Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzerti: lehen promozioa kalean, izen-emateak irekita

Dokumentuaren akzioak

Dantzerti: lehen promozioa kalean, izen-emateak irekita

2019/07/23 10:15
Dantzerti: lehen promozioa kalean, izen-emateak irekita

Dantzerti, graduazio ekitaldia. Argazkia: Dantzerti

Dantzertiko lehen promozioaren graduazio ekitaldia izan da Bilboko Juan Krisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan uztailaren 12an. Esker oneko hitzak nagusi izan zituen hitzorduak gonbidatu berezia izan zuen lehen aukera honetan: Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzaile eta adituak eman zuen ekitaldiari zegokion ohorezko hitzaldia.

Argi-ilunak lau urteko ibilbidean

2015ean Dantzertik ateak ireki zituenetik euskal arte eszenikoen sektoreak luzaz aldarrikatu zuen eskola errealitate bihurtu zen. Arte eszenikoen aldeko plataformak hamar urtez egindako lanak bere helburuak lortu zituen, baina epe horretan lankidetza estua izan ondoren, eskola ireki aurreko azken urtean Hezkuntza sailak harreman guztiak eten zituen sektorearen ordezkaritzarekin. Argi-ilunen dinamika hori nagusitu da Dantzertiren lehen belaunaldiak ezagutu dituen lau urteko zikloan. 

Dantzertik bete du bere egitekoa eta dagoeneko kalean dira dantzan eta arte dramatikoan goi mailako ikasketen agiria eskuratu duten lehen ikasleak. Graduazioa ekitaldirako, zuzendaritza talde, irakasle, ikasle eta horien lagun eta familiartekoekin osatutako ordezkaritza "teatritoa" deitzen duten kontserbatorioko bigarren pisuko gelan batu dira. Igor Razkin zuzendariak ireki du ekitaldia ikasleen lana goraipatuz eta bereziki, sortzen ari den eskola baten lehen urrats zail eta konplexuak aurrera emateko erakutsitako borondatea eta laguntza eskertu dizkie. Razkinek Urbeltzi eman dio hitza, eta folklorista ezagunak azken mende erdian euskal dantzen ikerketan, berreskuratzean eta sorkuntzan egin den bidea errepasatu du.
Dantzerti graduazioa
Dantzerti, graduazio ekitaldian Juan Antonio Urbeltz hitzaldia ematen. Argazkia: Dantzerti

Lan mundura begira

Segidan eta amaitzeko benetako protagonisten txanda iritsi da. Graduatu berriek biziki hunkituta, batzuek malkoei eutsi ezinda ere bai, bidelagun izan dituztenak ekarri dituzte gogora eta irakasleen gertutasuna eta batez ere bikote zein gurasoen laguntza eskertu nahi izan dituzte erronka hari lau urtez eutsi ahal izateko emandako sostenguarengatik. Dantzertiko eskolako atea ixten duten eta zalantzaz beteriko lan munduarena irekitzen zaien une delikatu honetan, etxean profesionalki aritzeko dituzten zailtasunen gainetik, dantzak eta antzerkiak gure gizartean betetzen duten ezinbesteko funtzioa balioan jartzeko eta aldarrikatzeko hitzak ez dira falta izan, nori zuzendu aurkitu ez duten hitzak. Amaitzeko familia argazkia egin duten han batutakoek data seinalatu haren testigu gera zedin.

Dantzerti graduazioa
Dantzerti, graduazio ekitaldia. Argazkia: Dantzerti

Gora-beheraz betetako lau urte

Eskolaren sorreran Eusko Jaurlaritzak proiektua bultzatu zuen dantza eta antzerkiaren sektorearekin harremanak behin enteda, lau urteko ibilbidean ―sortzen ari den eskola baten lehen promozioa konplikatua bada izandako hamaika gora-behera eta oztopo gehitu behar dira. Egoitza propiorik gabe, Juan Krisostomo Arriaga kontserbatorioaren geletan abiatu zen Dantzerti, baina musikarako pentsatutako azpiegiturak dantza eta antzerkirako desegokiak gertatzeaz gainera, berehala txiki geratu zen egoitza hori, eta lau urteko zikloa osatu orduko hiru eraikin desberdinetan barreiatuta, eskola batetik bestera metroa hartuz bukatu dute ikasleek ibilbidea. Konturik kezkagarriena, ordea, ez dirudi egoitzarena, eta ez bakarrik dagoeneko iragarri delako EITBren Bilboko egoitzaren azpian emango zaiola kabida Dantzertiri.

Kezka handiena ikasle kopuru urriak eragiten du; eskaintzen diren plazen erdiak ere ez dira betetzen. Proiektu bat sendotzeko beharrezkoa den zuzendaritzaren egonkortasunik ere ez du ezagutu Dantzertik, lau urteotan hiru zuzendari izan ondoren. Eskola martxan jarri zenean jaurtitako kritika gogorrak berretsi ditu lehen ibilbideak, alegia, euskal dantzako ikasketarik egiteko aukerarik ez duela eskaintzen Bilbon ezarritako goi mailako eskolak. Lau urte korapilatsu eta gatazkatsu horien erakusgarri izan daiteke graduazioa bera. Izan ere, halako hitzordu seinalatuan espero zitekeen ordezkaritza politikorik gabeko ekitaldi xumea eta intimoa izan baita.

Batzuek joan eta besteak etorri: iraileko sarbide frogetarako izen-emateko epea zabalik

Eta bukatzeko hasi egin behar denez lehenengo, graduatu berriek bukatu duten bideari ekin nahi liokeenarentzat iraileko sarbide probetara aurkezteko deialdia egin du Dantzertik, Euskadiko Dantza eta Arte Dramatiko Goi mailako Eskolak. Datorren ikasturtean dantzako goi mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleentzako iraileko hauta probetako izen ematea zabalik da uztailaren 15etik uztailaren 30era bitartean eta irailaren 2an eta 3an. Ikaslegaiek izena Dantzerti Eskolako Idazkaritzan eman beharko dute 09:00etatik 13:00etara.

Uztaileko frogen ondoren, irailaren 10etik 13ra bitartean egingo dira 2019/2020 ikasturterako froga berriak, deialdi horretan 25 plaza eskaintzen dira Dantzako espezialitatean.

Frogak bi zati izango ditu: teorikoa eta praktikoa. Ariketa teorikoan epaimahaiak proposaturiko dantzaren inguruko testu bat aztertu beharko dute ikaslegaiek. Praktikoan, Dantza Klasikoko eta Dantza Garaikideko eskola bana jasoko dituzte. Ondoren, hautagaiek bariazio bat egingo dute, haien gaitasun artistikoa neurtzeko. Eta azkenik, hiru minutuko inprobisazio-proba bat eskaini beharko dute.

Informazio gehiago: Dantzerti

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.