Dokumentuaren akzioak
Mundu osoko folklorea erakusten duten seiluak ikusgai Sestaon
Elementu folklorikoak dituzten posta-seiluen erakusketa ikusgai da urriaren 14tik 31era Sestaoko Musika Eskolako erakusgelan. Larunbatean egin da irekiera ekitaldia eta gaurtik hilaren bukaerara arte zabalik izango da erakusketa. Eusko Lorak eta Jauzika kultur elkarteak antolatu duten "Folklorea seiluetan" erakusketan dantza, jantziak, maskarak, musika-tresnak... jasotzen dituzten seiluak bildu dituzte.
Antolatzaileek azaldu dute ikusi dutela mundu guztiko seiluetan agertzen direla folkloreari lotutako irudiak, "ez dago munduan bere folkloreari buruzko seiluren bat jaulki ez duen herrialderik". Beste herrialdeetako folklorera hurbiltzeko aukera polita dela uste dute, modu grafiko eta sinplean bada ere. Besteak beste, inauteriak, ezpata-dantzak, etxe partikularretako edo estadio handietako dantzaldiak agertzen dira. Zentimetro koadro eskaseko irudien bidez, folkloreari buruzko bisitarien jakin-mina eta interesa piztu nahiko lukete antolatzaileek.
Erakusketaren oinarria seiluak dira, baina antropologia, politika, zientzia, zinema, artea, edota musika gaitzat dituzten hamalau panelekin egingo du topo ikusleak. Panel bakoitzarekin lotutako liburu bereziak, jantziak, maskarak, zine posterrak... ere erakusgai ipini dira. Paneletan QR kodeak egongo dira bakoitzak bere telefonoaren bidez informazioa irakur ahal izateko.
Eusko Lorak eta Jauzika kultur elkarteko kideek Juan Antonio Urbeltz eskertu nahi izan dute erakusketa antolatzeko eta muntatzeko eman dizkien aholkuengatik; baita Roberto Etxebarria musikaria ere, erakusketarako propio idatzitako istorioarengatik.
Folklorea Seiluetan
- Noiz: Urriaren 14tik 31ra
- Non: Sestaoko Musika Eskolako erakusketa aretoan
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 12:00-14:00 eta 17:00-21:00. Larunbatetan, 12:00-14:00.
Dokumentuaren akzioak