Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mikel Sarriegi, Egunean Behinen txapelduna: "Nire lehen arrakasta Dantzan-i zor diot"

Dokumentuaren akzioak

Mikel Sarriegi, Egunean Behinen txapelduna: "Nire lehen arrakasta Dantzan-i zor diot"

2021/02/17 09:25
Mikel Sarriegi, Egunean Behinen txapelduna: "Nire lehen arrakasta Dantzan-i zor diot"

Mikel Sarriegi, 2019. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Egunean Behin jokoan Mikel Sarriegik 2021-02-14an egindako jokaldia: 6x10/10 eta 1x9/10 guztira 613,34 puntu eskuratuz.

Dantzari bat izan da Egunean Behin jokoaren azken asteko garailea, Mikel Sarriegi, Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kide ezaguna, hain zuzen ere. 613 puntu lortu ditu azken astean (2021-02-08/14), marka izugarria, 6 egunetan 10/10 eta batean 9/10 lortu baitu. Seigarren denboraldi honetan lidertzan kokatu da Sarriegi, parte hartzen ari diren 68.000 jokalarien artean lehen postuan, aurreko astean ere emaitza bikaina, 577 puntukoa eskuratu baitzuen. Eta hala ere ez dira horiek bere marka onenak. 2020ko abenduaren 14-20ko asteko garailea izan zen, 7 egunetan 10/10 jokaldi perfektuak eginez eta guztira 617,31ko puntuazio harrigarria lortuz.

Zorionak Mikel, harrituta gaude zure puntuazioekin. Nola egiten duzu?

Kar kar, galdera hau Egunean Behin-ekoak baina zailagoa da gero e! Gai gehienetan ezagutza txukun bat edukitzea derrigorrezkoa da hasteko, eta neuk dagoeneko baditut urte batzuk pilatuta. Eta hortik aurrera nik uste dut planeta asko lerrokatu behar direla: galdera sortarekin zortea behar da lehendabizi, zenbaitetan ezinezkoa baita ongi aritzea; eguneratuta egon behar duzu albisteekin; praktika pixka bat eta tenplea ere beharrezkoak dira ongi eta bizkor erantzuten asmatzeko; eskarmentuak asko laguntzen du… eta seme trebe bat eduki behar da ondoan, askotan laguntzen baitit nire gabeziak betetzen.

Noiztik ari zara jokatzen?

Jokoa hasi zenetik. Aurretik, nire seme-alabekin batera Q12 espainiar jokoan aritzen ginen, eta Egunean Behin agertu zenean, berehala aldatu ginen.

Beti izan dituzu emaitza onak ala ikasten joan zara?

Hasieran estratosferikoak iruditzen zitzaizkidan irabazleek eskuratzen zituzten emaitzak, tranparen bat egiten zutela pentsatzen nuen, kar kar, gero jabetu naiz, Egunean Behin jokoan Mikel Sarriegik 2020-12-20an egindako jokaldia: 7x10/10, guztira 617,31 puntu eskuratuz. praktikarekin eta zorte pixka batekin, lortu daitekeela. Iazko konfinamendu garaian familia osoak egiten genuen eta sekulako eskarmentua hartu genuen. Nire lehen arrakasta Dantzan-i zor diot, zuek babestu zenuten astean top 20ean sartu bainintzen, dantzari buruzko galderei esker, eta hortik aurrera konturatu nintzen posiblea zela ondo aritzea.

Ze galdera mota gertatzen zaizkizu zailenak? Eta errazenak?

Zailenak argazki batere erreferentzia gabeak dira, zeru urdin bat eta itsasoko ura mundu guztian baitira berberak... Errazenak niretzako botanikakoak dira, eta dantzari buruzkoak! matematika-kalkuluetan ere ongi moldatzen naiz, eskolan gure garaian asko praktikatu arazten ziguten.

Dantzan-en dantzari bezala ezagutzen zaitugu, baina zuk beste ogibide bat duzu, zer ikasita duzu eta zertan aritzen zara lanean?

Ikasketaz mendi-ingeniaria naiz, eta ogibidez ingurumen gaietan aritzen naiz, inguru naturalaren kudeaketa, eremu berdeak, arbolagintza, ibaien zaintza, etab. Horri esker Euskal Herriko txoko asko ongi ezagutzeko aukera izan dut orain arte, proiektuak nonahi lantzea suertatzen zait eta.

Zure ikasketa, ogibide eta afizioek laguntzen al dizute jokoan?

Gure karrerako ikasgai-zerrenda nahiko zabala eta askotarikoa zenez, denetik dakigu zertxobait eta gutxi bakoitzetik, baina itxura batean nahikoa da Egunean Behineko galdera tekniko-zientifikoetarako. Bestalde, lanbideari esker geografia gaietan badut ezagutzarik, mapa eta plano artean aritzen naiz, eta azkenik, egia da afizioek ere (literatura, dantza, …) osatzen dutela gainontzekoaren proportzio handi bat.

 

Egunean Behin CodeSyntax enpresak sortutako jokoa da, mugikorretan instalatzen den aplikazio baten bidez jokatzen da. Egunero minutu baten bueltako tartean hamar galdera erantzun behar dira, geografia, natura, kirola, kultura edo zientzien ingurukoak. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.