Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jaime Albillos, Goizaldi taldearen aitzindarietakoa hil da

Dokumentuaren akzioak

Jaime Albillos, Goizaldi taldearen aitzindarietakoa hil da

2019/09/01 10:50
Jaime Albillos, Goizaldi taldearen aitzindarietakoa hil da

Jaime Albillos. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC BY-SA

88 urterekin zendu da Jaime Albillos Arnaiz (Donostia, 1931-2019), Goizaldi dantza taldearen lehen aroko dantzaria eta dantza-bultzatzaile handia izandakoa. Dantzaz gain heraldika izan du bere ekarpen eremu nagusia eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zion 2016. urtean (ikus horren harira egindako elkarrizketa). Iñaki Urdangarin izeneko dantzariarekin lehen pausoak ikasita, Goizaldi sortu berrian Kandido Pujanarekin Gipuzkoako dantzetan sakondu zuen Jaime Albillosek 1950. hamarkada hasieran. 

Goizaldiren lehen belaunaldi distiratsuko kidea izan zen Albillos, besteak beste Zirilo Garmendia, Juan Mari Montes, Iñaki Gordejuela eta Juanma Oronozekin batera. Albillosek gonbidatu zuen Juan Antonio Urbeltz Goizaldira eta bere tokian dantzatzen hasi zen Urbeltz gaztea Albillosek utzi zuenean. Ikasketaz injeniaria, heraldikan zaletu zen eta dantza eta heraldika lotu zituen 1967an Iztuetaren omenez Donostian ezarri zen hilarria diseinatuz. 1960ko hamarkadan zenbait dantza tradizio filmatu zituen eta altxor eder horietako batzuk dantzan.eus-en daude ikusgai, adibidez Xemeingo ezpata-dantza (1969), Leitzako ingurutxoa (1971) eta Besta Berri Bidarrain (1969).  

Hiletak irailaren 2an, astelehenean, 19:30ean Donostian, Groseko Mariaren Bihotzaren elizan egingo dira. 

 

Dokumentuaren akzioak