Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Euskal dantza: sasoian ala krisian? Mollarri eta Iratzarri: 25 urtetik gora euskal dantzak zabaltzen

Dokumentuaren akzioak

Mollarri eta Iratzarri: 25 urtetik gora euskal dantzak zabaltzen

Mollarri eta Iratzarri dantza-taldeen egoera antzekoa da: helduek ere tarteka dantzan egiten duten arren, umeen dantza-eskola da bi taldeen oinarria. Laurogei bat ume ditu talde bakoitzak, eta haien inguruan hemezortzi urteren bueltan dabiltzan gazteak dabiltza lanean. Mollarriko Asier Urbieta eta Iratzarriko Ane Mendizabal izan dira gurekin.

- [Xabier] Noiz hasi zineten dantzan?

- [Asier] Zazpi urterekin. Txikitan talde bakarrean aritzen ginen neskak eta mutilak. Gero, hamar bat mutilez osatutako taldera pasa ninduten. Orain pare bat urte hamahiru lagun besterik ez ginen gure adinean, eta talde bakarra egin genuen neskek eta mutilek. Irakasle asko izan ditut: Esti, Uxoa... Azken aldian Oiartz aritu zaigu laguntzen.

- [Ane] Ni zortzi urterekin hasi nintzen, nesken taldean. Fatimarekin egon nintzen urte askoan, eta gero Igonerekin ia oraintsu arte. Gurean mutilik ez zen gelditu, eta neskek segitzen dugu.

- [Xabier] Zer dakizue zuen taldeaz, zuen aurretik zebilen jendeaz?

- [Asier] Esteban Garro (taldearen sortzailea) ezagutzen nuen; tabernara etortzen zenean, askotan egoten ginen hizketan. Gainerako jendea, batik bat San Pelaio egunean egiten dugun Aurreskuagatik ezagutzen dut.

- [Ane] Gure taldeak 25. urteurrena ospatu zuenean, jende asko ezagutu nuen. Umeen guraso gehienak ere lehenago dantzan ibilitakoak dira.

- [Xabier] Umeena aparte utzita, gazteek zer egiten duzue?

- [Asier] Guk Gallegoen egunean egiten dugu dantzan. Euskal Astean ere egiten dugu ekitaldi bat, Mollarrik eta Iratzarrik elkarrekin.

- [Ane] Urretxura ere elkarrekin joan ginen bi taldeak, pasa den urtean.

- [Xabier] Zer dantza egiten dituzue orain?

- [Asier] Gure irakasleek zekizkitenak. Horregatik, talde bakoitzak bere dantzak dakizki: Iratzarrikoek egiten dituzten batzuk, Zozo Dantza eta Sagar Dantza esateko, guk ez dakizkigu. Gu Lapurdikoak ikasten hasi ginen orain gutxi.

- [Ane] Dantza bera ere, ez dugu berdin egiten bi taldeek.

- [Xabier] Zenbat ume dituzue taldean?

- [Asier] Laurogei bat. Kurtso honetan matrikula ireki dugu, eta berrogei ume etorri zaizkigu. Haiekin lanean, bai dantzak irakasten eta bai antolaketan laguntzen, hamar lagun gabiltza. Taldeak egiten ditugu, eta jeneralean talde bakoitzeko bi irakasle jartzen ditugu.

- [Ane] Gure egoera oso antzekoa da: guk ere laurogei bat ume ditugu bost taldetan banatuta, eta talde bakoitzarekin bi monitore aritzen dira. Aurten Unibertsitatean hasiko gara gutako asko, eta batzuek taldea utzi beharra izango dute kanpora doazelako. Hala ere, hemen gaudenekin moldatuko garela iruditzen zait.

- [Xabier] Umetan zenbat mutil eta zenbat neska dituzue?

- [Asier] Orain arte hamar mutil genituen, eta orain hasitakoekin beste taldetxo bat osatu da.

- [Ane] Gurean hamar mutil daude. Edadean aurrera doazela, gero eta mutil gutxiago izaten da. Dantza nesken gauza dela uste du askok.

- [Xabier] Zenbat urte bitarteko umeak dituzue?

- [Asier] Txikiak gehiago, helduagoak baino. Hamasei urteko neskak gurekin ensaiatzen hasi dira, eta gero hamalau urte dituzten zortzi neska ditugu. Haiek ere, pixkanaka, gure taldera sartu nahi genituzke.

- [Ane] Hamabost urteko neska taldea da zaharrena gurean; guk ere, pixkanaka klaseak ematen jarri nahi genituzke haietako batzuk.

- [Xabier] Zein dira dantza-taldeek dituzten arazorik larrienak?

- [Asier] Txistulariak aurkitzea; gure txistulariak, Oroitzek, urte asko daramatza gurekin eta erreleboa eman nahian dabil aspaldian. Umeak motibatzea ere asko kostatzen zaigu. Ume asko ez da bere gogoz etortzen, etxetik bultzata baizik; beharrezkoa da etxeko laguntza umea txikia denean, baina gerora... oso zaila da gogorik ez duen umea motibatzea.

- [Ane] Guri ere txistulariak falta zaizkigu. Umeekin kanpora joateko irteerak lortzen ditugu, baina txistulariak, kostata. Urretxura, esate baterako, trikitilariak eraman genituen txistularirik ez genuelako. Horretaz aparte, euskal dantzak gero eta gutxiago egiten direla iruditzen zait; gu umeak ginenean batera eta bestera ibiltzen ginen, eta orain dantza talde askok ez du irteera bat bera ere egiten kanpora. Herrian dantzan egitea ondo dago, baina kanpora joanda asko ikasten da: besteekin erlazionatu, elkarrekin bazkaldu... motibazio ona da kanpora ateratzea.

- [Xabier] Ze irteera egin dituzue kurtso honetan umeekin?

- [Asier] Azkoitian, Urretxun eta Legazpin izan gara. Hemengo auzoetan ere bai: Iñurritzan presentazioa egiten dugu sanpelaioen aurreko astean, eta Urtetan eta Santa Klaran ere izaten gara.

- [Ane] Ordizian, Arrasaten eta Mutrikun izan gara. Azpeitira ere joaten gara, baina aurten ezin izan dugu. Zarautzen, Santa Marinan eta Vista Alegren egiten ditugu saioak.

- [Xabier] Dantzaren etorkizuna nolakoa da?

- [Asier] Orain arte bezala izango dela iruditzen zait gero ere: txikitan hasi, 15-16 urterekin gelditzen direnak umeei irakasten hasi, eta 22-25 urtera arte segitu. Ziklo bat da.

- [Ane] Luzera, hemengo kultura galtzen joango dela iruditzen zait kanpotik datorren kultura gero eta indartsuagoa delako. Gu ere gero eta gehiago joaten gara kanpora, eta ez dakigu hemendik bost urtera non egongo garen.

- [Xabier] Helduen dantza talderik izango al da etorkizunean Zarautzen?

- [Asier] Zaila da. Urte osorako konpromezua da dantza, eta jendeak gero eta konpromezu gutxiago hartzen ditu.

- [Ane] Nik uste egun seinalatuetan elkartzen segituko dutela helduek, baina hortik aurrera ez.

Dokumentuaren akzioak