Dokumentuaren akzioak
Abaituaren kameratik dantza taldeetako jostunen orratzetara
Kameratik orratzera erakusketa, Ondare Aretoa, Bilbo, 2024-12-03. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Eulalia Abaituaren argazki-bilduma erreferentziatzat hartu eta hainbat jantzi josi dituzte Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo) dantza taldeetako jostunek. Horrela, “Kameratik orratzera” erakusketa osatu dute, XIX-XX. mendeetako Bizkaiko landa- eta hiri-eremuetako emakumeen janzkeraren ezaugarriak erakustea helburu duena.
Dantza taldeek joskintzari lotutako herri kulturaren transmisioan duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan da eta garaiko jantzien ikerketa eta erabilera bultzatu.
Argazkiak eta jantziak
Martxotik azaro hasierara Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan egon da ikusgai erakusketa eta orain Bilboko Ondare Aretoan dago. Formatu handiko 24 argazki-erreprodukzio erakusten dira eta argazki horietatik ateratako ezaugarriak kontuan hartuta egin diren garai bateko arropa-piezak ere bai: buruko apaingarriak, xalak, barruko arropa, alkandorak, jakak, amantalak... Erakusketaren barruan irudiak, objektuak eta ikus-entzunezko bat ere badago. Azken horretan jostunek, patroi-egileek eta tindatzaileek egindako lana azaltzen dute.
Soinekoak egiteko patroiak ere publikoaren eskura ipini dituzte. Horrela, bi liburutan bildu dituzte detaileak eta patroiak; aretoan bertan salgai daude 5 euroren truke.
Eulalia Abaituaren argazkiek baserritar jantziaren eraldaketan lagundu zuten. 1992an Ikerfolkeko Atondu ekimenak Abaituaren argazkietan oinarritutako ereduak hainbat emakumeren gorputzetan kaleratu zituzten. XIX. mendeko janzkera berreskuratu eta janzteko gakoak proposatu zituzten. Erakusketa honek ere bide hartatik jarraitu nahi du, ereduak erakutsi eta jantziak egiteko laguntza eskainita.
Bisitak
Erakusketa La Encartada Fabrika-Museoan hasi zen martxoaren 5ean eta bertan egon da azaroaren 3ra arte. Orain, azaroaren 20tik apirilaren 26ra bitarteko Bilboko Ondare Aretoan dago (María Díaz de Haro, 11). Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era.
Erakusketa honen komisario diren Nekane Madariagak eta Aloña Intxaurrandietak bisita gidatuak eskainiko dituzte: 2024ko azaroaren 26an, eta 2025eko urtarrilaren 14an, otsailaren 11n, martxoaren 11n eta apirilaren 15ean, 18:00etan hasita.
Dokumentuaren akzioak