Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez: "Interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren"

Dokumentuaren akzioak

Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez: "Interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren"

2021/11/08 08:10
Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez: "Interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren"

Folklorea seiluetan erakusketa. Argazkia: Jauzika Kultur Elkartea

Estoniar lagun batek Iñaki Ahedori bidalitako postal bateko seilua da "Nondik nora folklore?" erakusketaren abiapuntua. 1995. urtetik ari da seiluak biltzen, eta 2019an publikoari erakusteko aukera sortu zen Eusko Lorak dantza taldeak antolatutako erakusketaren bidez. Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez taldeko kideak dira, eta egun hauetan Gasteizen ikusgai den seilu erakusketaren inguruko azalpenak eman dizkigute. Harrigarria da horren zentimetro gutxitan zenbat informazio jaso daitekeen; besteak beste, inauteri, ezpata-dantza zein dantzaldietako irudiak dituzten 1000 seilu inguru biltzen ditu erakusketak.

Nondik nora hasi zen ba "Nondik nora folklorea?" erakusketa?
Eusko Lorak elkartean badugu eskarmentutxoa erakusketak antolatzen, azken-aurrekoa "Burutik erantzia" izenekoa. Jendeari zenbait eduki helarazteko modu eraginkorra deritzogu, dakarren lan eskerga gorabehera. Duela bi urte astroak lerrokatu ziren esku artean dugun hau antolatzeko, eta gogoz ekin genion lanari.

Nondik Nora Folklorea erakusketa
Nondik Nora Folklorea erakusketa, Gasteiz. Argazkia: Eusko Lorak

2019an Sestaon aurkeztu zen, irailean eta urrian Zigoitian egon da, eta orain Gasteizen dago erakusketa. Erakusketa ibiltaria, beraz?
Gure lehen asmoa, noski, Sestaon ondo egitea izan zen, etxean jokatzen baikenuen. Erakusketak harrera ona izan zuela ikusita, animatu ginen mugitzen saiatzera. Bizpahiru leku genituen hitzarturik, baina pandemia heldu zen eta bertan behera geratu zen guztia. Udatik hona ekin diogu berriro mugitzeari, eta lehenengo bi geldialdiak Zigoitia eta Gasteiz izan dira Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik. Publizitate apur bat egiteko aukera ematen badiguzue, esango dugu erakusketa oso moldakorra dela, zeharo exentua, ez du hormarik behar.

Iñaki, zeuk hasitako lana da, ezta? Nola eman diozue forma? Kontatu pixka bat nola izan den prozesua.
Bai, nik hasia nuen biltzeko lana. Gogoratzen naiz gorde nuen lehen seilua nire lagun estoniar baten gutunari itsatsita heldu zitzaidala 1995ean. Hasieran, batez ere diseinuagatik hasi nintzen biltzen, garai hartan diseinu grafikoan interesatu berria bainintzen, baina denborarekin konturatu nintzen beste gauza interesgarriak ikasten nituela folkloreaz seilu batzuetatik. Eta Juan Antonio Urbeltzen "Danza vasca, aproximación a los símbolos" liburuan Britainia Handiko "Medieval mummers" seilua ilustrazio gisa erabiltzen zela ikusteak pentsarazi zidan agian ez zela ideia txarra izango seiluak erakustea. Elkarteari proposatu nion ideia eta baietz esan zuten berehala. Eta berehala agertu ziren galderak ere: zeintzuk eta nola.

Aukeraketa egin behar ezta?
Nahikoa seilu eta gehiegi genuen, baina zein erakutsi formaren baitan zegoen. Gu ez gara filatelian adituak, eta inoiz ez gara ohiko seilu-erakusketa batean egon; baina susmoa genuen hori ez zetorrela bat nahi genuenarekin. Seiluek asko kontatzen dute berez, baina gutxi-asko argi genuen ez genituela erakutsiko erakuste aldera, nolabaiteko hari eroalea behar genuela. Bestalde, Jorge Wagensberg-en ideiei jarraitu nahi genien. Hark uste zuen erakusketa batek estimulatu behar dituela bisitariak; aldea sortu behar duela bisitaren aurrekoaren eta ondorengoaren artean; erakusketa on batean askoz galdera gehiago izan behar direla irtetean sartzean baino; bisitarien jakin-mina zirikatu behar duela, ezaxolatik gehiago jakin nahi izatera pasa daitezen.

