Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hazparneko eta Ziburuko kaskarotak

Dokumentuaren akzioak

Hazparneko eta Ziburuko kaskarotak

2016/05/03 09:05
Hazparneko eta Ziburuko kaskarotak

Hazparneko Kaskarotak Donibane Lohizunen, 1947.

Soka erakusketaren azken egunak dira aste honetakoak Hazparnen, eta pentsatu dugu Hazparneko kaskaroten inguruko zenbait kontu polit aipatzeko une egokia izan daitekeela. Batetik, oharkabean pasa zitzaigun aurkikuntza bat. Xabier Itzainak abisatu zigun, orain aste batzuk dantzan.eus-en argitaratu genuen 1947ko bideo batean, Hazparneko kaskarotak ageri direla.

Donibane Lohizunen, 1947an ospatutako euskal ezteien erakustaldi baten irudiak Daniel Arbisaren bidez ezagutu digutu. Itzainak esan digunez, "desfile hondarrean agertzen diren kaxkarotak Hazparnekoak dira. Hazparneko laguner erakutsi dut, eta zaharrek baieztatu dute. Gerla biharamunean, 1946an berriz apailatu zuten talde bat, eta horiek dira hemen agertzen, eta kaxkarot martxa polliki emaiten. Biba zuek bilketa lan horrentzat".

Xabier Itzainaren esanetan, Hazparneko kaskarot talde horrekin 1960ko hamarkadaraino iraun zuen, eta ondoren etena izan zen, 1979an, Elgar Oinka taldea hasi zen arte. Battite Partarrieu aurreko taldeko kaskarot dantzariak erakutsi zien Elgar Oinkakoei eta marmutx, makil ttipi edo kaxakarot martxa berezi bat erakutsi zizkien, Hazparneko moldean emanak. 

Pierre Carrau, Hazparneko azken kaskarota

Hain zuzen ere, Xabier Itzainak berak eta Radio Kulturako Pantxix Bidarte Hazparneko kaskarota, Pierre Carrau elkarrizketatu dute orain gutxi. 1946 urtean, II. Mundu Gerla bukatu berritan, Hazparneko gazte talde batek inauteri ohiturak berreskuratzea erabaki zuen. Haien artean zen Pierre Carrau, eta 70 urte beranduago gogoratu ditu orduko kontuak. Hemen duzue programa osoa (19 minutu) entzuteko aukera. Harrigarria da zein argi eta zehatz oroitzen dituen 70 urte lehenagoko dantza eta inauteri kontuak. 

Kaskaroten jatorriaz

Hazparnekoez gaindi, Lapurdiko kaskaroten jatorriaren inguruko zenbait lan argitaratu dira azken aldian. Jacques Sales-ek Ziburuko Kaskaroten inguruko ikerketa lana argitaratu du: "Étude sur les cascarots de Ciboure, L'origine, l'exode de leurs ancêtres, l'implantation, l'intégration, du XVIe au XVIIIe siécle". Eta azken asteotan, kaskaroten historia eta jatorriari buruzko bi artikulu idatzi ditu Joseba Aurkenerenak Naiz-en. Lehenean, Kaskarotak Lapurdiko gizartean eta folklorean, hauen izarera, jatorri, asentamendu, lan, bizimodu, folklore eta kaskarot hitzaren etimologiaren ingurura hurbilketa egiten du Aurkenerenak. Bigarrenean, Kaskarotei buruzko bi ekarpen berri, Jacques Sales-en eta Beatriz Ibarraren ekarpenen berri eman du.

Kaskarotak arrain saltzaileak marrazkia

Lehen artikuluan, Lapurdiko kostaldeko kaskaroten jatorriaz dauden hipotesien berri eman du Aurkenerenak. Zenbaiten iritziz "Portugal eta Espainiatik igorritako jendeak ziren", tartean moriskoak, buhameak eta agotak izan zitezkeen.

