Dokumentuaren akzioak
Dantza eta erritmoa adierazteko moduak. Portugaleteko 46. Nazioarteko Folklore Jaialdia
Pandemiaren ondorioz iaz ezin izan zen ospatu gure nazioarteko folklore jaialdien artean ibilbide luzeena duena, Portugaletekoa, beti bezala Elai Alai elkarteak antolatzen duena. Baina 2021 honetan, murrizketa guztiak barne, baina ―bere presidente Aitor Beitiaren hitzetan― animo handiarekin, zenbait kontinentetako ikusmira koreografikoa aurkeztu da eszenan, "ez esfortzurik gabe, egindako entsegu urriak kontuan hartuta".
Ohikoa den moduan, elkarte hauek beren kultura erakutsi dute, bai Portugaleten eta bai herrialdeko beste zenbait tokitan ere (Alonsotegi, Berriz, Elgoibar, Galdakao, Getxo edo Sopela), bai eta auzoko Castro Urdiales, Laredo eta Camargo kantabriarretan ere.
Herriko folklore taldearekin batera, lau herrialde ordezkatu dituzten lau gonbidatu izan dira. Belfastetik (Ipar Irlanda), Trim the Velvet taldeak askotariko dantza programa eskaini du, eta beste taldeetan bezala, ez da kanturik falta izan bere saioan. Peru ordezkatuz, "Peru, Ritmos y Costumbres" taldea izan da. Poloniatik, Lublineko Nekazaritza Zientzien Unibertsitatetik, Jawor kantu eta dantza elkartea. Eta Senegal ordezkatuz, Jammu, Dakaren sortutako elkartea.
Gauero, eszenatokia kolorez eta berotasunez bete da, erritmo, doinu eta gorputz adierazpenei bidea emanez ikusleen plazererako. 2021 honetan Portugaleten (Canilla paseoa) aurkeztu den emanaldi programa honakoa izan da:
- Uztailak 19, astelehena: lau talde gonbidatuak eta Elai Alai.
- Uztailak 20, asteartea, Irlandako eta Peruko taldeak.
- Uztailak 21, asteazkena, Polonia eta Senegal.
- Uztailak 22, Trim de velvet talde irlandarra eta Elai Alai.
Bi kontu dira aipatu beharrekoak emanaldien inguruan. Hilaren 21ean ezin izan zen Senegalgo folklorea ikusi kideetako baten osasun jazoera baten ondorioz. Bestalde, jaialdiaren bukaerak bi osagai gehigarri izan zituen: batetik, Ezpelur elkarte nafarraren gaitari eta erraldoien emanaldia; eta bestetik, Elai Alai eta Trim the velvet taldekoek batera eskainitako Txapeloaz.
Gainera, uztailaren 19an EITBk jaialdia streaming bidez eskaintzeaz gainera, Elai Alaik gauza bera egin zuen gainontzeko egunetan.
Dokumentuaren akzioak