Dokumentuaren akzioak
2017 etiketa duten bideoak
Ezpeize: Pettarreko maskaradak 2017 ostalerrak
Ostalerrak ohiko dantza-jauzia izaten da Zuberoako maskaradetako arratsaldeko ofizioetan. Pettarreko maskaradako aitzindariek Ezpeizen egindako lehen agerraldian egindakoa da irudiotakoa.
Dantza-jauziak dantzatzerako orduan, ohikoena da eskumaruntz dantzatzen hastea. Maiz aitzindariek, barrualdean borobil bat osatzean, kanpoko borobilean dauden gainontzeko dantzariek kontrako norabidean dantzatzen dute, ezkerreko norabidean alegia. Hemen ere horrela ageri da, nahiz eta kanpoko borobilik ez egon.
Ostalerrak, gehienetan, bi aldiz dantzatzen dute osorik. Lehen aldian urraska, eta bigarrenean aintzineko puntuak egiten. Urraska dantzatzen dutenek normalki urrats hauek egin ohi dituzte:
- Sinple (4etan)
- Pika, doble. Pika, sinple
- Eskuin, ezker, eskuin hiru, sinple, pika
- Eskuin, ezker, eskuin hiru, sinple, pika.
Hainbat izen aldaera ditu dantza-jauzi honek: Ostalerrak, Ostalierrak, Ostalersa, Ostalertsa, Ostaliersa... Sagasetak Ostalerrak hautatu zuen Luzaiden horixe zelako gehien erabiltzen zena, baina Guilcherrek ordea Ostalertsa moduan ematen du, aire horrekin kantatzen den abestiaren lehen hitza horixe delako: "Ostalertsa begi nabarra, Zenbana duzu Nafarra". Kantu berak baditu ordea beste aldaera batzuk, adibidez, "Ostaliersa begi nabarra, zonbatna duzu ardoa?". Ostaliersa esan edo Ostalerrak esan bada alderik, lehengoak ostatuko zerbitzariari egiten baitio erreferentzia eta bigarrenak ordea ostatuzale zurruteroei.
Doinuak, Guilcherrek dioenez, XVIII. mendeko kontra-dantza frantziar batean du jatorria. L'insulare izenarekin argitaratu zen 1730 inguruan, baina Ostaliersan haren doinua bakarrik geratzen da, dantza aldetik oso bestelakoa baita kontra-dantzaren egitura eta jauziarena.
Irudiak: Eire Vila. Ezpeize, Pettarreko maskaradak, Ostalerrak, 2017-01-22.
Dokumentuaren akzioak