Dokumentuaren akzioak
50 urte betetzen dira aurten Lantzeko inauteria berreskuratu zela
Lantz, 1964. Diario de Navarra-ren artxiboko irudia. Ozkoidi eta Irujo-ren "Carnavales de Lantz-Ituren-Zubietako inauteriak" liburutik.
Tradizioen iraute, eten, berregite eta bilakaeraz asko erakusten digu Lantzeko inauteriaren XX. mendeko historiak. Zineari esker berpiztutako inauteria da, dokumentala grabatzera joan zirenean ahaztua baitzegoen gazteen artean. Gerra Zibilaren dolu eta gazte faltaren ondorioz, bertan behera geratu ziren inauteriak. Ez zegoek umorerik mozorrotarako. 1938an debekua etorri zen, eta horrekin guztiarekin lozorroan geratu ziren inauteri gehienak, baita Lantzekoak ere. Karlos Irujo eta Mikel Ozkoidik Lantz eta Ituren-Zubietako inauteriei buruz idatzitako liburuan azaltzen dutenez, 1944an Jose Maria Iribarrenek ikerketa lana egin zuen, eta baimen berezia eskuratu zuen Lantzen bertan inauteria berregiteko. Baina egun bakarreko lorea izan zen, eta beste hogei urte pasa ziren Caro Baroja anaiek antzeko lana egitera Lantzera hurbildu ziren arte.
1960ko hamarkadan, Pio Caro Barojak zenbait errito eta folklore festaren filmazioak egin nahi zituen eta gobernariaren baimen eskuratu zuen Lantzeko inauteria berriz ospatzeko, hartara berak filmatu zezan. Herrira iristean ordea ohartu ziren gazteek ez zutela beren herriko inauteria ezagutzen, eta Julio Caro Barojak eskainitako datuak eta ostatuan zeuden adinekoen argibideak jaso zituzten gazteek inauteria berriz antolatzeko.
Filmea helburu zuen Pio Caro Barojak, eta ikusentzunezko lengoaiari begira egoki zen airea eman zion inauteriari. Gutxi esperoko zuten orduan 50 urtez hain osasuntsu eta arrakastatsu iraungo zuenik inauteriak. Lantzeko Udalak Pio Caro Barojari esker ona agertu eta omenaldia egin nahi dio. 86 urte ditu eta osasunez justu xamar dabil, baina astelehenean Lantzen izango dela iragarri du.
Lantzeko inauteriak 2014 egitaraua
Martxoak 2, igandea. Txikien Inauteria
13:30 Kalejira
19:00 Kalejira, Miel Otxin-en hilketa eta sutan erretzea.
Martxoak 3, astelehena
10:00 Hamarretakoa ostatuan
13:00 Zortzikoa ostatuaren pasilloan
14:00 Kalejira eta zortzikoa pilotalekuan.
Martxoak 4, asteartea
10:00 Hamarretakoa ostatuan
13:00 Zortzikoa ostatuaren pasilloan
14:00 Kalejira eta zortzikoa pilotalekuan.
15:00 Bazkaria ostatuan
18:00 Zortzikoa ostatuaren pasilloan
20:00 Kalejira, MIel Otxinen hilketa eta sutan erretzea pilotalekuan.
Dokumentuaren akzioak