Dokumentuaren akzioak
Inauteriz inauteri
Aurten bisitatu dugun lehen inauteria Ituren eta Zubietakoa izan da. Ezagun dira herri horretako joaldunak, baina, ez hainbeste joaldunekin batera ateratzen diren mozorroak.
Malerrekako inauteri basatiak: Zubieta, Aurtitz eta Ituren
Urtarrilaren 31an etorri gara Zubietara, astelehenez. Egun honetan Zubietatik Iturenerako bidea egiten dute joaldun eta mozorroek. Bihar, alderantziz egingo dute, horrela, aurtengo lana bukatzeko.
Joaldunak euren joareak joz egin dute bidea. Zaldi buztanarekin egindako ixipua eskuan eta ttuntturroa buruan Zubieta, Aurtitz eta Iturengo kaleetatik ibili dira. Mozorroek, aldiz, motozerrak, basurde buruak, sardeak, mailuak... eskutan, harat eta honat ibili dira jendea izutzen. Korrikaldi bat edo beste egin behar izan dugu ihes egin nahian, baina, alperrik.
Karrozek Iturengo plaza hartu ostean etxera bueltatu gara. Zikin, baina, gustura. Orain arte inauterietan Tolosaldean ibili naiz, baina, aurtengo aratusteak erabat ezberdinak izango direla uste dut.
Santa Grazin, urteko lehen maskaradetan
Hamazazpi urte igaro dira Santa Graziko herriak azken maskaradak eman zituenetik, azkenekoak 1994. urtean. Otsailaren 6ean, urteko lehena izan da, ohiturari jarraituz, Santa Grazi bertan.
Goizeko 9:00etan, iragarritako orduan, hasi dira lehen barrikadak Santa Graziko sarreran, herriko kanpinean. Hortik gorantza joan dira gero, herriko etxetik, kaperatik eta herriko plazatik igaroz. Lanean fin aritu dira dantzariak; buhameek eta kauterek, aldiz, euren trufa eta jolasekin jendeari barre eginarazi diete.
Goiza auzoz auzo, jan eta edan, igaro eta gero, arratsaldeko 16:00etan hasi da Herriko Eskola parean besta nagusia. "Arribada" dantzatuz aitzindariek, txorrotxek, kherestuek, Jaunak eta Andereak eman diote hasiera ekitaldiari, bakoitzak bere trebeziak erakutsi dituelarik. Ondoren, Kauterak, Pitxu, Kabana handia eta Grifou batetik, eta buhameek bestetik plaza irriz bete dute euren barrabaskeri eta kronikekin.
Arantzako mozorro-zuriak
Otsailaren 17a da, osteguna. Komandotik erori naiz eta Eire bakarrik joan da Arantzara. Arantzan, mozorro-zuriak ateratzen dira gaur. Hamarretakoa egiteko bildu, herriko eskolatik pasa eta bi taldetan banatuta baserrietara abiatzen dira puska biltzea egiteko trikitilari eta pandero-joleekin batera.
Fandango eta arin-arinak, eta Arantzako zortzikoak dantzatuz aritzen dira etxez etxe. Jan eta edana ere ez da falta, horretan pasa baizuten eguna. Bihar, herriko kaleetan ibiliko dira, mozorro-zuriak jantzita.
Aranoko zomorro artean
Goizeko 8:00etan heldu naiz Aranoko plazara. Herria hutsik dago oraindik, baina, laster heldu dira lehen zomorroak baserriz baserri joango eskean joateko prest. Suro auzotik hasiko gara eta autoz joango gara antza.
Baserri guztietan "erritual" berdina. Izer eta Alabier trikitalariek fandango eta arin-arina jo eta zomorroek baserri aurrean dantzatu. Amaitzean zerbait jatera sartu gara. Hasieran, pastak, baina, goiza aurrera doan heinean, txorixoa, haragi egosia eta abar jarri dizkigute tripa betetzeko. Etxez etxe kalejira doinuan joan gara giro ederrean. Amaitzean, herriko elkartean bazkaldu dut zomorro artean. Eskertzekoa euren harrera eta eskuzabaltasuna. Mila esker bihotzez.
