Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal San Martin bezpera, Amasa

Dokumentuaren akzioak

San Martin bezpera, Amasa

2022/11/18 15:10
San Martin bezpera, Amasa

Oilasko biltzea, Amasa, 2022-11-10. Argazkia: Saioa Zabala - Dantzan CC-BY-SA

Goizean goiz abiatu naiz Amasa aldera bertako oilasko-biltzaileekin bat egiteko asmoz. 6:00etan daude geldituak herriko plazan. Bertara iritsi eta jada bada jende mordoxka bat. Ilun dago oraindik eta giro freskoa dago. Neskek baserritar arropa dute jantzita eta solte dute ilea. Mutilek mahoizko galtzak, atorra beltza eta kapelu beltza dituzte soinean. Koloretako zapia dute denek lepoan, bai eta artilezko galtzerdiak eta gomazko abarkak ere. Batzuk abarkak galtzerdian gora lotuta dituzte, beste batzuk, aldiz, orkatilan bertan dituzte lotuak.

6:00etarako iristea espero zen jende guztia iritsita gosaltzera abiatu dira. Ondoren, bi taldetan banatu eta oilasko biltzeari ekin diote. Ilun dago oraindik lehenengo baserrira abiatu direnean. Bertan fandangoa dantzatu eta baserritarrekin zertxobait hitz egin eta gero hurrengo baserrira abiatu dira. Poliki-poliki eguna argitzen hasi da, behe-lainoa sartzearekin batera. Baserriz baserri ibili dira pare bat orduz. Baserri bakoitzean fandangoa edo arin-arina dantzatu dute. Goizeko 9:00ak aldera Amasako plazara iritsi dira berriro. Gosaria dute zain bertako tabernan.

Eguzkia jada zertxobait berotzen hasia da kalera atera direnean. Taberna parean beste behin dantzatu eta berriz ere ekin diote bideari, mendi aldera abiatu dira. Elkarren artean kontu kontari egiten dute bidea, lasai-lasai. Giro polita dago euren artean, nabaria da egun berezia dutela gaurkoa. Baserri bakoitzean dantzatu ondoren zerbait ematen diete oilasko-biltzaileei. Batzuetan dirua, besteetan gosaria edo hamaiketakoa eta gutxi batzuetan oilaskoak, nahiz eta gaur egun ez dituzten azken horiek beraiekin eramaten bidean zehar. Emandakoa jasotakoan eta hurrengo baserrira abiatu aurretik suziri bat botatzen dute esker onez. Lehen bi suziri mota erabiltzen ziren: gaur egungoak bezalakoak batzuk, eta soinu handiagoa egiten zuten beste batzuk. Azken horiek oilaskoa ematen zuten baserrietan botatzen ziren.

Poztasun handiz hartzen dituzte baserrietan, eta jatekoa ematen dietenetan denetarik ematen diete: pastak, ardoa, sagardoa, urdaiazpikoa, odolkia, azeitunak, etab. Bertan egoten dira jan-edanean hurrengo baserriko bideari ekin arte.

Nahiko luzea da oilasko-biltzaileek egiten duten bidea. Batzuetan landa bideetatik, beste gutxi batzuetan zelaiak zeharkatuz, neskei gonak eta azpiko gona sastraketan harrapatuta gelditzen zaizkiela. Bidea luzea denez ohikoa da denboraz larri ibiltzea. Baserrietako batean urtero apuntatzen dute egutegian zein ordutan iritsi diren bertara. Hala, urtez urte alderatzen dituzte iritsiera orduak. Aurten inoiz baino goizago iritsi dira baserri horretara, bai eta beste askotara ere. Behin eta berriz errepikatu diete zein goiz iritsi diren aurten. Azkenean, garaiz dabiltzala hainbestetan entzun dutenez inoiz baino beranduago heldu dira berriz ere herrira. Iritsitakoan beste taldekoekin elkartu eta azken aldiz dantzatu dituzte fandangoa eta arin-arina. Bazkaria dute zain elkartean, arratsaldeko 16:00etan eseri dira mahaian.

Bazkari alaia izan dute, hitz eta pitz eta kantari ibili dira otorduan zehar. 17:30ean soka-dantza egin behar dute plazan jaietako programaren arabera. Ordua iristear dela mugitzeko ahaleginetan hasi dira eta elkartearen atarira irteten hasi dira poliki-poliki. Kalejiran egin dute plazarako bidea, aurreskua eta atzeskua desafioa entseatzen ari direla.

Plaza ingurura ikusleak ere gerturatzen ari dira. Batzuk elizaren kanpoaldean daude, beste batzuk plazaren albo batean. Musikariak jotzen hasi eta soka plazara sartu da. Soka oilasko-biltzean ibili diren herritarrek osatu dute. Plazari pare bat buelta eman ondoren aurreskuak desafioa dantzatu du sokako beste kideen oihu eta animoei irribarre batez erantzunez, bai eta hizketan ere. Bukatu eta zubi pare bat egin ondoren berriz ere dantzatu du desafioa, oraingoan atzeskuarekin batera. Bien bitartean sokako kideak animoak ematen ibili dira etengabe.

Ondoren, alpargataren txanda iritsi da. Denek dantzatu dute txandaka. Aurreskuak eta atzeskuak banaka, gainontzeko guztiek talde txikiagotan banatuta. Asko dantzariak ez direnez eta dantzaren ordena ondo ez dakitenez ondokoari begira eta dantzatzen ari ez direnen esplikazioak entzunez egin dute. Gainera, dantzatzen ari direnak eta sokan daudenak ere hizketan aritu dira dantzak iraun bitartean. Horrek naturaltasun handia eta xarma berezia eman dio soka-dantzari. Bestalde, hainbeste interakzio dagoenez euren artean, soka-dantza ikusleentzat baino eurentzat egiten dutenaren inpresioa ematen du.

Alpargataren ondoren sokatik bi pertsona irten eta aurreskuak dantzatuko dion pertsonaren bila abiatu dira. Kasu honetan sokan bertan dagoen pertsona bati dantzatu dio. Bukatu eta beste pertsona baten bila abiatu dira, oraingoan ikusleetako batengana joan eta plazara sartu dute. Atzeskuak dantzatu dio hari. Bai aurreskuak eta bai atzeskuak euren familiako kideei dantzatu diete eta bukatutakoan besarkada estu batean elkartu dira.

Segidan, beste buelta pare bat eman dute plazan eta ondoren berriz ere dantzatu dute desafioa aurreskuak eta atzeskuak. Gero, biribil handi bat osatu eta fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte elkarrekin. Kalejiran saltoka eman diote bukaera San Martin bezperako soka-dantzari.

Eguneko lanak bukatuta parranda giroan murgildu dira Amasako herritarrak, jaietako lehenengo eguna ondo bukatzeko irrikaz. Jada neka-neka eginda sentitzen naiz ni, eta etxera abiatzeko gogoa dudan arren pote bat hartzera gelditu naiz eurekin batera. Hitz eta pitz ibili gara honetaz eta hartaz. Tabernatik elkartera mugitzeko ordua heldu denean agurtu ditut oilasko-biltzaileak. Jada ilundu du eta etxera bueltatzeko garaia da. Auto aldera joan, irratia piztu eta bideari ekin diot.

Argazkiak: Amasa: San Martin 2022 Oilasko biltzea eta dantza-soka

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.