Dokumentuaren akzioak
Garbiñe Aizpitarte:dantzari lotutako bizitza
- Egiguzu zure dantza-ibilbidearen laburpena, Garbiñe.
- Hodeiertz dantza-taldea sortu zuen Zarautzen Xabier Landaburuk, 70. hamarkadan. Han hasi nintzen dantzan. 1979an, Philippe Oihanburuk zuzentzen zuen Etorki taldean sartu nintzen; 1980an bertako taldetxo bat profesional egin ginen, eta 1981ean jira bat egin genuen. Mundu guztian barrena ikuskizunak ematen aritu ginen. Beranduago Bilbon aritu nintzen, aurrena Luis Iturrirekin eta gero Karrakan; dantza eta antzerkia egiten genuen. 1991n Gabota akademia ireki nuen Zarautzen, eta orain zazpi bat urte dantza-klaseak ematen hasi nintzen Zarauzko eskoletan.
- Horretaz aparte, etengabeko formazioan aritu izan zara.
- Juan Antonio Urbeltzekin hiru urtez aritu nintzen euskal dantzetan sakontzeko ikastaro batean; larunbatero joaten nintzen Bilbora. Ballet klasikoan titulatua naiz, “Advanced” graduan, Londresen. Bestalde, hamabost urte bada Bartzelonara joaten naizela estiramentuak ikastera.
- Ze dantza-klase ematen dituzu akademian?
- Klasikoa, garaikidea eta estiramentuak. Klasikoarekin hasi nintzen; orain beste irakasle bat ere badago, nire ikasle izana bera, eta hark ematen du dantza garaikidea.
- Akademian Londresko programarekin zabiltza lanean. Zer dela eta?
- Hemen ez zaio ikasleari jarraipenik egiten. Ni Londreseko programarekin hasi nintzen, eta oso gustura nago haiekin; hona ekartzen ditut hango maisuak azterketak egin ditzaten, eta modu horretan jarraipena egiten diegu ikasleei. Lehen, Donostian konserbatorioa zegoenean, hemen ere bazeneukan zeure kasa preparatu eta gero esaminatzeko aukera; orain ez ordea, LOGSE legea jarri zutenetik. Maila Ertaineko ikasketak egiteko Gasteiz da gertuen dagoen aukera.
- Zein da zure helburua akademian?
- Gorputzaren heziketarako oinarria ematea. Jende askok esaten dit: “Hemendik aterako al da dantzari handirik?”. Ez da hori nire bidea. Tarteka ikusten da bat edo beste oso ona datorrela; horrelakoetan, Donostiara bideratzen dut dantzaria, Mentxu Medelengana.
- Hortaz badaukazu erreferentzi bat, nora bidalia.
- Bai. Niri asko gustatzen zait nola egiten duen lan Mentxuk. Hura gu baino gorago dago, beste etapa bat da. Ez du azterketarik eta antzekorik ere egiten.
- Mentxu Medeli askotan entzun diogu hutsune handia dagoela dantzan, azpiegiturarik apenas dagoela...
- Hala da. Orain, badirudi hobetzen ari dela kontua: Ballet Biarritz Donostian ere hasi da lanean, Igor Yebra Bilbora etortzen hasi da... pausu txikiak dira nolanahi ere.
- Zenbat akademia daude Gipuzkoan, zure moduan, lanean?
- Ez dakit. Ni “Asociación de Profesionales de la Danza” elkartean nago. Elkartzen gara tarteka, baina egia esan ez dakit ze ordezkaritza daukagun.
- Akademian estiramentuak ere lantzen dituzu. Dantza taldeetan lantzen al dira batere estiramentuak?
- Estiramentuen kontu hori zeharo bazterrean utzia egon da dantza tradizionalean. Dantza talde askorekin aritu naiz lanean, eta dantzariek norbere gorputza ez dutela ezagutzen konturatu naiz.
- Prestakuntza horretan, ez al dute dantza taldeek batere mejorarik egin azken urteetan?
