Juan Antonio Amilibia Ezeiza andoaindarra, bi semeren aita, kirolzalea eta kultur eta saltsa askotako bultzatzailea zen. Uztailaren 29an hil zen, Benasque inguruan, mendian zebilela, erori eta amilduta. 46 urte zituen. Kolpe itzela bere familia, lagun eta inguruko guztientzat, eta zer esanik ez Andoaingo axeri-dantzaren elkartekoentzat. Axeri-dantza bizirik iraunarazi duen Juantxo Arregi kapitainak 2009an erretiroa hartu zuenean Kattok hartu zion erreleboa. Dantzaria ez zela zioen berak, festa eta tradizio ederrak erakarrita iritsi zela axeri-dantzara, baina axeri-dantzaren antolaketa eta bultzatze lanetan erakutsitako aldarte alai eta ekintzaileak inguruko guztiak seduzitu zituen, eta bere burua dantzaritzat ez izan arren, kapitain horren esanetara dantzatzeaz harro egotera eraman zituen axeri-dantzariak.
Irailaren 22an hil zen Iñaki Zubeldia Aierbe, Lizartzako inauteri dantzak bizirik mantendu eta luzaroan utzita egon ondoren, inauterietan berriz dantzarazi zituen gizona. 76 urte zituen Iñaki Zubeldiak. XX. mendeko bigarren erdian, Iñaki Zubeldiak egin zituen Lizartzako dantzari talde belaunaldi desberdinen arteko zubi-lanak, eta berak irakatsi zizkien belaunaldi berriei Lizartzako dantzen inguruko xehetasun guztiak. Dantzak bideoan eta doinuak diskoan grabatuta geratu zitezen arduratu zen, baina batez ere, inauteri dantzei luzaroan segida emango zion lagun taldea prestatuta utzi zuen Otsolar dantza taldean.
Nicolas Barneix, Santa Graziko zamaltzaina
Azaroaren 2an, auto istripuz hil zen Nicolasi Barneix, Santa Graziko maskaradetan liluratu gintuen zamaltzain gaztea. 25 urte zituen. Zuberoako dantzari bikainenetakoa zen Barneix, indartsua eta dotorea. Santa Graziko maskaradetan, Amaiur ikusgarrian eta beste hainbat emanalditan erakutsiak zituen bere dantzari dohainak, eta oraindik beste hainbat urtetan bizitzaz eta dantzaz gozatzeko adinean utzi gintuen Nicolas Barneix-ek.
Abenduaren 4an zendu da Jaime Brown Heguy, Los Banos, Kaliforniako euskal dantzari gaztea. 19 urte baino ez zituen, baina euskal amerikar komunitatean oso aktiboa zen, bai Los Banos-eko euskal etxean eta NABO-ren Udalekuan parte hartuz. Dantzaria zen Jaime Brown Heguy, euskal dantzaria Ameriketan, eta dantzaz, musikaz eta kantuz agurtu zuten Estatu Batuetako mendebaldeko hainbat txokotatik Los Banosera hurbildu ziren ehunka lagunek.