Dokumentuaren akzioak
Troiako zaldiari buruzko ohartxo bat
Juan Antonio Urbeltz
Troiako Zaldiaren irudikapena Cerveterin (Italia) aurkitutako korintoar ontzi batean (K.a. 560 inguru).
Egun hauetan, Hisarlik muinoko indusketei buruzko artikulu eta erreferentzia batzuk irakurri ditut. Nolabait esateko, tradizio arkeologikoak ziurtzat jotzen du, Turkiako leku horretan eraiki zela Antzinatean Troiako hiri historikoa.
Egun hauetan irakurri dudan guztia arkeologiari buruzkoa izan da, baina ezer ez toki horren erreferente bihurtu den zaldi ospetsuari buruz. Ez dakit arkeologoek milaka urteko zaldi haren aztarnak aurkitzeko itxaropenarekin egiten dituzten indusketak, baina horrek nire bi liburutan idatzitako testuak ekarri dizkit gogora: Euskal Dantza, sinboloen inguruan = Danza vasca, aproximación a los símbolos, 2001ean Etor–Ostoak argitaratua, Enrique Aierbe Etxebarriaren hitzaurre goresle batekin; eta beste hau: “Morir” en la hoguera el martes de Carnaval. Representaciones dramáticas de Lantz y Lastovo, Iruñeko Pamielak 2017an argitaratua. Lantz Nafarroako herri bat da, eta Lastovo, berriz, Adriatikoan kokatutako uharte txiki kroaziarra (Dubrovnikeko kostaldetik ez oso urrun). Marian, nire emaztea, eta biok Lastovon izan ginen 2006ko otsailean, han ospatzen zen inauteriari buruzko oharrak hartzeko. Liburu horretan, otia edo larrapuntinga izurritea jarri nuen bi inauterien ospakizunaren arrazoi eta oinarri nagusi gisa.
Otiaren izurrite gaiztoek ekarritako goseteek milioika pertsonaren heriotza ekarri dute munduko hainbat lekutan. Duela hogeita hamar urte baino gehiago, gai horri buruz idatzita zegoen guztia, eta are gehiago, irakurri nuen.
Lantz eta Lastovori buruzko libururako, hitzaurre edo sarrera modura, Karl R. Popper zientziaren filosofoaren ohar hau hartu nuen [1], haren Conjeturas y refutaciones liburutik.
[…] una de las cosas que puede hacer un filósofo, y una de las que pueden contarse entre sus mayores logros, es ver un enigma, un problema o una paradoja no advertidos previamente por nadie. Se trata de una realización aún mayor que la de resolver el enigma. El filósofo que ve y discierne por primera vez un problema nuevo perturba nuestra pereza y nuestra complacencia […] Abre un nuevo horizonte ante nosotros.
Aipatutako inauterien azterketan azaldu nuenaren zati handi bat aipuan esandakoarekin bat datorren arren, jasotako paragrafo horretan derrigorrezkoa da burutik kentzea hor azaltzen denaren atzean filosofo bat dagoela. Nire aldetik halako titulua aldarrikatzea barregarria litzateke. Ezagutzaren eremuan dudan lekua askoz apalagoa da: euskal dantza tradizionalen ikertzailea baino ez naiz; eremu horretan inauteri-ospakizunak ere barnehartzen ditut.
Garai hartako nire ikerketetan protagonismo berezia izan zuen larrapote beldurgarriak, Locusta migratoriak, Acrididae familia handiko espezieak. Antzinako izurri hori, tradizio bibliko eta islamiarrean presente dagoena, ereindako soroen suntsitzailea eta gaizkiaren irudia, Troiako zaldiak ezkutatzen duen eredu sinbolikoa da.
Lau hankakoaren eta intsektuaren arteko lotura metaforikoa ez da soilik inspirazio teologikoko testuetan agertzen; herri-jakintzan ere badu isla. Hala, Europako hainbat hizkuntzatan otia edo larrapoteari ‘zalditxoa’ edo ‘zaldikumea’ deitzen zaio: gaztelaniaz ‘caballeta’, errumanieraz ‘calud’, alemanez ‘Heupferde’ edo ‘belarrezko zalditxoa’, errusieraz ‘kobylka’, italieraz ‘saltacavalia’, frantsesez ‘sauto-pouchinchin’, ‘pouchinchin’, eta abar. Salbuespen gisa aipatu behar da parekotasun hori ez dela zuzenean antzematen ingelesez, non ‘horse’ zaldia den eta langosta edo otia ‘grasshopper’. Euskaraz larraputinga ere badugu. Larra ‘larrea’ hitza ‘putinka egin’ eta ‘ostikoa eman’ ideiarekin lotuta agertzen da. Beste era batera esanda, hemen ikertzen ari garenari egokitutako adiera batean, larraputinga formak langosta honela deskribatuko luke: ‘larrean putinka eta ostikoka dabilen zalditxoa’.
