Dokumentuaren akzioak
Sormenari zorra kitatu nahian dator Loraldia
Elirale, Dantzerti, Haatik, Kukai, Aurora Teatro, Garazi Etxaburu eta Andoni Mutiloak ipiniko dute dantzan aurtengo Loraldia Jaialdia. Sormenari zor lemari helduta 19 egunetan zehar, hainbat diziplina artistikotako emanaldiak eta saioak izango dira Bilboko 13 gunetan. Jaialdiaren helburu nagusietakoa euskal sortzaile gazteak nabarmentzea, emakumeak oholtzara ekartzea, publiko berrietara heltzea edota memorian sakontzea dira.
Dantza garaikidea eta herri tradizioa
Dantzari dagokionez, ikuskizunak zein hausnarketarako espazioak irekiko dira aurtengoan. Dantza garaikidea eta herri tradizioa nahasten dituen haurrentzako O! izeneko lana aurkeztuko du Elirale konpainiak Pantxika Telleria koreografoaren bidez martxoaren 13an. Egun berean, Dantzertik antolatutako Arrakala Jardunaldien barruan onlineko mahai-ingurua egingo da. Sortzaile profesionalen jarduera ezagutzeko helburuarekin sortu dira jardunaldi horiek eta aurten tradizioa eta dantza aztertuko dute Pantxika Telleria, Aiert Beobide, Patxi Laborda eta Oier Araolazak Josu Garatek dinamizatuta.
Bertsoari mugimendua emango dio Haatik Dantza Konpainiak martxoaren 17an Errimak bi oinetan ikuskizunarekin. Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizuna. Ikuskizunaren aurretik Aiert Beobide zuzendariarekin solasaldia izango da: Nola ikusten dugu geure burua euskaldunok? hilaren 18an. Kukai Dantza Konpainiak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Bizimina film laburra emango da eta solasaldia egingo dute dugu Jon Mayak eta Ilaski Serranok.
Aura Teatroak Txak Txak ikuskizuna eskainiko du martxoaren 19an. Rafa Eizagirre, Iñaki Maruri, Bitxor Pastor eta Ander Sanchez izango dira klakea, txalaparta eta pianoa uztartzen. Konfinamenduari buruz egindako eskulturek bizitza hartuko dute dantzaren bitartez martxoaren 21ean Garazi Etxabururen dantza garaikidea eta Jose Pablo Arriagaren eszenografia artistikoaren bidez Oihalezko teilatuak lanarekin. Azkenik, Esnatu naiz izeneko kabareta eskainiko du Andoni Mutiloak. Lan horren bitartez, LGBTI+ kolektiboko kide askok bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egiteaz gain, kolektibo osoaren eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi du.
Dantza egitaraua
- Martxoak 13 Elirale Konpainia: O! 12:30ean eta 18:00etan. Non: Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbao
- Martxoak 13 Dantzerti - Arrakala jardunaldiak. Euskal dantza: tradizio garaikidea? Onlineko mahai-ingurua 15:30ean. Non: Online
- Martxoak 17 Haatik Dantza Konpainia: Errimak bi oinetan 18:30ean. Non: Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbao
- Martxoak 18 Kukai: Bizimina Zinema solasaldia 19:00etan. Non: Campos Antzokia Bilbo
- Martxoak 19 Aura Teatroa: Txak txak 19:00etan. Non: Sala BBK Bilbo
- Martxoak 21 Garazi Etxaburu, Jose Pablo Arriaga: Oihalezko teilatuak 11:30ean. Non: Euskal Museoa Bilbo
- Martxoak 27, 28 Andoni Mutiloa: Esnatu naiz 19:00etan. Non: La Fundicion
Talde eta ikuskizunak
Elirale Konpainia: O! Martxoak 13 12:30ean eta 18:00etan.
Eszena erdian dantzari bat. Dantzariak kantari ekingo dio. Gertu-gertu dantza garaikidea eta herri tradizioa. Hunkidura kuttunak. Irudika dezagun itsaso zabalean harri bat altxatzen. Handitasunean koskorra. Mitologiaren izadi bat, agian. Lurralde miresgarri honetan mugimenduak eta haren itzalak harritzen gaitu. Espazio honetan ikusle ttipiak eta handiak partaide dira. Iparraldetik datorkigu proposamen artistiko xarmangarria. Hiru urtetik gorako publikoarentzat, irakurketa sartze bikoitz batekin helduen publikoa integratzeko gisan.
