Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Euskal dantza: sasoian ala krisian? Euskal dantza: sasoian ala krisian?

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza: sasoian ala krisian?

Sarri entzuten dugu aspaldian euskal dantza tradizionala krisian dagoela. Orain hilabete Argia aldizkariak gai horren inguruan egin zuen erreportaje nagusia, eta hiru lagunen artean, dantzaren eta dantza-taldeen egungo egoerari astindu bat eman zioten.

 

“Euskal dantza tradizionala bidegurutzean dago”. Hori zioen Argiako erreportajeak, Franco hil eta gero gure inguruan sortu zen pizkundea itzaltzear dagoela aditzera emanaz. Bidegurutze horretan, egungo dantza-taldeek gizartean tokia galdu dutela dirudi, 80. hamarkadan hain indartsua zen dantza-taldeen eredu hark hondoa jo duela. Dantza tradizionalak ez du, bestalde, egituraketa sendorik: dantza-talde gehienetan borondatezko lanean aritzen dira, eta irakasleentzako formazio saio egonkorrik ez dago.

Dantza taldeak nabarmen gutxitu badira ere, tokian tokiko dantzak berpizkunde garaian daudela ematen du: festa-egutegian txertatuta dauden Sokadantza (Aurreskua), Ezpata-dantza eta gainerako dantzak dira horren adibide.

Zarautzen, Franco hil eta gero hazitako berpizkunde giro hartan sortu ziren Mollarri lehenengo eta Iratzarri geroxeago, eta dantza talde haiek dira oraindik “euskal dantzak” deitzen diogun horren zabalkundean aritzen direnak. Aurreskua ateratzearen ohitura gal ez zedin hasi ziren bi taldeak 70. hamarkadan. Sanjoanetan eta sanpelaiotan aurten ere egin den Aurreskua ahalegin haren ondarea da; haur eta gazteen dantza-eskolak dira beste ondarea. Makina bat jende aritu da Mollarrin eta Iratzarrin euskal dantzak ikasten.

Guk ere, gure xumean, Zarautzen dantza taldeek bizi duten egoera ezagutu nahi izan dugu; azken urteetan esparru horretan eman diren aldaketak ulertzeko eta bidegurutzerik badagoen ikusteko, Mollarriko eta Iratzarriko lagun bana, Asier Urbieta eta Ane Mendizabal, Txaparrora etorri zaizkigu. Dantza taldeen eta, oro har, euskal dantzaren egoeraz jardun dugu hizketan haiekin.

Dantzaren errealitatearen beste ikuspegi bat emateko asmotan, formazioan eta eskarmentuan ondo zaildutako lagunari ere eskatu diogu iritzia: Garbiñe Aizpitarte da bera. Lehen aipatutako pizkunde garai hartan Hodeiertz taldean hasi zen dantzan, Xabier Landaburu gidari zuela, eta geroztik ez da gelditu ere egin. Dantza du bizibide aspaldian: goizetan Zarauzko eskoletan dantza-klaseak ematen ditu eta arratsaldetan bere akademian. Garbiñek dantzaren ikuspegi zabala emango digu, dantza tradizionalaz ezezik klasikoaz, garaikideaz eta, oro har, dantzaren egoeraz aritu baikara solasean berarekin.

 

Xabier Etxabe Zulaika
Txaparro, 88. alea   2006ko uztailaren 14a

Dokumentuaren akzioak