Aurretik izan ziren historialari gehienen eskura ez zegoen jarrera eta ikuspegi historiko batetik, zurezko zaldiaren fabula aztertu zuen Robert Gravesek [2].
Los Mitos Griegos lanean. Gravesek bere oharrak egiten ditu gogoraraziz kondairak dioela Ateneak eman ziola Prilis-i troiarrak engainatzeko aparatu bat eraikitzeko ideia. Epeo, artisau trebe eta iaio bat arduratu zen lanaz, baina Ulises izan zen ideiaren meritua bereganatu zuena. Tramankuluan tranpa handi bat eraiki zen, greziarrak sartu eta bere sabelean gorde ahal izateko. Zaldiaren kanpoaldean, Atenea jainkotiarrari eskerrak emateko testu bat zizelkatu zuten letra handiz.
Iluntzean, Agamenonek, mizenastarren erregeak, Ulisesen aginduz, Greziako kanpamentuari su eman eta suntsitzeko agindu zuen, baita Tenedoseko irlara itsasoratzeko ere.
Troiako harresien aurrean eta azpijokoaren parte bezala greziar bakarra geratu zen, Sinon [3], izenak iragartzen zuen zerbait, troiarrek ulertu ez zutena edo korapilo dramatikoari jarraiki ulertu behar ez zutena, izan ere, «izurritea», «hondamena» edo «zoritxarra» adieraztean, gainetik zetorkien zorigaitza zuzenean iragartzen ari zitzaien. Sinonen ardura zen argi seinale baten bidez greziarren itzuleraren berri ematea.
Troiarrak engainatuak izan ziren, egitura erraldoia akaiarren gaineko garaipen-zeinu gisa interpretatzean; trikimailua harresian sartu zuten eta horrela hiriaren harrapaketa eta hondamena ahalbidetu zuten. Sinonek abisua eman zuen eta greziarrek Troiako ateen aurrean planto egin zuten oti-izurritea bailitzan.
Troiako gertakarietatik hiru mila urtera, Baskoniako bazter batean, erritu-aipu apal batek ernalduta dagoen intsektuaren arketipo bera agertzen du. San Joan Bataiatzailearen jaiaren inguruan, Arabako Ulibarri-Arana [4] herriko errezitazio hau abesten dute gazteek Santu aitzindariaren hirugarren eguneko goizean. Lau bertso hauetan frantsesak dira izurrite baten antzera kakalardo baten sabeletik ateratzen direnak eta beren larritasuna salatzen dutenak:
...Un escarabajo vi
preñado de nueve meses
y en la barriga llevaba
ciento cincuenta franceses...
Besterik ez balego ere, kasu hori nahikoa litzateke makro-parasitismoa izurritearekin lotzen duen arketipo baten iraupena neurtzeko; eta frantsesak, norbaiti asko ez direla iruditzen bazaio, Troiaren aurrean utzitako zaldiaren sabelean sartu zirenak baino dezente gehiago ziren (tradizioaren arabera).
[1] Popper, Karl R. Conjeturas y Refutaciones. El desarrollo del conocimiento científico, (Néstor Míguezek gaztelaniara itzulia), Bartzelona, Paidós, 1989, 229. or.
[2] Graves, Robert. Los Mitos Griegos, (Luis Etxebarrik gaztelaniara itzulia, Lucia Gravesen berrikuspenarekin), Madril, Alianza Editorial, 1985, II. lib., 419–427. or. Eskoliaste klasikoen erreferentzia guztiak Gravasen lanean daude jasota; horregatik, ez da beharrezkotzat jotzen hemen berriro ematea.
[3] Strauss, Barry. La guerra de Troya, (Ygnacio Alonso Blancok gaztelaniara itzulia), Bartzelona, Edhasa, 2008.
[4] Garmendia Larrañaga, Juan. Solsticio de Verano, Donostia, Kriselu, 1987–1988, II. lib., 99. or.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Juan Antonio Urbeltz
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Ignacio Gordejuela gogoan 2014/07/30