Dantzerti - Arrakala jardunaldiak. Euskal dantza: tradizio garaikidea? Onlineko mahai-ingurua Martxoak 13 15:30ean.
Hizlariak: Pantxika Telleria, Oier Araolaza, Patxi Laborda, Aiert Beobide. Moderatzailea: Iosu Garate. Dantzertik antolatzen dituen Arrakalak Jardunaldiek onlineko mahai-inguru bat eskaintzen digute. Sortzaile profesionalen jarduera ezagutzeko xedearekin jardunaldi hauek hainbat artistaren iritziak entzuteko aukera eman ohi dute. Aurten tradizioa eta dantza aztertuko dute mahai-inguru baten bidez. Zer egiten du dantza “euskal”? Euskal dantza: tradizio garaikidea?
Haatik Dantza Konpainia: Errimak bi oinetan Martxoak 17 18:30ean
Dantza eta bertsoa gurutzatzen den lekuan hasi zen sormen honen bidaia. Bertsoari mugimendua emango diote eta gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko asmoarekin dator Haatik Konpainia. Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizun berritzailea da. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri du soinu bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa. Bertsoa entzun, dantza ikusi eta emanaldia biziko duzu.
Kukai: Bizimina Martxoak 18 19:00etan
Bizimina izeneko laburmetraiak zinema dokumentala dantzarekin hibridatzen du. Pieza independente batzuen bidez, kontakizun bat osatzen da, eta bertan topatzen dute elkar gaur egun hainbeste kostatzen zaizkigun emozioek: distantzia, besteen falta sumatzea, grina, komunitate-sentimendua, ezintasuna, isolamendua, nahasmena, itxaropena. Koreografiak hobeki sentiarazteko eta lagun egiteko balio duen kontakizun bat taxutzen du.
Aura Teatroa: Txak txak Martxoak 19 19:00etan
Klakea edo oholtza gainean zapatekin sortzen den erritmoa dugu ikuskizun harrigarri honen oinarria. Estatu Batuetako rhythm tap usadioa Euskal Herrira ekarriko dute txalapartarekin uztartuz. Honez gain, piano batek soinu banda jarriko dio ikuskariari. Errepertorioa oso anitza izango da: espatadantza jazz mundura eramanda, afrikar eta asiar erritmoak agertuko dira edota alakiketa bat umorez josiko dute. Musika eta dantza, biak batera ikuskizun bitxi, bakarra eta erakargarri batean.
Garazi Etxaburu, Jose Pablo Arriaga: Oihalezko teilatuak Martxoak 21 11:30ean
Konfinamenduari buruz egindako eskulturek, bizitza hartuko dute dantzaren bitartez. Alde batetik, Garazi Etxabururen dantza garaikidea, bestetik, Jose Pablo Arriagaren eszenografia artistikoa. Bi osagai hauekin ikuskizun honek begirada berri bat ekarriko du gaurko garaietan. Pablo Arriagaren argazkietan oihalen azpiko bizitza islatzen da: mina, hotza, jolasa, poza… konfinamenduan sortutako emozioak, hain zuzen. Toldo zuria memoriadun azal fin eta hauskor bat balitz bezalakoa da. Garazi Etxaburuk, berriz, dantzaren bidez sentimendu horiek hurreratzen saiatuko da.
Andoni Mutiloa: Esnatu naiz Martxoak 27-28 19:00etan
Kabaret honen bitartez, LGBTI+ kolektiboko kide askok bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egiteaz gain, kolektibo osoaren eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dugu. Ikuskizun honetako protagonista Elur da, trans kolektiboko artista. Londresen bizi da. The Pink Flamingo klubean bere showa izatea lortu du. Jende ugari joaten da show hori ikustera. Pozik eta harro dago bere ibilbidearekin. Baina oraindik sendatu gabeko zauriak ditu eta kabaret honetan artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ezagutzea lortuko dugu: Pello. Euskalduna, baserritarra, 10 urte lehenago Euskal Herritik alde egitea erabaki zuen, bertan ezinezkoa zitzaiolako lasai bizitzea. Londresen bere ametsa egia bihurtu du. Ospea eta arrakasta. Zer gertatuko litzateke bere jaioterrira itzuliko balitz? Lagunek eta familiako kideek onartuko lukete den moduan? Pellok argi du: oraindik, gaur egun, ez da posible.
Informazioa: Loraldia 2021
Dokumentuaren akzioak