- Bai. Orain urte batzuk, estiramentuak eta gauza horiek guztiak “txorakeriak” ziren. Gimnasian eboluzioa egon da: garai batean kirolean dena kardiobaskularra zen, indarra, korrika asko egitea... eta orain gero eta gehiago ikusten ari naiz beste klase bateko preparazioa ere: Pilates eta antzeko metodoak, esaterako; pixkanaka kultura sortzen ari gara. Hala ere, oraindik ere entzuten ditut kontu xelebreak: kirolean estiramentuak gaizki egiteagatik lesionatuta dauden gazteak sendagilearengana joaten direnean, balleta txarra dela esatea bezala. Ezjakintasun izugarria dago oraindik.
- Pilates dela, Yoga dela... azken batean bide horiek guztiek arnasketari eta postura egokiei inportantzi izugarria ematen diete.
- Hori da! Yogak filosofia sendoa du atzean, ez da gauza bera, baina hala ere niri oso bide egokiak iruditzen zaizkit horiek denak, ondo egiten badira. Izan ere, konpetitibitatea barru-barruraino sartua daukagu, eta jendeari kosta egiten zaio ulertzea asko makurtzea edo hanka oso gora igotzea baino hobea dela postura egokia bilatzea. Postura egokia lantzen bada, gorputzak erantzungo du bere garaian, eta bere neurrian.
- Dantza klasikoa eta euskal dantza, biak ondo ezagutzen dituzu. Harremanik ba al dute elkarren artean?
- Hori nabarmena da. Ballet klasikoan pausu pila bat daude euskal dantzetatik hartuak. Eta izenak ere bai: “Pas de basque”, esaterako, oso pausu ezaguna da ballet klasikoan eta mundu guztian erabiltzen da.
- Nola sortu zen eskoletan dantza-klaseak emateko kontu hori?
- Zarauzko Udalaren iniziatiba izan zen, eta eskertzekoa da pausu hori eman izana. Lehen Hezkuntzako 4. mailan aritzen naiz ni 1991z geroztik, eta noiz edo noiz 5.ean ere eman izan ditut klaseak. Eskolei hainbat aktibitate eskaintzen zaizkie: dantza, antzerkia... gero eskola bakoitzak aktibitate horietako batzuk aukeratzen ditu.
- Gustura al zabiltza eskoletan dantza klaseak ematen?
- Esperientzia zoragarria da. Ez pentsa, kurtso hasieran kosta egiten zaie hastea. Gero, pausu batzuk ikasi, musika jarri, eta Gabonetarako dantzan ari dira. Eta gainera, hobetoxeago edo okerxeago, denek ikasten dute. Gurasoak harritu egiten dira.
- Zein da zure helburua umeekin klase horietan?
- Haurrak dantzaren oinarrizko kulturaren jabe izatea. Ez dezatela esan: “Baina zer da hau?”. Gero, noski, dantzarekin batera psikomotrizitatea, erritmoa eta beste hainbat gauza lantzen ditut. Eta baloreak.
- Sendagileek dantza-taldeetara bidaltzen dituzte koordinazio arazoak dituzten umeak.
- Jakina! Ez dugu pentsatu behar dantza gauza bat denik, eta musikalitatea, lateralidadea eta erritmoa beste bat. Musika eta dantza oso lotuta daude. Eta, ez ahaztu: disfrutatzeko ere bada dantza! Gauza bat da ballet klasikoa oso hizkuntza arautua izatea, bide luzekoa, baina “dantza” bera unibertsala da. Mundu guztian eta zibilizazio guztietan egin izan da, eta gainera harremanetarako hizkuntza aproposa da.
- Dantza nesken gauzatzat hartu izan da, eta harrigarria egiten zait hori, euskal dantzan mutilek izan baitute protagonismo handiena. Zergatik iruditzen zaigu gertatzen dela hori?