Otsailaren 26ean atera dira zomorroak aurten etxez etxekoa egiten, inauterietako azkenaurreko asteburuan. Arratsaldean, bazkalondoan, zagi-dantza dantzatu dute. Aranon goiza pasa ostean, Eibarko bidea hartu dut. Orain arte ikusle gisa aritu banaiz ere, aurten Kezka dantza taldeko lagunek euren inauterian
parte hartzeko aukera eman didate.
Andoaindar bat Eibarko koko-dantzetan
Burburixo arropa jantzi eta herriko kaleetan zehar ibili gara dantzan eta bihurrikeritan. Sekulako sentsazioa da anonimo izateak ematen duen ziurtasuna. Jendea zirikatzeko lotsarik ez edukitzeak nire deabrutxoa atera du.
Gaiztakeriak gaiztakeri, bospasei aldiz dantzatu dut fox-trota eta arin-arina. Koko-buruzagiaren turuta entzuten genuen bakoitzean ere "Koko-moko, saria bete moko..." kantatzen genuen, ondoren, Mauxitxa txarangak jarri duen giro bikainean barrabaskeritan jarraitzeko.
Aurten, gainera, berrikuntza bat eta gonbidatu gehiago izan dira koko-dantzetan. Alde batetik, Torredembarrako Pastorets-ak eta bastoners-ak Eibarren izan dira koko-dantzetan. Koko-dantzak ederrak badira, Kataluniarrek jarritako giroa ere paregabea izan da. Bestetik, koko-marruen soka-dantza egin da estreinekoz.
Azeri-dantza Errenterian
Ostegun gizenarekin, Ereintza dantza taldeko azeriek azeri-dantza dantzatzen dute Errenterian. Madalen kalean aurkitu ditugu dantzariak, neskak mutilez jantzita, mutilak neskez. Txarangarekin kalejiran heldu dira denak Udaletxe aurrera. Bertan, azeri-dantza dantzatu dute: Paseoa, aitarena, orratzarena, txingoarena, azeri-dantza zortzikoa, perratzea, dorrea eta kalejira izan dira egindakoak.
Segurako jorrai-dantza, hartza eta uxatzaileak
Garai bateko ohitura berreskuratuz lau urte dira hartza Aizkorritik Segurara jaisten dela ostiral mehe egunean. Bere inguruan ibiltzen dira uxatzaileak, aurrean harrapatzen duten edonori maskuri edo puxikarekin jotzeko. Guk ere jaso genuen kolperen bat edo beste. Herriko puntu ezberdinetan, herriko gazte talde batek, bakoitzak bere mozorroa jantzita duela, jorrai-dantza dantzatzen du.
Festa herriko plazan amaitzen da, korrikaldi, dantzaldi eta susto ederrekin eguna ilundu denean. Jorrai-dantza amaitzean fandango eta arin-arina dantzatu dute mozorro eta herritarrek. Amaitzean, hartza joan egin da, datorren urterarte.
Behobiako baserrietatik puska-biltzen
Gaur Zaldunita bezpera da. Herrian geratu naiz erraldoiak dantzatzen eta Eire Behobiara etorri da. Goizeko 9:00ak aldera abiatu dira Eraiki Dantza Taldeko kideak baserriz baserri. Etxe guztietan fandango eta arin-arina dantzatu dute dantzariek, ondoren, ordain-saria jasotzeko.
Bidasoa ibaiaren ertzeko baserrietatik ibili dira goizean zehar. Arrautzak, porruak... denetik bildu dute. Gosez ez ziren geratuko gaurkoan, ez horixe!
Marrauen soka-dantza Gernikan
Inaute igandea edo Zaldunita da. Gernikako Foruen plaza hesitura heldu eta bideo kamara ahalik eta leku onenean jartzen saiatu naiz. Gaurkoan bideoa dakarkit, ez argazki kamera. Arraroa egin zait inauteri batzuk toki hesitu batean ospatzea.
Eguerdiko 12:00etan, puntuan, marrauek Gernikako Foru Plaza hartu dute soka-dantza dantzatzeko. Soka-dantzak ohiko egitura du, hau da, desafioa, banan-banangoa, zubiak, agurrak eta abar. Dantzariak, ordea, maskara batekin eta gorputz guztia estaltzen dien lohihartzeko batekin dantzatzen dute.
