Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Axeri-dantza inauterietan, berreskuratze lan baten kronika

Dokumentuaren akzioak

Axeri-dantza inauterietan, berreskuratze lan baten kronika

2013/01/28 11:55
Axeri-dantza inauterietan, berreskuratze lan baten kronika

Axeri puska-biltzaileak Mizpiradin (Argazkia: Xabier Lasa)

Duela bi urte hasi ziren inauteriak niretzat. Hogeita hiru urte ditudan arren, Andoain eta Tolosako inauteriak besterik ez nituen ezagutzen ordurarte. Entzuna nuen Lantz, Ituren eta beste zenbait tokiko neguko festen berri, sekula ez nuen ordea aratuste horiek ezagutzeko aukera izan. Hogei urterekin parrandaren aukera nahiago. 2011. urteko neguan, ordea, hamahiru karnabal bertatik bertara ezagutzeko pribilegioa izan nuen. Hainbeste gustatu zitzaidan inauteriak ospatzeko modua, gure herrian, Andoainen, horrelakorik izan ote zen bilatzen hasi nintzela, hala balitz, festa hori berreskuratzeko asmotan.

Nire amonarengana jo nuen lehendabizi eta hark esan zidan, haurrak zirenean, bazutela inauteri garai honetan, etxeko edozein trapu jantzi, aurpegiak estali eta baserriz baserri kopla kantari joateko ohitura: "Dios te salve, bakailu jale...". Kantuez ederki gogoratzen zen, dantzarik egiten ote zuten, aldiz, ez zekien. Herriko ezagun gehiagorekin hitz egin nuen orduan, eta gehienek amonak esandakoa berretsi zidaten: Baserriz baserri diru edo jaki eske ateratzen zirela inauterietan, baina dantzaren zantzurik ez alegia. Puska-biltzea, kuestazioa... Andoainen ere, Aranon, Zuberoan, Beran, Eibarren... ezagututako ihoteetan egiten duten antzera.

Kantari besterik ez zirela aritzen jakin nuenean, gaia aparkatu nuen. Andoainen bada bestela ere baserriz baserri zenbait auzotako festetan (Goiburu eta Buruntza) oilaskoak biltzen, eta Santa Agedan kantari, ateratzeko ohitura.

Gure herriko inauterienganako kezka hau piztu zitzaidan garai horretan, Andoaingo axeri-dantzako talde eragileko lagunak, San Juan egunean dantzatu ohi dugun soka-dantzaren inguruan eztabaidatzen genbiltzan ere. Perrexilaren antzera, saltsa guztietan egon behar neuk ere. 2012. urtea izan da emakumeek soka-dantza gizonekin batera dantzatu duten lehen urtea; gaurdaino, axeri-dantza amaitu ondoren, emakumeak plazatik ateratzen baiziren. Aldaketa hori nola eman aztertzen aritu gara ia bi urte.

DSC_0490

Eztabaidan murgilduta, axeri-dantzaren inguruko zenbait idatzi irakurri ditut. Dantzariak aldizkariko 29.alean bada Adunako axeri-dantzaren inguruko artikulu bat eta bertan topatu nuen Iztuetak 1824.urtean Axeri-dantzaren inguruan idatzitakoa:

"`[...]Al final de las fiestas a funciones y en los días de carnaval se representa ordinariamente la verdadera danza de zorros. Con ella sale la juventud a los caseríos y aldeas en busca de pollos, chorizos, lomo, huevos y otros alimentos que proporciona cada época del año. Bailan en los portales de los caseríos, y después de engullir parte de los regalos que recogen así, salen a la plaza pública danzando el mismo baile; traen una sarta grande de pollos, etc., etc., colgando de los palos, y al terminar el baile, allí mismo abren las huchas de las limosnas. La danza es muy graciosa y alegre, y excita el entusiasmo y alborozo. [...] Como en esta danza se modulan muchas y muy diferentes clases de aires y sonatas, suele ser extraordinaria la algarabía y ruido que se produce, desternillándose de risa. [...]"

Hau irakurrita banekien nora jo. Soka-dantzaren inguruko eztabaidak amaituta, behin baino gehiagotan jarri nuen postre gisa inauterietako puska-biltzea axerion mahaigainean. Ia inork ez zion koska egiten ordea kutixi horri. Soka-dantzarekin nahiko betekada izaten genuen. Kattok, aldiz, bai. Iragan den udaran mendi istripu batean joan zaigun axeri-buruzagia genuen Katto. Hark nire ideiak plazaratzen nituenean besteekin batera irribarre egiten zuen  eta "aurreago hitzeingoyau" erantzun. Elkartetik atera eta etxerako bidean, ordea, batak besteari kaskoa berotzen genion. Euripean, hotzez, solasean aritutakoak gara, "berandu dek, seikoyau" elkarri esaten genion arte.

Berandutu zaigu bai, espero ez genuenean joan zaigulako buruzagia eta laguna. Hobeki esanda, laguna eta  buruzagia. Berandu da Kattorekin kontatzeko. Gizona ez zen isilik geratzekoa ordea, ur azpian ere hitz egingo zukeelako hark. Horrela, lagunartean zabaldua zuen gure asmoen berri.

