Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Abortatzen dutenean kartzelan sartzen dituzten emakumeei ahotsa ematea da helburua”

Dokumentuaren akzioak

“Abortatzen dutenean kartzelan sartzen dituzten emakumeei ahotsa ematea da helburua”

2021/04/19 07:55
“Abortatzen dutenean kartzelan sartzen dituzten emakumeei ahotsa ematea da helburua”

Ion Estala eta Myriam Perez. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Myriam Perez eta Jone Amezaga dantzariak lurrean etzanda, uzkurtuta, ilunpean. Eta bat-batean fokua: argia. Elkarrekin, elkarren laguntzaz irekiko dira. Salvadorreko emakumeek abortuagatik jasotzen dituzten kartzela zigorrak mahaigaineratu eta kritikatu nahi izan ditu Ion Estalak zuzentzen duen NODE konpainiak. Emakume horiek irudikatu baino, omendu egin nahi izan dituzte. Piezaren eta sorkuntza prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkigute Ion Estalak eta Myriam Perezek Emakumeak Dferian aurkeztu eta minutu gutxira.



Zer da Emakumeak pieza, nondik dator?
Ion Estala: Dantza pieza hau Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearen bitartez dator 2019an egin zen proiektu batetik. Proiektu horren helburua da El Salvadorreko emakumeei ahotsa ematea, abortatzen dutenean zuzenean kartzelatan sartzen baitituzte, 10, 15, 30 urterako. GKE horrek nahi izan du emakume horiei ahotsa eman hiru erremintaren bitartez: Itsaso Diazen dokumentala, Virginia Garairen eleberri grafikoa eta gure pieza. Gonbidapen jasota NODEk argi zuen Myriam Cazabonekin nahi genuela lan egin, denbora askoan saiatzen ari baikinen eta ailegatu zen momentua. Myriamek baietza eman zuen eta berba egiten hasi ginen eta pandemia etorri zen, proiektua hor gelditu zen eta uztailean elkartu ginen berriro. Argi geneukan puntuetako bat zen piezak oparia izan behar zuela eta hortik abiatu ginen. Eta hor Myriam sartu zen eta Jone Amezaga, bigarren dantzaria.

Gai latza hau nola bihurtu duzue dantza?
Myriam Perez: Gai hori hain latza da eta dokumentalean eta eleberrian hori zuzenean, gordinean jaso genuen eta ikusi genuen gure bidea ez zela hirugarren bertsioa ematea edo. Gero, gainera, gure tokitik esaten genuen bizipen horiek oso zailak zirela gure larruan jartzea eta orduan buelta pixka bat eman genion eta pentsatu genuen omenaldi moduko bat egitea emakume horiei eta hortik abiatu ginen.

Emakumeak
Jone Amezaga eta Myriam Perez eta, Emakumeak, Node, Dferia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Zergatik bi dantzari?
M. P.: Ez zegoen arrazoi jakinik, azkenean ekipoa horrela egin genuen, nik uste dut ekipo txiki batekin lan egiteko ideia zegoela, bazegoen taldearen ideia. Emakume hauen bizipenetan ikusten zenuen azkenean beraiek aurrera egin zutela elkar babestuta eta lagunduta. Orduan, bi dantzariren loturak hori ematen zuen.
I.E.: Nik esan nahiko nuke nola dena natural atera zen, bai Joneren erabakia gurekin lan egitekoa, bai nola hasi ginen lanean estudioan, ze bide jarraituta, nola laguntzen diren elkar. Dokumental bukaeran ere ikusten da emakume hauek pasatu duten drama eta gero beraien bizitza berriro hartzen dutela. Nik uste dut hortik atera dugula lana.

Bidaia hori eszenikoki, argiztapenarekin eta landu duzue ezta?
M. P.: Dokumentalean eta nobelan ikusten dena da emakume hauek beraien bizi inguruneak ere nola asko mugatzen dituen, bai sozialki eta bai geografikoki. Horrek ze zailtasun eta ze lotura, zenbat oztopo jartzen dituen, baina gero gaineratzen zaie bizitako esperientzia latz hau. Pixkanaka ikusten da nola hasten diren irtenbidea edo argi puntua ikusten. Dokumentalean batek esaten duena da: “Nire helburua da bizitza lasaia egitea, lasaitasun horretan zabaltzea”. Eta uste dut argiak ere hori ematen duela, ikusmira zabaltze hori.