Gernikatik Mundakara: Atorrak
Gernikan nengoela Mundakan atorrak kalez kale dabiltzala jakin dut. Jakinminak jota auto zaharra hartu eta Mundakara etorri naiz. Herriko kale estuetatik nenbilela mozorro bat edo beste ikusi dut, atorrik ez. Azkenean, andre bati galdetu diot atorren berri eta herriko sarrera aldera bidali nau.
Kalekantoietatik kitarra eta eskusoinu hotsa entzun dut bapatean. Sekulako ator pila zebilen kantari, eta inguruan jende mordoa begira. Atorrak gizonezkoak dira eta goizez ateratzen dira, lamiak, aldiz, emakumeak dira eta iluntzean ateratzen dira. Goiza kantari igaro dute atorrek, horrela, Mundakako kaleak musikaz betez.
Lesakako zaku-zarrak
Zaldunita arratsaldea Lesakan. Pilotaleku ondoan aurkitu ditu Eirek herriko gazteak mozorroak prestatzen. Lasto tontor bat dago bazter batean eta zaku-zar-gaiak zakuen barrualdea laztoz betetzen ari dira. Hanka bakoitza zaku batean sartu eta lastoz bete. Gorputza beste zaku batean sartu eta hori ere lastoz bete. Ondoren, emakume talde batek hanketako zakuak enborreko zakuarekin josten dizkiete. Aurpegian zapi txuria jarri eta guraizeekin zuloak ebakitzen dizkiete.
Zaku-zar taldea lerroan martxan jarri da. Makil luze bat du eskuan lerro buruak eta beste makila luzea darama azkenak. Atzetik musika banda dute. Musika hastearekin batera hasi da zaku-zarren martxa. Puxikak batera eta bestera indarrez astintzen dituzten eta erritmo biziz gurutzatzen dituzte Lesakako kaleak. Aurretik, inguruan eta atzetik ikusle, argazkilari eta festazale talde zabala. Aldian behin gelditu eta fandangoa dantzatzen dute zaku-zarrek, besoekin, oin astun horiek altxatuko dituenik ez baitago. Makina bat zaku-zar altxatzen lagunduta, ipurdia puxikek ondo berotuta eta zaku-zarren segida osoaren irudi indartsua gogoan utzi du Eirek atzean Lesaka.
Beran, zingar-arrautze eskea
Astelenitan zingar-arrautze eskea egiten da goizez Beran. Koadrilek euren mozorroak jantzi eta baserriz baserri aritzen dira. Herrira heldu bezain laster lagun talde bat topatu dugu Irungo alardea gaitzat txapel gorri, galtza zuri eta jaka beltza soinean jarrita. Auto bat ere prestatu dute egurrezko bi zaldirekin albo bakoitzean.
Jarraitu egin diegu etxez etxeko euren ibilbidean. Baserri guztien aurrean "Zingar-arrautze, zingar-arrautze bat ez bada bertze, bertze!" kantatu dute eta alardearen parodiatxo bat egin txirula eta guzi.
Horrela joan da goiza, eguerdian kuadrila guztiak Berako sarreran elkartu eta festarekin jarraitu dute. Etxez etxe ez ordea, tabernaz taberna baizik.
Lantzeko inauteria
Berako lanak amaituta Lantz aldera joan gara. Ezaguna da bertako inauteria, nahiz eta jende gehienak asteartitan egiten duen bertara bisita. Eguraldi bikaina lagun, Lantzeko inauteria ezagutzeko aukera paregabea daukat. Eder Gartzia lagunak bere izebaren etxeko ateak ireki dizkigu inauteria ahalik eta hobekien ikusteko.
Hala ere, aurrena ostatuko ganbarara igo gara. Bertan mozorro batzuk janzten ikusteko aukera izan dugu, baina segituan, txatxo kuadrila batek handik bota gaitu.
Kalean, mozorroak noiz atera zain egon gara. Berehala atera dira ferratzaileak ostatu ondoko etxetik, jendea apur bat beldurtuz. Jarraian, txatxoak, Ziripot, Miel-Otxin eta Zaldiko atera dira ostatutik. Herritik buelta bat eman dute plazara heldu arte. Bidean, Zaldikok behin eta berriz bota du Ziripot lurrera. Txatxoek Zaldiko joka urruntzen zuten eta Ziripoti altxatzen lagundu. Txatxoek, txandaka, Miel-Otxin plazaraino eman dute. Plazan haren inguruan zortzikoa dantzatu dute txatxoek eta zenbait herritarrek. Azkenik, amaitzean, ostatuan bukatu dute ibilbidea.
