Dokumentuaren akzioak
Claude Iruretagoienak euskal dantzen eta jantzien inguruan eginiko lana saritu du Eusko Ikaskuntzak
Claude Iruretagoiena Baiona Hiria saria jasotzen, Baiona, 2021-11-26. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA
Eusko Ikaskuntza - Baionako Hiria saria jaso du Claude Iruretagoienak. Hamarkadatan euskal dantzen errepertorioa aberasten eta euskal jantzien inguruan eginiko ikerketan eginiko lana aitortu dio Eusko Ikaskuntzak. Azaroaren 26an izan da sari emate ekitaldia Baionako Herriko Etxeko saloian. Ekitaldian izan dira Jean-Rene Etxegarai, Baionako alkatea eta Euskal Hirigune Elkargoaren Lehendakaria, Eguzki Urteaga, Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakaria, Anne-Marie Galé, Baionako Euskal Museoko komunikazio arduraduna eta Yves Ugalde, Baionako Herriko Kultura, Animazio eta Senidetza hautetsia.
Ekitaldian hiru sari banatu dituzte. Claude Iruretagoienari Jean-Mixel Larrasket ohorezko saria eman diote, Eneritz Zabalari Euskal Kultura saria eta Beñat Iturriozi bideo-dokumental saria Sans Nom Sarea lanarengatik. Sari emate eta protagonisten hitzartzeez gain Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzariek eta musikariek sanferminetako trokeo-dantzetako zenbait pieza eskaini dituzte.
Dantzari, maisu, sortzaile eta jantzigilea
Sei bat urterekin hasi zen zen dantzan Claude Iruretagoiena (Baiona, 1960), Batz Alai taldean hain zuzen ere; Koldo zabala izan zuen lehen dantza-maisua. Gero, Jean Nespriasek zuzentzen zuen Orai Bat taldean aritu zen, eta, aurrerago, baita Aurrera dantza taldean ere. 1970eko hamarkadan Begiraldeak taldera elkartu zen, eta, han, Betti Bettelu izan zuen maisu. Thierry Truffaut ere irakasle izan zuen, baina hura arlo teorikoagoan. Bide horri jarraiki dantzen eta jantzien inguruko ikerketa izan da bere lan lerroetako bat. Beskoitzeko Oinak Arin taldeaz arduratu zen hamabost urtez. Juan Antonio Urbeltzekin, berriz, dantzaren ikasketa, eszenaratze eta koreografian sakondu zuen eta Argia dantzari taldearen Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte hartu zuen.
1992an eszenaratu zuen bere lehen lana: Xirula Mirula, eta 1996an Maritzuli konpainia sortu zuen. Hainbat ikuskizun taularatu ditu bere konapiniarekin: Ixtorio Mixtorio (1996), Ingura Mingura (2000), Côté Cour... Côté Jardin... (2004), Kutx ala Pil? (2005), Aurrez aurre (2009) eta Nundik Nora? (2014). Biarritzeko San Martin ezpata-dantza, Biarritzeko inauteriak eta Donibane soka-dantzaren sortzaile eta sustatzaile da.
Dokumentuaren akzioak