Myriam Perez
Myriam Perez. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Argiekin bezala jantziekin ere antzekoa irudikatu duzue, hala?
M. P.: Hori da. Pixkanaka nola joaten diren zama edo lotura edo esperientzia horiek askatzen, bueno beraienak dira baita ere, beraiek hortaz daude eginak, baina horren barruan joaten zara zurera gehiago iristen. Larru koloreko jantziak, oso xumeak... azkenean beraiek hori nahi dute.
I.E.: Hasierako lehengo kapa hori izan liteke pixka bat gogorragoa edo. Bai mugimendua, jantzia eta argia kontzentratuta bezala dago eta gero ikusten da nola zabaltzen den.

Dokumentaletik eta nobelatik jasotakoa nola landu duzue dantzan?
M. P.: Dokumentala ikusi eta argi genuen beraien ingurunea, non bizi ziren nolabait erakutsi beharra genuela, eta hori jantzien aldetik pixka bat bideratu genuen. Eta gero jaso genituen sentsazio eta emozioekin ideien edo kontzeptuen zerrenda egin genuen eta hortik abiatu ginen Jone eta ni bakoitza bakarka horren inguruan materiala ateratzen.

Emakumeak
Jone Amezaga eta Myriam Perez, Emakumeak, Node, Dferia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Beste emakume batzuen esperientzia irudikatu duzue, baina zuenetik ere jarriko zenuten zerbait ezta?
I.E.: Niretzako erronka handia izan da ze ez nago El Salvadorren eta ez naiz emakumea. Hor daude pi puntu oso fuerte niretzat ezezagunak direnak. Hortik abiatuta, errespetu osoz aritu naiz: Myriam eta Jonekin saiatzen pixka bat eurekin sentitzen, komunikazioa ahal den neurrian zabalik mantentzen. Nik zer nahiko nukeen egin pentsatzen, baina beti ikusten eta entzuten beraiek zer egiten duten. Esponja moduan egon naiz, sorkuntza aldetik oso polita izan da, baina gizon bezala erronka ederra.
M. P.: Eta gu antzera. Ze gu emakume gara, baina ez gaude Salvadorren. Esperientzia hori nahiz eta oso gogorra egin ez dakigu eta ez dugu inoiz jakingo hori bizitzea zer den. Pixka bat orokorrera eraman genuen. Egun, emakumeon erronka zein da?

Ion Estala
Ion Estala. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Emakume hauen haurdunaldiak abortuak eten dituen bezala zuen lana pandemiak eten du. Nola bizi duzue hau guztia?
M. P.: Egunez egun, eta orain esaten dugu lanean gaude eta ez da gutxi. Horrela mantentzen garen bitartean, ondo.
I.E.: Hasi behar ginenean lanean etorri zen hau dena, baina eduki genuen zortea egoera hobetu zen momentuan estudiora sartzeko aukera izan genuela. Beraz, poz-pozik.
M. P.: Azkenean gure euskarriak dira beste espazio publikoak. Orduan, behin Gipuzkoako Dantzagunea eta antzokiak irekitzen direnetik guk badaukagu non lan egin. Alde horretatik ondo. Ze oraintxe bertan egon gara Ipar Euskal Herriko jendearekin eta beraien egoera ikusten duzu eta bueno... ez gaude hain gaizki.

Emakumeak
Myriam Perez eta Jone Amezaga, Emakumeak, Node, Dferia, Donostia, 2021-03-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Ze punturaino da garrantzitsua dantzarientzat lanerako espazioa edukitzea?
I.E.: Dena.
M. P.: Bai, dena da. Ze gure lanean espazioa da abiapuntua, espazioa eta zuzeneko kontaktua. Hori gabe erdia edo gehiago galtzen da, ez esateagatik dena.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.