Folklorea seiluetan
Folklorea seiluetan erakusketa. Argazkia: Jauzika Kultur Elkartea

Juan Antonio Urbeltzen aholkularitza izan du erakusketak, ze ekarpen egin ditu?
Hariaren bila genbiltzanean, Juan Antonioren atea jo genuen. Berak landutako gaietako batzuk sartzeko asmoa genuen, hala nola căluș, morris dantzak, inauteriak... Eta galdetu nahi genion ea ideiaren bat eman ziezagukeen erakusketari forma emateko. Erakutsi genizkion lehenengo seiluak Poloniakoak ziren halabeharrez, eta galdetu zigun ea ikusia genuen "Cold War" filma. Bai, ikusi berria genuen, eta ez dakigu berariazkoa izan zen, baina filmarenak pista definitiboa eman zigun. Handik aurrerago, bere liburuetan oinarritutako lau moduluen testuak gainbegiratu eta onartu ere egin zituen.

Zerekin aurkituko da bisitaria?
Labur-zurrean, hamalau istorio eta kontaerarekin aurkituko da, eta horiek ilustratzen laguntzen duten ia mila seilurekin. Baita gauzakiren bat edo beste gehiagorekin ere, eta hamalau moduluetatik bostetan bideoak ikus daitezke.

Folklorea seiluetan
Folklorea seiluetan erakusketa. Argazkia: Jauzika Kultur Elkartea

Eta dantzazale batentzat bereziki zer izan daiteke interesgarria?
Ba uste dugu gauza asko gerta dakizkiokeela interesgarri. Baten bat aipatze aldera, guri behintzat, interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren; hala nola, Hungariako dantzaren etxeak edo Estoniako dantzari egunak.

Hain gauza txikietan informazio asko jaso daiteke, ezta?
Bai. Diseinuaren aldetik, seilu batzuek xehetasun maila harrigarria dute, bereziki jangune teknika erabiltzen zenean. Edukiari dagokionez, zer esanik ez dago. Adibide gisa, 1991ko Sobietar Batasuneko seilu-sorta batean zerbait tradizionala agertzen zen errepublika bakoitzeko. Ikusiak genituen ordurako Georgiako dantza talde asko, baina han agertzen zena arrotza egiten zitzaigun. Zorionez, hitz gutxi batzuk zekartzan seiluak idatzita, errusieraz zein georgieraz. Gure georgiar lagun batzuei eskatu genien deszifratzeko laguntza, eta horrela izan genuen Berikaobaren berri, bertako inauteria, alegia. Eta nola ez, modulu bat dedikatu behar izan genion.

Folklorea seiluetan erakusketa
Folklorea seiluetan erakusketa. Argazkia: Jauzika Kultur Elkartea

"Folklorea seiluetan" bezala aurkeztu zenuten aurrena, baina orain "Nondik nora folklorea?" izena ipini diozu ezta? Zergatik?
Iñaki Arregiri zor diogu aholkua. Erakusketa bisitatu zuenean, komentatu zigun bere ustez "Folklorea seiluetan" izena oso agerikoa zela, eta seiluenak ez ote zituen pertsona batzuk uxatuko, erakusketak seiluak bezain gauza interesgarriak edo are interesgarriagoak bazituen ere. Pozik erosi genion aholkua Iñakiri eta izena aldatu genuen.

 

Nondik Nora Folklorea erakusketa Gasteizen

  • Non: Gasteiz, Hegoalde Gizarte Etxeko erakusketa aretoan (Alberto Schommer Kalea, 10 01006 Gasteiz).
  • Noiz: Urriaren 30etik azaroaren 27ra.
  • Ordutegia: Egunero, 8:30-21:30.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.