Sagar-dantza eta beldurra Arizkunen
Inaute asteartea eta aratusteak amaitzear. Arizkunera etorri gara gaur lehenengo, sagar-dantza eta bertako inauteria ikusteko asmotan. Ia inor ez dabil kaleetan sagar-dantzariak herriko ohiko buelta ematera irten direnean. Hainbat aldiz dantzatu dute sagar-dantza kale-kantoi ezberdinetan. Batetik besterakoak Baztango zortzikoa edo kalejirak dantzatuz egin dituzte dantzariek. Plazan amaitu dute, urtero legez, aurtengoa.
Sagar-dantzaren doinu goxoak lasaitasuna transmititzen didan moduan, orain urduritasuna da nagusi Arizkunen. Laster aterako dira mozorroak eta hartza. Mitoak izango dira akaso, baina, hartzarena egingo duen gaztea goizeko 8:00etatik kateekin lotzen omen dute whiskya edaten emateko, hori esan didate behintzat. Hori eta beste hamaika astakeri. Kamara gordetzeko ere bai, bestela nereak egin duela. Kasu egin beharko.
Atera dira denak kalez kale. Korrikaldi andana egin dut, larri ibili naiz askotan eta harrapatu naute beste batzutan. Lurrera ere bota naute birritan. Sekula ez dut horrelakorik ikusi, baina, ezinezkoa da lerro gutxitan bizitakoa azaltzea. Ausartak izanez gero, merezi du bertatik bertara ezagutzea.
Unanuko mamuxarroak
Kotxetik ezin atera gaude, mamuxarroak inguruan ditugu noiz atera zain eta ez dugu kolperik jaso nahi. Irudiak nahi ditugu ordea eta urruntzen ez direnez autoa utzi beharko dugu. Atera gara eta ederki jaso dugu.
Mamuxarroak brontzezko maskara aurpegian, koloredun xingolaz apaindutako kapela edo zapia buruan eta makila eskutan Unanura inaute asteartez hurbiltzen den edonoren atzetik ibiltzen diren pertsonaiak dira. Mamuxarroak nondik dabiltzan jakitea erraza da ordea, zintzarriek agerian uzten baitituzte. Mamuxarro batek, mutuak, ez darama zintzarririk ordea, eta honek ezustean harrapatzea ez da harritzekoa.
Bero, bero eta ubelduren batekin Altsasura goaz, oraingoa momotxorroak ikustera.
Altsasuko inauteria, momotxorro arteanAutoa utzi eta Altsasuko pilotaleku ingurura joan gara handik ateratzen baitira momotxorroak, akerra, Juan Tranposo eta abar. Janzten harrapatu ditugu eta barrika batetik hartutako txerri odolez zikintzen.
Denak prest Altsasuko kaleak hartu ditu momotxorroen konpartsak. Hurbildu garen guztioi jotzen edo beldurtzen saiatu dira. Noizbehinka txarangak lagunduta dantza egin dute momotxorroek, ondoren, korrikaldi eta gaiztakeriekin jarraitzeko. Herriko plazara heltzean sutzar bat erre dute, sua momotxorroz inguratua zegoen bitartean.
Horrela bukatu dira 2011ko inauteriak. Etxerako bidean konturatu naiz bizitakoaz. Datorren urtean ea horrelakorik idazteko aukera daukadan, ez litzateke seinale txarra izango.
Argazkiak: Eire Vila, Iñaki Zugasti eta Jon Iraola.
Dokumentuaren akzioak
Oso interesgarria iruditu zaigu irakurritako guztia.Mirenek dio batez ere Bera eta Lantzekoa izan dela politena.Ia datorren urtean aukera dugun herriz-herri "zuek bezala" disfrutatzea!!Eskerrik asko zuen lanagaitik. AGUR
King of Carnival eztakit baina gustura aritu gara. Luzeago konta zitekeen dena, baina, inork irakurriko ez zuela pentsatu genuen. Horrela ere ez da motz geratu baina eskertzekoa da norbaitek irakurri duela jakitea. Mila esker hortaz!
Guztietara joaterik izan ez genuenontzat, oso interesgarria. Zuek bai Kings & Queens of Carnival!!!