Espainian, gerra zibilaren osteko berreraikitze prozesuan, Espainia Berriaren nortasun batua gauzatzeko kultura eta ondarea erabiltzea erabaki zuen diktadura errejimenak, eta horretarako abiatu zituen Falangeak Seccion Femeninako taldeak. Hain zuzen ere tradizioaren asmatze prozesu hori eta horren oinarri ideologikoak azaleratuz artikulua idatzi du Ortiz-ek. Badira urte batzuk Estrella Caserok "La España que bailó con Franco. Coros y Danzas de la Sección Femenina." liburua argiraratu zuela, eta haren lanari, jantzien ikuspuntua gehitu dio honako honetan Ortiz-ek.
Nazionalismo periferikoen aurrean Espainia bakarra eta batua defendatzeko tresna izan zen folklorea. Horretarako, errejionalismoaren bidea hautatu zuen frankismoak, tokian tokiko ezaugarriak folklorearen eta herriaren aberastasunaren ezaugarritzat jo zituen, eta era horretan, nortasun nazionala iradoki zitzaketen folklore ereduak (euskalduna, kasu), Espainiaren aniztasunaren baitan kokatu eta diluitzera jo zen.
Folklore ikuskizun berreraikiak
Hain zuen ere, Pilar Primo de Rivera, Seccion Femeninaren sortzaile eta zuzendariak, Espainian kultura tradizionalean forma aniztasun harrigarriaren topikoa behin eta berriz errepikatu zuen. Elementu lejimitatzaile moduan, folkloreak sistema politikoari jarraitasun estetiko eta emozionala eskaintzen dio, eta talde izaera sendotzen du, beraz, kontrolatu eta bideratu beharreko tresnatzat jo zuen frankismoak, eta bere neurrirako folklore baten sorrera bultzatu zuen.
1942an antolatu zen Seccion Femeninaren abesbatz eta dantza taldeen lehen lehiaketa, eta lehiaketa horrek 1976 urterarte iraun zuen. Berreskuratu, irakatsi eta zabaltzea omen zen Seccion Femeninaren egiteko nagusia, baina praktikan folklore ikuskizun berreraikiak aurkezten zituzten, beren gidariek, hautatu eta eraldatzen zituzten dantza eta kantuz osatua.
Probintziako dantza eta jantzien asmaketa
Lurraldearen antolaketa eremuak folklorizatu ziren errejimenaren interesetara. Seccion Femeninako dantza taldeak "probintziako" dantzak ikastera bideratu zituzten, herri mailako errepertorioak alde batera utziz eta nork bere herriarekiko identifikazioa entitate handiagokora bideratuz. Hortik sortu ziren ordurarte existitzen ez ziren kontzeptuak, adibidez, euskal dantzetan, gaurdaino guipuzcoano edo vizcaino moduko izendapenekin iritsi zaizkigunak. Ordurarte, ez zegoen probintzia mailako dantza errepertorioaren kontzientzia hori. Herri zehatzetako dantzak ziren edo nazio mailakoak (euskal dantzak, danzas euskaras...). Seccion Femeninak probintzianismoa modu erangikorrean sartu zuen, eta horrela batasun unitate erreferentzial bakartzat Espainia ezarri zuen.
Jantzi errejionalaren asmakuntza prozesua izan zen guzti honen adibide adierazgarrienetakoa Ortizek azaltzen duenez. Jantzi bat hautatzen zen (herri edo festa zehatz batekoa izan zitekeena) eta eraldatuta edo zegoen moduan, probintzia oso baten ordezkaritza izaera aitortzen zitzaion. Gonen azpian pololoak jartzen beharrezko bihurtu zuen Seccion Femeninak. Tradizioarekin baino, moralarekin zerikusia zuen erabakia izan zen hori. Bularraldea sujeritu zezaketen eskoteak desagertu ziren, mahuka motzak luzatu ziren...
Espainiako Herriaren Museorako euskal jantziak egiteko nola moldatu ziren azaltzen du Nieves de Hoyos Sanchok: “De Vizcaya, en el año 1936 se consiguieron bastantes prendas, esencialmente en Dima. Con ellas pueden vestirse una pareja, pero son trajes casi totalmente negros, con telas empobrecidas por el uso que dan una idea triste […]. Encontrar trajes auténticos resulta imposible […] entablamos relación con Karmele Goñi de Múgica […]. Hablando con todos los viejos y viejas encontró algunas prendas. Con esta directa documentación ha hecho dos trajes de aldeanos, con linos caseros, cuerdas tejidas por algunos pastores, tejidos en general auténticos […]”
Falangearen eredua gaurdaino iritsi da
Prozesuan parte hartu zuten Seccion Femeninako gidarien prestakuntza eskasa, zorroztasun eza, kriterio urritasuna eta formazio tekniko gabezia salatzen du Ortizek. Horiek egindako berregite lana ondoren Espainia osoan hedatu zen, eta folklore mistifikatu eta eraldatu hori herriz herri hedatu eta txertatu zuten, kasu askotan eta askotan, gaurdaino iraun duelarik.
Frankismoaren bukaera eta trantsizioarekin bukatu ote zen Seccion Femeninaren ekarpena? Ortiz ezezkoan dago. Trantsizioan errejimen falangistaren aurkako erreakzio indartsua izan zela dio, baina folklore alorrean ez zela hausturarik gertatu, jarraipena baizik, eta gaur egun Espainian folklore tradizionaltzat aurkezten den gehiena Seccion Femeninak asmo politikoz berregin eta eraldatutako ekoizpen estiliziatua dela, jantzi errejionalak tarteko.