Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Tradizionala

Dokumentuaren akzioak

Tradizionala

Leitza 1971 ingurutxoa

1971ko San Tiburtzio jaietan Leitzan dantzatu zuten ingurutxoaren irudiak ditugu. Jaime Albilllosek grabatutako irudiak dira, Donostiako Goizaldi dantza taldearen sortzaileetakoak 1960-70eko hamarkadetan zenbait dantza filmatu zituen bere festaren testuinguruan. Super 8 formatuan grabatutako irudi hauetan santiburtziotan Leitzako gazteek dantzatu zuten ingurutxoa ikus daiteke.

Soka-dantza, belauntzikoak, inguru handiak eta inguru txikiak dira Leitzako ingurutxoa osatzen duten atalak. Soka-dantzarekin hasten da dantza, lehen soka plazaratu eta aitzin-esku eta azken-esku aritzen diren danbolinausiek aurrez aurre, desafioan, belauntziko izeneko zortzikoa dantzatzen dute. Ondoren zerbitzariek neska bat plazaratu eta sokaren burua den danbolinausiak bere aurrean dantzatzen du belauntzikoa. Neska aurrendariaren ondoren sokan sartuta zapiekin, zerbitzariak beste neska baten bila jotzen dute eta azkenkiaren aurrera ekartzen dute. Azkendariak belauntzikoa dantzatzen du zerbitzariek ateratako neskaren aurrean eta hau ere sokan sartzen da zapiekin azkendariarekin aurrean. Segidan mutil dantzari bakoitzarentzat neska bana plazaratzen dute zerbitzariek sokaren kanpotik aurreraino pasa, eta txapelarekin soka ireki eta neska bakoitza dagokion tokian egokitzan da zapiak dituztela eskutik eskura. Sokan oinez jarraitzen dute dantzariek tarte batean eta geldi geratzean, berriz ere belauntzikoa dantzatzen dute, aurrez aurre baina sokan lotuta daudela. Aitzin-eskuak zubia egiten du segidan eta sokak aurrera jarraitzen du ordulariaren aurkako norabidean. Mutil guztiak nesken parean prestatu eta denek batera belauntzikoa dantzatzen dute. 

Inguru handiei ekiten diete jarraian. 2/4 konpaseko doinuekin, ingurutxuaren ohiko formazioan (bi lerrotan) eta ordulariaren aurkako norabidean mugituz eta bikoteeekin dantzatuz aritzen dira. Segidan Laukotearen dantza egiten dute, aitzin-eskuak eta azkenkiak, bakoitzak bere bikotearekin, plazara itzulia eginez. Berriz ere inguru handi bat dantzatzen dute eta taldea osoa itzul-aldatzen da atzetik aurrerako zubia eginez. Azkenak ziren bikotea aurrean ezarrita inguru handia dantzatu eta berriz ere zubia egiten dute aurreko tokira itzuliz bikote guztiak. 

Inguru txikiak, 3/8 konpasean dantzatzen dituzte ondoren, aurrekoetan bezala danbolinausiek bikotearekin itzul-biraka dantzatuz. Borobilean aitzinatuz batzuetan eta tokian dantzatu bestetan. 

Jota, porrusalda eta kalejirarekin bukatzen da ingurutxoa. Plazaren erdian kokatzen dira bikoteak, eta aurrez aurre daudela neskak eta mutilak jota eta porrusalda dantzatzen dituzte, eta biribilketan, sokan batera eta bestera saltoka doazela bukatzen dute ingurutxoa.

Amaia Mikeo Alduntzinek jakinarazi digu irudiotako txistularia, bere aitona Angel Alduntzin dela.

Irudiak: Jaime Albillos. San Tiburtzio festak, Ingurutxoa, Leitza, 1971-08-12.

Dokumentuaren akzioak