Dokumentuaren akzioak
Soka dantza eta protokolo zibilak dantza gizartearen ispilu
Dantza testuinguru desberdinetan kokatzen da, izan daitezen festa, dibertimendu edo ospakizun.
Dibertimendu soila izaiteaz gain, dantzak beti izan du solemnizazio funtzio bat. Gorputzaren ariketa bezainbat, dantza gertakizun sozial bat da. Dantza tradizionalak eta dibertimendu edo ospakizunei lotu bere testuinguruek ezberdin derasate gizarte baten funtzionamendu, soziologia, ekonomia edo moralari buruz. Dantza tradizionalen bilakaerari ikuspegi desberdinen arabera behatzen ahal zaio: dantza eta ordenu soziala, dantza eta gizarte erregulazioa, dantzaren esan nahi sinboliko gordeak, Eliza eta dantzaren arteko harreman bikoitza, edo dantza soinulariaren bilakaera historikoa. Jarrera eta praktika sozial horiek beti aldatuz joan dira mendeetan zehar, gaurko aniztasuneraino.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan, soka dantza izan da gizartearen botere mailen ordezkatzeko erritual koreografiko nagusienetarik bat. Bere aldaeretan, soka dantzak beti egitura bera segitzen du: gizonen (edo emazteen, andereen soka dantzen kasuan) arteko sokaren osatzea, «aurresku» eta «atzesku»-aren arteko desafio dantzatuak, emazteen (edo gizonen) sartzea sokan, zubiak, berriz desafio batzuk, fandangoak eta kalejira.
Karlos Sánchez Equiza-k erakutsi du soka dantza gizartearen kohesioaren adierazlea zela, parte hartzaileak hautatzen zirela zubien bidez, eta kategoria sozial zokoratu batzuk dantzatik baztertzen zirela. Kohesio soziala hierarkizatua zen, eta sokaren buru izatea ohoretzat zeukaten. Bizkaian, berriki izendatu auzapezak izan behar zuen sokaren buru kargutan sartzeko egunean.
1824an, Iztuetak soka dantza desberdinak bereizten zituen parte hartzaileen arabera: gizon dantza, gazte dantza, eche-andre dantza, escu-dantza galaiena, escu-dantza nescachena.
Hala ere, Sánchez Equiza-k erakusten du soka dantzaren eredua finkatuz, Iztuetak neurri batean idealizatzen zuela testuinguru bat. Alta, dantzaren inguruan bazen eztabaida bero bat, eta dantzaren erabilerak ez ziren hainbesteraino finkatuak. Garai hartari loakioke mokanesak sartzea soka dantzetan, neska mutikoen bertutearen zaintzeko. Soka komunitatearen erregulazio eta bake tresna bilakatu zen. Oier Araolazak, dantza ikerlari paregabeak, erakutsi du soka dantzak aldaketa historiko haundiak ezagutu zituela. XIX. mende hondarrean, soka kasik desagertua zen hirian, eta herrietan doi-doia begiratzen zuten. Mugimendu euskaltzaleak berpiztu zuen soka, honen alderdi protokolarioa barne.
Gerla zibilaren biharamunean, mugimendu folklorikoak banakako dantza bihurtuko zen aurreskua soka dantzatik bereizi zuen. Azken urte hauetan, soka dantza osoaren berreskurapen mugimendu bat izan da Gipuzkoan. Mugimendu hori bat dator tokian-tokiko nortasun kolektiboen azkartzearekin, bai hiri, bai herri, bai auzo mailan.
Bestalde, Iparraldean, dantza tokiko gizartea eta bere hierarkien miraila da. Nafarroa Beherean, dantza luzean parte hartzea garai batean ordaintzen zen, lekuaren arabera. Dantza jauzietan sartzeko ordena, Baztango mutil dantzetan bezala, denbora batez adin klase eta maila sozialaren arabera egiten zen. Dantza ordenu gizartearen metafora zen. Oztibarren, 1698an, ibarreko Gorte orokorraren biltzarraren egunean dantzaren irekitzeko eskubideak auzi bat sortu zuen Izurako juradoen eta Uharte-Hiriko baroiaren artean. Baionan, la Pamperruque zen, XIX. mende hasiera arte, pertsonalitate garrantzitsuen ohoretan ematen zen soka dantza. Hiriko elite burges eta aristokratikoak zuen osatzen Pamperruque-a. Frangotan, barnealdetik jin arazten zituzten baita ere «euskal dantzari» multxoak. Emeki-emeki haatik, dantza protokolarioa hiritik desagertu zen.
Dokumentuaren akzioak