Dokumentuaren akzioak
Tradizionala
Goizueta: Inauteriak 1991
Goizuetan, 1991an grabatutako inauterien bideoa sareratu du Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak. Inauterietako astelehenean, Astelehen Iñotean eta asteartean, Astearte Iñotean egindako grabazioak dira. Astelehenean, gazteak goizean goizetik ekiten diote puska biltzeari. Bi gaztek gerrena (burdinezko ziria) daramate urdaia eta txerrikiak bertan eramateko. Beste batzuk otarrak daramatzate arrautzak eta bestelako jakiak jasotzeko. Baita larruzko zorroak ere dirua batzeko. Etxe atarietan fandangoa dantzatu, eta auzo bakoitzeko etxe batean barruan dantzatu, bertan eskaintzen dizkieten jakiak jaten dituzte: ardo, gazta eta ogia batean, baba gorriak azekin beste batean,... Asteartean, berriz ere goizean elkartu eta puska biltzearekin jarraitzen dute. Eguerdian herriko tabernan bazkaltzen dute, bildutako jakiak baliatuz. Bazkal ostean, zomorroak eta zahagiak prestatu, eta 17:00ak aldera zahagi-dantza egiten dute Goizuetako kaleetan. 1991ko otsailaren 12an hartutako irudiak dira honako hauek. Galdakaoko Andra Marik testigantza eder hau jasotzeaz gain, Galdakaon bertan dantzatu ohi du Goizuetako zahagi-dantza, inauterietako ostiral arratsaldean. Irudiak: Andra Mari dantzari taldea. Goizueta, Inauteriak, 1991-02-12.
Dokumentuaren akzioak