- Nik uste dut oinarrian konpetitibitatearen kontua dagoela. Futbolean galdu edo irabazi egiten da, baina dantzan ez da hori gertatzen. Dantza, hizkuntza bat da. Gainera, hizkuntza horretan neskak eta mutilak elkarren parean egon daitezke; diferentziak badaude, noski, baina elkarrekin dantzan egiteko kultura dago, eta hor sortzen diren harremanak eta transmititzen diren baloreak oso politak iruditzen zaizkit. Beste muturrean, telebistan ikusten ari garen eredua daukagu, Munduko Futbol Txapelketarena: nire onetik ateratzen naiz “a por ellos”, “gu gara onenak”, eta antzeko esamoldeak entzuten ditudanean. Oso hizkuntza matxista eta gerrazalea ari dira transmititzen gainera. Eta dantza horrelakoa ez denez, badirudi “light” dela, neskena.
- Nahiz eta, taldeko diziplinetan, zailenetakoa izan.
- Bai, baina hori baloratzeko ere kultura eduki behar da. Dantza nesken kontua dela esatea, edo neskek hankarik ezin dutela altxa mutilek bezala... hori dena ezjakintasuna da.
- Zergatik ote du dantzak hain prestigio eskasa gizartean?
- Kontuan izan, zerbait apreziatzeko aurretik ezagutu egin behar dela. Dantza, antzerkia, musika... ez dira bat-batean apreziatzen direnak. Kanpora joaten zarenean, hainbat tokitan kultura hori badutela konturatzen zara; txikitatik antzerkia ikusi dutelako, dantza ere bai...
- Zein dira dantzak dituen arazorik handienak?
- Baloreen aldaketa nabarmena izan da azken urteetan. Orain, nekezagoa zait umeen artean diziplina jartzea.
- Diziplina ez da balore moduan hartzen.
- Hori da. Hala ere, aldaketa somatzen dut: orain hasi dira berriro esaten mugak jartzea beharrezkoa dela; orain hamar urte, diziplinaz hitz egitea diktadorea izatea zen askorentzat. Badirudi zikloak direla.
- Zure lanean zertan antzematen dituzu baloreen aldaketa horiek?
- Dena lotua dago, dantza eta arlo soziala. Egungo kultura, erdaraz esaten den moduan, “de usar y tirar” dela iruditzen zait; ikusi besterik ez dago “Operación Triunfo”. Gaur egunean gero eta zailagoa da epe luzerako proiektuak planteatzea; kirolean, astero dauzkazu partiduak, badaukazu alizienterik. Dantza ez da, epe motzera, hain esker onekoa.
- Eta giro horretan, nola motibatu haurrak?
- Alprojan asko hitz egin dugu motibazioaz. Hasieran, gazteek ilusioa galtzen zutenean, gure errua zela uste genuen. Baina ez da horrela, dena ez baita motibazioa ematea, borondatea ere sortu egin behar delako: batzuetan “ez daukat gogorik, baina egingo dut” esan behar da. Borondatez funtzionatzen duen mundu hori ere gainbehera doa eta... Uf! Kulturan ere azalean geratzeko ohitura dugula iruditzen zait, hau eta hori egin bai baina gehiegi sakondu gabe, haurrak aspertuko ote ditugun beldurrez. Kontua da, dantzan gabiltzan irakasleek epe luzera begiratu beharko genukeela.
- Ze egoeretan dago euskal dantza tradizionala?
- Bakoitza bere bidetik doala ematen du, eta dispertsio handia dagoela. Nik formazioan ikusten dut hutsunerik handiena. Formazio egonkor bat adostu beharko litzateke elkarte guztien artean, behar bezala mailakatua eta arautua; ez dauka zentzurik bakoitza bere aldetik ibiltzeak. Orain urte batzuk, Urbeltzek egindako proposamen baten berri izan nuen eta asko gustatu zitzaidan. Horren edo antzeko zerbaiten premia dago.
Dokumentuaren akzioak