Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Thierry Truffaut: "Liburu hau Euskal Herriko neguko eta inauterietako tradizio eta praktikak hobeto ulertzen laguntzeko sortu da"

Dokumentuaren akzioak

Thierry Truffaut: "Liburu hau Euskal Herriko neguko eta inauterietako tradizio eta praktikak hobeto ulertzen laguntzeko sortu da"

2026/01/09 10:00
Thierry Truffaut: "Liburu hau Euskal Herriko neguko eta inauterietako tradizio eta praktikak hobeto ulertzen laguntzeko sortu da"

Thierry Truffaut eta Patxi Beltzaiz.

Inauterien gakoak eta kodeak ulertzeko gonbidapena egiten du Thierry Truffaut-ek (Baiona, 1957) 50 urtetik gorako ikerketa antropologiko, etnologiko eta folklorikoaren emaitza den IIhauteri: Ilunpetik argira liburuan. Patxi Beltzaiz argazkilariarekin batera osatu du liburua eta Donostiako San Telmo Museoan aurkeztuko du urtarrilaren 13an, Putz egitea ez da jolastea izenburua duen hitzaldiarekin

Ilunpetik argira izenburuak trantsizio bat iradokitzen du. Zergatik aukeratu zenuen izenburu hori?
Bai, uste dut landa-jatorriko tradizio asko egutegi zaharretan errotuta daudela; egutegi horiek urtea sei hilabeteko bi urtarotan banatzen zuten. Zeltek sasoi iluna eta sasoi argia zituzten. Gauza bera gertatzen zen euskaldunen artean negua eta udarekin.

Euskal Herrian, urriaren amaieratik Izotz Santuen garaira arte (maiatzaren hasierara arte), berrasmatutako kosmos baten liburu handia irekitzen da urtero. Garai batean, egunak laburtzen zirenean, natura lokartzen zenean eta hotza nagusitzen zenean, gure arbasoek, beldurrak jota, urte berriaren eta udaberriaren etorrera desiratzen zuten. Europa zahar osoan, baita Euskal Herrian ere, urteko mugarri diren garai horiek ziurgabetasunezko uneak dira; bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka sinbolikoak jokatzen dira, eta borroka horien agertoki izan dira landa-eremuetako maskaradak eta gure inauteri tradizioak mendeetan zehar.

Negu gorriaren erdian, oraindik ere, garai bateko erritu zahar ugarik markatzen dute zazpi lurraldeetako herrietako bizi-erritmoa. Ilargi beteko gauetatik hasita, beste garai batzuetako segizio eta irudikapenek hartzen dituzte bideak; badirudi dena dela zilegi negua uxatu eta udaberriari bide emateko, bizitza heriotzari gailendu zaiola berresteko. Trantsizio soil bat baino gehiago, aldaketa erradikal bat ikusten dut hor, inflexio puntu bat natura esnatzeko esperantzaren etorrerarekin eta komunitate bakoitzaren hazkundearekin.

Oraintxe bertan zuk diozun garai horretan sartzera goazela esan dezakegu, ezta?
Gaur egun Inauteri deitzen diren tradizioen hasiera zehaztea oso zaila da; ezin dira Eliza katolikoak ezarritako egutegira soilik mugatu, jatorriak askoz zaharragoak baitira. Ziurra dena da neguko solstizioa igaro ondoren beste garai bat irekitzen dela. Ez dezagun ahaztu urteko lehen egunaren data ofiziala ere asko aldatu dela historian zehar, eta horrek are gehiago zailtzen dituela gauzak.

Zer jaso nahi izan duzu liburu honetan, eta zein helbururekin?
Liburu hau Euskal Herriko neguko eta inauterietako tradizio eta praktikak hobeto ulertzen laguntzeko sortu da, eta zeharka, Europako beste eskualde batzuetakoak ere bai. Antropologia, Etnologia eta Folklorearen arloko lagun eta maisuekin egindako 50 urtetik gorako ikasketa eta lanen emaitza sintetikoa da, bereziki euskal, gaskoi eta piriniotar eremuetan (liburuan aipatzen ditut).

