Dokumentuaren akzioak
Folklore Azoka: artisautza, dantza eta musika
Pasa den asteburuan Portugaleteko Folklore azokaren XV. ospatu da. Aurreko urteetan bezala eta hasierako ediziotik Elai Alai elkartea arduratu da antolakuntzaz; 2020an izan ezik, ezagutzen ditugun baldintzengatik ez baitzen egin.
Oraingo honetan, hainbat ekitaldiz eta jardueraz gozatu ahal izan dugu; hala nola, Portugaleteko Txistu Zaleen eta Bizkaiko Dultzaineroen kalejiraz, Elai Alai dantza taldearen eta hainbat taldetako haurren jaialdiaz, Irlandako Arís musika taldearen eta herriko musika bandaren emanaldiez, edo igandera arte irekita dagoen eta Silioko (Kantabria) “Vijanera” inauteriak jasotzen dituen “Máscaras” erakusketaz.
Ondo dakigun bezala, ordea, azoka ez litzateke azoka izango jantzien eta, batez ere, musika-tresnen artisaurik gabe. Tamaina, kolore eta soinu guztietako panderetak, panderoak, zarrabeteak, rabelak, gitarrak, danborrak, gaitak, hainbat materialez egindako albokak, dultzainak eta txistuak ikusi eta probatu ahal izan ditugu, besteak beste.
Azoka honen asmoa da musika tresnen eta jantzi tradizionalen berritasuna publikoarengana hurbiltzea, pixkanaka bada ere. Ezbairik gabe, kontuan hartu beharreko zita da emanaldietarako eta entseguetarako materiala eskuratu nahi duten norbanakoentzat eta taldeentzat.
Zalantzarik gabe, eskertzekoa da elkarteko kideek egindako lana eta ahalegina, eta are gehiago gauden baldintza berezietan.
Dokumentuaren akzioak