Galera honek beste eztabaida bat sortu du iragan den udazkenean Andoaingo axeri-dantzarion artean: "Eta orain, zein izango da geure buruzagi berria?" Ahobatez erabaki dugu Xatonio izendatzea. Xatonio edo Xato, Katto zenaren koadrilakoa da eta axeri-buruzagiaren lagunmina. Taldean ditugun helburu, betekizun eta nahiak primeran bete ditzakela ikusi dugu eta bera izan da geuretzat hain garrantzitsua den papera hartu duena.

Axeri-dantzako talde eragileko bilera horietako batean berriro jarri nuen postrea mahaigainean, eta Xatoniok, geure buruzagi berriak, oso-osorik irentsi zuen. Hein handi batean, lagunartean Kattorekin izandako solasaldi horiei esker ibilbide handia egina zuelako. Horrela, gabonetan elkartzea erabaki genuen aurtengo inauterietan axeriak puska-biltzen atera zitezen.

Urtarrilaren 7an, astelehenarekin elkartu ginen eta bertan mamitu genituen geure asmoak, denboraz larri genbiltzala jakitun. Bileratxo horretatik atera ziren baserrietan egin dugun errituala, puska-biltzen igarotako ibilbidea, erabilitako jantziak eta orain aipatzera noan beste zenbait kontu:

Jantziari dagokionez, oinarri gisa axeri-dantzarako ohikoa dugun jantzia erabiltzea erabaki genuen, bi salbuespen txikirekin. Alde batetik, nire amonak eta herriko beste zenbaitek kontatu moduan, betiko dantzari jantzi horri edozein trapu, larru, zintzarri, txapel... gehitzea bururatu zitzaigun, axeri-dantzaria mozorrotu eta pertsona, jantziaren atzean ezkutatu nahian. Bestetik, eskutan jendea zirikatzeko baliagarri izan zitezkeen tramankuluak (maskuriak, sardeak, etab.) eramatea pentsatu genuen, anonimotasunak berak, bihurrikeriak egiteko ziurtasuna emango zigula genekielako, beste zenbait inauteritan horrela ikusita.

Eguna eta ibilbideari dagokionez, iragan den larunbat honetan egitea erabaki genuen, aurten, urtarrilaren 26arekin. Arrazoia nahiko sinplea da, Andoainen inauteri data nagusietan hala nolako disfraz desfile bat egiten da Tolosako ihotea eredutzat hartuta, eta azken urteotan, parte-hartze handia izan du. Aurreko asteburuan egitea ere pentsatu genuen, baina, ohitura da kaldereroak herriko kaleetatik ateratzea (aurten kasualitatez ez) eta ez genuen batera izaterik nahi (datorren urtean akaso bai). Hori dela eta, inauteri data nagusiak hartu eta bi aste lehenago izatea erabaki genuen, hasiera batean, horrela mantentzeko asmoz. Bestalde, Andoainek lau auzo ditu, Leizotz, Sorabila, Buruntza eta Goiburu. Aurten Leizotz auzoko zenbait baserritatik igarotzea pentsatu genuen, datorren urtean auzoz aldatzeko asmoz.

Azkenik, baserrietako errituala zehaztu genuen. Etxefero batekin hasiko zen dena. Baserri bakoitzera iristear geundela botatako kohete batekin alegia. Horrekin batera, kalejira baten doinupean korrika, saltoka, bazterrak nahastuz, etxe atarira hurbilduko ginen. Bertan, axeri-buruzagiak, axeri-dantza osatzen duten jolas edo irri-dantzetako bat (aitarena, zortzikoa, orratzakoa, ilentia edo txingoarena, korrika, perratzea, borroka eta dorrea) dantzatzea aginduko zien axeriei. Dantzatu ostean, baserrian eskainitakoa jan, edan edo ematen zigutena jasoko genuen. Azkenik, ondoko esker koplekin agurtuko genituen etxekoak eta kalejiran alde egingo genuen:

Oilasko faltan,                                     Etxe honetan,

oilasko faltan,                                     etxe honetan,

goazen hemendikan.                          ederki benetan.

Axeri zaharra,                                     behar bezala,

joaten azkarra,                                   gorde dezala,

beteta ardotan.                                  datorren urtetan.

Oilasko faltan,                                    Etxe honetan,

axeri zaharra,                                      behar bezala,

beteta ardotan.                                   datorren urtetan.

Gure proposamenak axeri-dantza osatzen dugun taldeari eta Andoaingo herriari zabalduta aurrera egin du. Aurtengoa froga gisa hartu dugu, baina, ziur gaude hau izan dela urte luzean iraungo duen ohitura "berri" baten hasiera. Euriak bakean utzi zigun bigarren baserrian dantzatu genuenerako, eta hasiera batean itxura txarra zuenak, sekulako amaiera izan zuen. Egun borobila. Gaurkoan, oraindik, segapotoa jo eta jo aritu da; atzoko erretratuak, zorion agurrak, inpresio onak eta abar jasoz.

Hire falta somatu bagenian ere, harro egongo hintzateke Katto, bazekiat. Bide onetik gabiltzala esaten badiat, ez nabilek oker. Elkarrekin hasitako bidetik segitzen baitiagu, hire izarrak, han goitik, argitzen ziguken bide horretatik. Laster arte axeri!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.