Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Emilio Xabier Dueñas Portugaleteko Elai Alairen ezpata-dantza pandemia garaian

Dokumentuaren akzioak

Portugaleteko Elai Alairen ezpata-dantza pandemia garaian

2021/06/07 09:15
Portugaleteko Elai Alairen ezpata-dantza pandemia garaian

Elai Alai ezpata-dantza Portugaleten, 2021-06-05. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Gregorio IV Aita Sainduak Corpus Christi festa 1264an ezarri zuenetik, elizak ospakizuna eta bere osagaiak aldatzeko ardura izan du: XIV. mendean prozesioa gehitu zitzaion, beste pertsonaia harrigarrien artean erraldoi, nano eta herensugeak sartu ziren, eta festa bera ia desagertu da hainbat herri eta hiritatik XX. mendearen azken herenean.

Portugaleteko hiribilduaren datu historikoak, batez ere XVII. eta XVIII. mendeari dagozkionak, segizio baten ospakizunaz hitz egiten digute, ez-ohiko zaindari talde handi bat buru zuela, eta dantza eta txintxarriak ("danza y cascabeles"), giza-dorreak ("danzantes de castillo") eta valentziar dantzariak ("danzantes valencianos") tartean zituela.

Bertako Corpus festarekin bat datorren osagai koreografikoa gauzatu nahirik, eta aldi berean, 2015ean hil zen Jose Ignacio Beitiaren, Elai Alairen gidari izan zenaren omenez, prestatu zen dantza hau, heriotzaren hurrengo urtean estreinatu zena.

Txistulariak Portugalete ezpata-dantza 2021
Txistulariak. Elai Alairen ezpata-dantza Portugaleten, 2021-06-05. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Pasa den larunbatean, ekainaren 5ean, garai bateko Corpus festaren bezperak bailitzan, eta pandemia egoeraren irekidura arina baliatuz, Portugaleteko elkarteak, bere dantza taldearen bidez, ezpata-dantza kaleratu zuen goizeko bi tartetan.

Eguerdiko 12etako kanpai hotsak izan eta segunduaren hamar milesima pasata, alde zaharreko Elai Alai Kantoian dagoen elkartearen egoitzatik atera zen segizioa, dantza taldeko txistulari talde oparoaren doinura elizaren zelairuntz abiatuz, han egin baitzen lehen aldiz ezpata-dantza.

Elai Alai Portugalete ezpata-dantza 2021
Elai Alairen ezpata-dantza Portugaleten, 2021-06-05. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Beste urte batzuetan bezala, bai ezpata-dantzak, bai bandera-dantzak, bertan bildutakoak omentzeko balio izan zuten, bereziki 2019tik egundaino hildako Elai Alaiko kideen senideak.

Behin ekitaldia burututa, bai taldea, bai gonbidatuak eta ikusleak, Santa Maria kalean barrena abiatu ziren, La Canilla pasealekutik pasa Rialia Museoraino. Eraikinaren aurrean prest zen ordurako hiriko San Nikolas Arraun Taldea, "Jarrillera" trainerua beraiekin zutela.

Elai Alai Portugalete ezpata-dantza 2021
Elai Alairen ezpata-dantza Portugaleten, 2021-06-05. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Aldez aurretik hesituta zegoen eremuan, bigarren aldiz dantzatu zen ezpata-dantza. Oraingoan, omenduak arraunlariak izan ziren. Hain zuzen, haiekiko begirunez, kirol elkarteko kide batek dantzatu zuen bandera musikarien doinura.

Aurtengo estropadetan parte hartuko duten arraunlarien banan banako aurkezpenarekin osatu zen ekitaldia.

Elai Alai Portugalete ezpata-dantza 2021
Elai Alairen ezpata-dantza Portugaleten, 2021-06-05. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.