Dokumentuaren akzioak
Imajina dezagun Olentzero
Espektakuluaren eta irudiaren gizartean haurrei altxorrik ederrena kendu diegu: imajinazioa. Gabonetako oparirik onena horixe izan zitekeen, baina ez! Behar ez dituzten jostailuz eta heteronormarekin guztiz bat egiten duten Olentzero-Maridomingi tandemaz ordezkatu diegu.
Ahoz ahoko transmisioan zegoen hori gorpuzteko beharra dugu azkenaldian: mozorro, panpin, ipuin, pelikula... Olentzeroren mitoa horren adibide. Urteak dira Olentzero, bere gorputz eta haragi, agertu zitzaigula. Eta horrek ekarri zuen gure iruditeria bateratzea.
Aurretik panpinak ziren. Olentzero panpinak eta pertsonifikatua ez dira bateraezinak, nik uste bakoitzak baduela bere target-a edo publikoa, batez ere adin tarteari dagokiona; baina bat aukeratu beharko balitz nik ez dut dudarik: panpina (imajinazioarako, kooperatibismorako... bidea ireki baitezakete). Baina hori altuan esan eta segituan aztoratzen dira gurasoak: “Baina Olentzero pertsonak ere etorri beharko du ba, nola kenduko diegu ba umeei ilusio hori?”, “Zer esan behar diegu haurrei, bidean galdu dela?”.
Erraza da. Iluntzean, afaltzen gaudela edo lotara joaten garenean pasako dela Olentzero gure etxeetatik (Pasa behar duela erabakitzen badugu. Beste aukera bat baita nahiko gauza ditugula ikusarazi eta opariei uko egitea). Dena eginda eman beharrean utz diezaiegun umeei pixka bat imajinatzen. Nik umetan ez dut uste sekula Olentzero pertsonan ikusi nuenik, baina ez pentsa ilusioa falta zitzaidanik. Gutuna aurreko egunetan Correos-eko buzoira botatzen nuen eta egunean bertan urduri egoten nintzen iluntze aldera etxe inguruan berarekin topo egingo ote nuen edo. Afariari kasu handirik ez nion egiten, leihotik begira-begira ibiltzen nintzen, ataritik pasatzen ikusiko ote nuen edo. Eta bat-batean: pun, pun pun! Eta denak isilik, niri begira. Olentzero etorri da! Despistatzen nintzen batean osaba igotzen zen ganbarara zarata pixka bat egitera eta ni beldurtuta lehengusu zaharragoen atzetik poliki-poliki eskaileretan gora. Uau! Otarra opariz beteta. Olentzerorik ikusi gabe eta berarekin argazkirik egin gabe, baina otarra hura ongi grabatua dut memorian, baita nik nire buruan sortutako Olentzero ere.
Haurrari amesten eta imajinatzen utziz gero hegan egin dezake. Guk Olentzerori etxea ere ipini genion. Etxe aurreko mendian erdi erorita dagoen baserria beti izango da niretzat Olentzeroren etxea. Eta ez han eta hemen negoziorako sortu dituzten Olentzero eta Mari Domingiren PortAventura kutreak. Orain kuriositatea sartu eta mapan begira hasi naiz, badirudi nire haurtzaroko ilusioekin batera erori zela etxea ere. Ez dut aurkitu.
Uste dut Olentzero ez etortzea haurrena baino helduen arazoa dela. Seguru nago umeek lasai pasako dituztela Gabonak Olentzero ikusi gabe, baina ez. Turroia bezala, pare bat hilabete lehenago hasiko da agertzen iragarkietan. Telebistan 10 bat Olentzero ezberdin ikusiko dituzte, Olentzeroren hiru etxe bisitatuko dituzte, eskolara etorriko zaie bisitan eta, halako batean, Gabon gauean azkena, “benetakoa”. Ordurako Olentzero gaindosia dute haurrek eta dagoeneko zerbait sumatzen hasiak dira. Gezur kolektiboa horren bisuala da, lilura eta indarra galdu duela. Magiarik onena, dudarik gabe, norbere buruan dagoena.
Dokumentuaren akzioak



Jarrai dezazula zure inguruan hazi hauek zabaltzen, kontura arazten, ejenplua izaten...
... eta Dantzan-ek ere (???) bere egingo al du ikuspegi hau, eta sustatzen / zabatzen / aldarrikatzen lagundu, bere indarretik.
Haurren, eta gure gizartearen onerako.