Dibulgaziotik harago, liburu honek helburu guztiz iniziatikoa ere badu. Irakurlea aurkikuntza edo berraurkikuntza batera gonbidatzen du, transmisioa helburu nagusitzat hartuta.

Harrokeria litzateke gai erraldoi honen ikuspegi osoa eman daitekeela esatea. Hala ere, ibilbide honen amaieran, ondare kultural immaterial hau hobeto ulertzen eta errespetatzen lagundu nahi dugu, baita ondare hori bizirik mantentzeko eta etengabe garatzen jarraitzeko gogoa piztu ere.

Ikusi dugu argazkiek pisu handia dutela lanean.
Liburua nire lagun Patxi Beltzaiz argazkilariarekin batera sinatu dut. Atalak elkar osatzeko pentsatuta daude, irakurketa arintzeko. Argazkiek, testuak eta oharrek osatutako ikuspegi orokorrak irakurketan zehar sortzen diren galdera askori ahalik eta modu osoenean erantzuten saiatzen da.

Testu labur eta argazki iradokitzaileen arteko elkarrizketa du oinarri. 10.000 argazki baino gehiagoren artean aukeratu ditugu, egungo errealitatea ahalik eta modu autentikoenean islatzen saiatzeko.

Thierry Truffaut Koko-dantzak
Thierry Truffaut Koko-dantzetan, Eibar, 2024-02-03. Argazkia: Fernando Retolaza

Askotan Euskal Herriko inauteriak denak zaku berean sartzen dira, baina errealitatea askoz ere konplexuagoa da ezta?
Gonbidapen bat da, zazpi lurraldeetako maskaraden eta inauterien atzean dagoen ulertzeko gonbidapena, “nola” eta “zergatik”aren kodeak bizipenen bidez ezagutzeko gonbita; izan ere, Europako mundu zaharreko nahasketa askotan dute jatorria, eta horien artean euskal kultura da, zalantzarik gabe, osagai zaharrenetako bat.

Eta ze antzekotasun eta zer berezitasun ikusten dituzu Euskal Herriko inauterien eta Europako beste batzuen artean?
Lan honetatik abiatuta, posible da ulertzea gai handiak, eta kultura bakoitzak mendeetan zehar nola moldatu eta aberastu dituen ikustea, gogoraraziz tradizioak eta asmakuntzak beti eskutik doazela.

Zer ekarpen egiten diote inauteriek komunitateari?
Azken berrogeita hamar urteotan, gutxi gorabehera, neguko eta inauterietako tradizioen berpizkunde gero eta esanguratsuagoa tokiko nortasunaren ezaugarri bihurtu da berriro. Emakume gazteek funtsezko zeregina izan dute berpizte horretan, eta herritar guztiak batzen diren tradizio bihurtu dituzte. Motibazio nagusietako bat euskal kultura etxean esperimentatzea da, turistak eskas diren urte sasoian! Horrek aukera ematen dio jendeari bere herria eta biztanleak ezagutzeko, eta belaunaldiak konektatzeko.

Liburuaren izenburura itzuli nahiko genuke: Ilunpetik argira: Ihauteri. Gogora dezagun urte hasieran ohikoa den neguko ohitura hori, iraganeko akatsetan berriro ez erortzeko asmoz erabaki onak hartzekoa… Etorkizun hobe baterako igarobidea adierazten duten tradizio horiek etengabe aldatzen dira forman, baina ez oinarrian; eta urtean behin, behintzat, aukera ematen digute barrutik jakiteko nor garen, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun, beti ere komunitatea eraikitzeko beharrezkoa den alteritatea edo "bestea" ahaztu gabe.

Horrek komunitatea eraikitzen eta etorkizuneko Euskal Herriari forma ematen laguntzen du. Garrantzitsua da Euskal Herriko dimentsio politikoa kontuan hartzea, urte-sasoi honetan adierazteko aukera pribilegiatua bilatzen du, eta hori da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko praktika garaikideak definitzen dituen ezaugarrietako bat.

 IIhauteri: Ilunpetik argira

Hitzaldia: Ihauteri. Ilunpetik argira: Putz egitea ez da jolastea

  • Hitzaldia: Ihauteri. Ilunpetik argira

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.