu ere, dulzaineroen nekaezintasunaren omenez jarraituko dugu.
Valeriano eta Lumbrerasi eskeiniriko bertsoak gaiteroei eskeini zizkieten, eta azkenean, last but not least, gure etxean ez dugu sekulan ere dulzaina izena aditu, gaita baizik; era berean, ez dugu inoiz juglar edo koblakari izena aditu, tuntunero edo txistulari baizik.
b) Transmisio literarioa. Hona mamia.
Jose Luis Ansorenaren iritziz koblakari izena gaztelatik dator, eta gure iritziz Roldeetan eta Zerrendetan guztiz lotua zaie gaiteroei XIX. mendea frango ibilia izan arteraino.
Pozgarria dugu Ansorenak gure susmoak egiaraztea: idazkariak izan ziren, kulturkeriaz edo gehiegikeriaz gaztelerari zegokionez, dulzaina hitza sartu eta erabili zutenak.
Jakina, Erakundeari eskaera bat idatzi zion gaitero apalak hizkuntza ofizialari lotu behar zion, egoera komikoak sortuz, hala nola gutun baten izpuruan -moldezko letratan idatzia- musikariaren izena, Udal-Dultzaineroak, bere burua eskeintzen du (gutunean) gaitero bezala aritzeko.
Era berean, eta errealitatea une batean gainditzeko gauza ez zirenez, Iruñeko idazkariek ez zuten ezta behin ere dultzainero hitza idatzi. Dultzaina jo, dultzaina rolde, Garesko dultzainak etor daitezen, Burlatako dultzainak ordaintzeko, guzti hauek esaldiak dira, errealitatea ahantzi zuten adierazpen argienak. Baita idazkera hau sortu zutenek ere uste zuten nonbait aitzinago joatea gehiegizkoa izanen litzatekeela, eta ez ziren ausartu Erreinuko gizaki zintzo bati dultzainero izena ematen.
Hala ere, Legegilea ez zen tirabira sartu eta pragmatismoaren izenean, gaita hitza erabili zuen.
XIX. mende erdiraino heldu beharra dugu Iruñeko agirietan tun-tun eta gaita izenak aurkitu ahal izateko, behin koblakari edo dulzaina gaztelerazko hitzak betirako utzita, egia eta hitz zuzenak hartzeari amore emanda.
Baina hala ere azken hondarrek iraun zuten, eta are eta tamalgarriago, gaztelerazko hitz hauek nolabaiteko joera "vasquista" batekin lotuko ziren, hala nola, La Voz de Navarra edota F. Arrarás Soto bezalako autoreetan.
Hemendik aitzina hitz zakar hau paper ofizialeetan agertzeak beste idazle folkloriko batzuei eragin zien, agirietan egonda -Jaunaren hitza-, izugarrizko mesedea egiten ari dela ustea, izena aldatzeagatik bakar-bakarrik, tresna tradizionala Musiko-Parnasoraino bultzatzen duelarik.
Hona hemen gure iritzia.
Aintzineko izena Nafarroan gaita da, bai gazteleraz bai euskeraz.
Izen honen menpean hasi zen musika-tresna garatzen, gaur egun azaltzen duen itxura lortu arte. Izen hau bai musikariek, bai entzuleek erabiltzen zuten.
Dulzaina hitza sartzeko ahalegina tresna duintzeko suertatu zen, arrotza dena inposatzeko nahirik.
Tresnak, izan ere, ez dira duinduak edo ez duinduak, haien erabilia baizik.
Tresna bat hobetzea lortuko da diruaren edo kulturaren eraginez, baina ez irtenbide magiko-literarioen bidez.
Eragin honek Nafarroan tresna berezi bat sortu zuen, besteekin alde duena, eta gaurko egoera kulturalera egokitzeko gauza.
Bide honekin bat dator dulzaina hitz horrek sortu zuen kultismoa nagusitu ahal ez izatea. Bizi denak iraun du artxibozko inposaketaren aurka.
Amaitzeko, gaita hitza gainerako Euskal Herrian gero eta gehiago onartzea batasun lorpen pazgarria da guretzat.
-----------------------------------------------------------------------------
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Julen Leuza Izkue
Jasotako azken erantzunak
-
oier on Godalet: manexen afruskeri galanta
oier2013/04/23
-
Julen on Erantzuna
Julen2012/01/29
-
Antxoniz on Musikaren transmisio idatzia: desberdintasunak ahozkoarekin eta bere eraginak
Antxoniz2010/10/12
-
oier on Musikaren transmisio idatzia: desberdintasunak ahozkoarekin eta bere eraginak
oier2010/10/12
-
on Gaita edo dultzaina?
-
Iker on Gaita edo dultzaina?
Iker2010/06/03
-
Julen on Gaita edo dultzaina?
Julen2010/06/03
-
Patxi on Gaita edo dultzaina?
Patxi2010/06/03
-
Ekaitz Santazilia on Dantza sorkuntza batendako musika konposaketak: Monteagudoko Dance-a
Ekaitz Santazilia2010/03/12
-
Julen on Dantza sorkuntza batendako musika konposaketak: Monteagudoko Dance-a
Julen2010/03/12
Segi hor antxoniz