Uztaritze kaskarotak 1913
Uztaritzeko kaskarotak, 1914 aurretik.
 Donibane Lohizune eta Ziburu inguruetan ezarrita, arrantzaren inguruko jardueretan aritu ziren: gizonezkoak arrantzale eta emakumeak arrain-saltzaile. Lapurdiko barnekaldean, inauterietan, batetik bestera dantzan aritu izan diren dantzari taldeak izan dira kaskarotak. 

 

Kaskaroten etimologiaz

Kaskarot hitzaren jatorria argitu nahirik proposamen ugari izan da eta horien bilketa egin du Joseba Kaskarotak arrain saltzaileak marrazkia bertAurkenerenak:

  • Agotarekin lotzen duen kaskarota, agotaren eratorpena alegia.
  • "kasta arrotza" > kaskarota (Jacques Ospital)
  • Kaskar + ot (itxura kaskarrekoak + txikiak)
  • "kaska arotzak" (arotz trebeak) > kaskarotak
  • kalakari edo berritsuak (Kaskoinez)
  • kakasbil-dunak, zintzarri-dunak (Thierry Truffaut)

 

Mairuak? Irlandarrak?

Jaques Sales-ek, bere liburuan etimologiaz egindako ekarpena laburbildu du Aurkenerenak. Honela dio: "egileak kaskarot hitzaren balizko erranahia aztertu du hainbat hizkuntzatan: euskaran, gaskoieran, frantsesean, nafar erromantze zaharrean, gaztelania zaharrean… eta bere ustez, guzti-guztietan gauza kaskarra edo baztergarria erran nahi omen du. Horrela deitzen omen zitzaien gizartetik bazter bizi ziren gainerako giza talde guztiei, agotei, heretikoei, buhameei, zein moriskoei. Arrotz edo kanpotar erranahia ere, hartzen omen zuen." Zehazki, 1610ean Espainiatik kanporatu ziren moriskoak lirateke Sales-en iritziz kaskaroten jatorria. 3000 inguru omen ziren Ziburun ezarritako moriskoak, eta kaskarot deitu omen zitzaien, baina baita agota eta buhame ere.

Arrain saltzaileak kaskarotak

Azkenik, Beatriz Ibarrak gutunez adierazita dionaren berri eman du Joseba Aurkenerenak, eta horren arabera, "kaskarot hitza kaskar (buru-hezur) hitzetik dator eta kaskamotz eta belarrimotz hitzen sinonimoa litzateke. Kanpotik etorriak, kanpotarrak, arrotzak…  erran nahiko luke." Ibarraren ustez, kaskarotak "irlandarrak izan zitezkeen.". Hona bere azalpena: "Kaskaroten dantzetan entzuten diren hainbat doinu irlandar jatorrizkoak omen dira. XVI. mendean ingelesek Irlanda konkistatu zuten eta katolizismoa jazarri. Horren eraginez, irlandar ainitzek alde egin behar izan zuten Europako beste lurretarat. Ainitz Galiziara joan baziren ere, multzo handi batzuk Lapurdira etorri zitzaizkigun, zehazkiago, Ziburu eta Donibane Lohizunera".

Soka erakusketa Hazparnen

Maiatzaren 7 arte ikusgai da Soka erakusketa Hazparnen, Mediatekan. Euskal dantzaren inguruko begirada zabal eta anitza eskaintzen du erakusketak, eta ezkutuan ziren euskal dantzaren inguruko hainbat testigantza eta dokumentu jakingarri ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Dokumentuaren akzioak

2016/05/03 12:23
Bitxia da, Ingalaterran morris dantzariak (literalki, mairuak edo moriskoak) hedapen eta historia zabala baitute, eta Lapurdiko barnekaldeko kaskaroten tankera berak: 6-8 dantzari, xingola koloretsuz apainduak, txintxarriak soinean, makila-dantzak egiten dituzte... Ibarrak lotura horri tira egiten dio, baina dantza, musika eta janzkera eredu hori Europako beste hainbat tokitan ere aurki daiteke, beraz, bide bakarreko azalpenak sinpleegiak gertatzen dira.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.