Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eusko Ikaskuntza - Baionako Hiria saria jasoko du Claude Iruretagoienak

Dokumentuaren akzioak

Eusko Ikaskuntza - Baionako Hiria saria jasoko du Claude Iruretagoienak

2021/11/23 07:00
Eusko Ikaskuntza - Baionako Hiria saria jasoko du Claude Iruretagoienak

Claude Iruretagoiena, 2021-11-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Dantzari, dantza-maisu, sortzaile eta jantzigile lanetan nabarmendu den Claude Iruretagoiena baionarrak jasoko du Eusko Ikaskuntza - Baionako Hiria saria. Ostiral honetan, azaroaren 26an, Baionako Herriko Etxean, saloi handian egingo den ekitaldian, egingo da sari emate ekitaldia.

Hiru sarituak

Hiru saritu izango dira Eusko Ikaskuntza - Baionako Hiria sarietan. Lehenik, Claude Iruretagoienak jasoko du Jean-Mixel Larrasket ohorezko saria. Bigarrenik, Eneritz Zabalak Euskal Kultura saria jasoko du. Eta hirugarrenik, bideo-dokumental saria jasoko du Beñat Iturriozek Sans Nom Sarea lanarengatik.

Ekitaldian izango dira Jean-Rene Etxegarai, Baionako alkatea eta Euskal Hirigune Elkargoaren Lehendakaria, Eguzki Urteaga, Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakaria eta Yves Ugalde, Baionako Herriko Kultura, Animazio eta Senidetza hautetsia. 

Dantzari lotutako bizitza

Claude Iruretagoyena 2010
Claude Iruretagoiena. Argazkia: Felipe Loyola - Dantzan.eus CC BY-SA
Euskal dantzari lotutako ibilbide oparoa borobildu du Claude Iruretagoienak (Baiona, 1960) azken urteotan Maritzuli konpainiaren gidaritzan egindako lanekin. Koldo Zabala eta Jean Nesprias-ekin hasi zen dantzan, Thierry Truffaut eta Betti Betelurekin Lapurtarrak taldean aritu zen, eta Juan Antonio Urbeltzen eskutik dantzaren ikasketa, eszenaratze eta koreografian sakondu zuen. Beskoitzeko Oinak Arin taldeaz arduratu zen hamabost urtez. Argia dantzari taldearen Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte ondoren, 1992an eszenaratu zuen bere lehen lana: Xirula Mirula.

Hainbat eskualdetako dantza-maisuekin euskal dantza tradizionalaren errepertorioan sakontzeaz gain, Bearnoko branleak, ezkotix, polka eta Gaskoinako dantzak ikasi zituen besteak beste. Ramon Gartziarekin joskintzan trebatuta, jantzi tradizionalak eta historikoak egiten nabarmendu da. Hamaika ikastaro eman ditu eta EDBren dantza irakaslea izana da. Besteak beste, Argia-Ikerfolk, Malandain Ballet Biarritz, Biarritz Culture, Garazikus, Institut Culturel du Pays Basque eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin egin ditu lankidetzak. Berak zuzentzen duen Maritzuli konpainiarekin hainbat ikuskizun taularatu ditu: Ixtorio Mixtorio (1996), Ingura Mingura (2000), Côté Cour... Côté Jardin... (2004), Kutx ala Pil? (2005), Aurrez aurre (2009) eta Nundik Nora? (2014). Biarritzeko San Martin ezpata-dantza, Biarritzeko inauteriak eta Donibane soka-dantzaren sortzaile eta sustatzaile da. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.