Dokumentuaren akzioak
Gerrako ibilerak dantzan Tapiarekin
Kezka dantza taldea
Juan Antonio Urbeltzek irudikatu bezala, dantzan jarriko ditugu Joseba Tapiaren Agur Intxorta Maite diska gogoangarriko gerrako kantak. 36ko Gerra hasi zutela 90 urte beteko dira aurten, eta hori gogoratzeko memoria dantzan jarriko dugu; oroimen historikoa, euskal musika, kantagintza eta dantza uztartuko dituen ekitaldia antolatu dugu Eibarko Klub Deportiboak antolatu duen 61. Euskal Jaian.
Errautsen gainean dantzan
1936ko uztailaren 18an militar doilorrak altxatu eta gerra hasi zutela 90 urte beteko dira aurten. Horrekin batera, 25 urte dira Joseba Tapiak guda zital hartako memoria jasotzen duen Agur Intxorta Maite diskoa kaleratu zuela. Gerraren lekukotasun gogorra eta sentibera da Izagirre eta Tapiaren diska. Kanta horietan abesten diren bizipenak, trajediak eta komeriak dantzan jarriko ditugu; gure herria suntsitu zuen gerra ankerra ez daukagula ahazteko agertuz musikaren, kantuaren eta dantzaren bidez.
Gerrako fronteak zazpi hilabete egin zituen Eibarren, Elgetan eta inguruotan. Intxorta, Akondia, Kalamua eta inguruko mendi, baserri eta auzoetan gerrak ekarri zuen hondamena latza izan zen eta hori bizi, sufritu zutenak eta haien ondorengoak betiko markatu gintuen. Eibartik atera ziren gudarien komeriak umorez kantatu zituen Pepe Bolunburuk, beren buruaz barre egiten duen "Gerrako gure ibilerak" kanta xelebrean: "denbora dana pasatu degu, hegazkiñen igesian; purga beharrik ez degu izan, gerra denbora guztian".
Baina agurtu gabe hildako senide eta lagunen hutsune minberari diktadura ankerrak jarraitu zion; zauriak karez estali nahi izan zituzten. Gerra eta herriaren suntsiketa ez ziren gertatu, egin egin zituzten. Desagertarazi nahi izan zuten kulturaren eta herriaren memoria aldarrikatzeko gatoz gerrako kantuak dantzan jartzera. Hemen gaude, errautsen gainean dantzan.
Odol gorrituz gainbera
"Agur maiteño, gudara noian, askatasuna zaintzera, ez egin negar, zergatik laster, etorriko naun etxera" kantatu zien Juan Ezenarrok etxekoei 1937ko apirilean "Gudara noian" kantan. Itxaropen izpirik bada kantu batzuetan, baina gerraren trajeria beltza familia galdu duenaren ahotik kantatu zuen Joxe Zapirainek "Len amar lagun giñan etxean" gogoangarrian. "Bi seme illak, beste bi preso, beste bi non dan ez jakin" egiten du intziri; "lehen hamar lagun giñan etxian, ta orain hiru bakarrak".
Gerraren eztanda beldurgarria kontatzen digu Ekaitza kantak, zorigaiztoko biharamuna, "uztailaren emeretzia, egun beltz ta pozoitsua" irudikatuz. 1936ko abenduan Joxe Mari Lopetegik jarritako hitzak dira, Tapiak doinuz jantzita, diska irekitzen duen Ekaitza kantuaren muinean. "Tximista gaixtoan sua" lehertzen da eta "odol gorrituz gainbera asi zan uholdero Bidasoa". Lopetegik "Hamaika amaren seme galdu da" madarikatzen du azken puntuan; "ai, seme gizagaixua".
Irradakan dantzatzen erakutsi digu Urbeltzek
Orain urte batzuk, Argia dantzari taldean, Juan Antonio Urbeltzek proposatu zigun gerrako kantak biltzen zituen Tapiaren diska horretako lehen kantarekin, Ekaitza izenekoarekin GUrpilean, borobilean, irradakan dantzan egitea. Komunitatea zirkuluan dantzatuz batzen da. Urbeltzen hitzek gidatzen gaituzte dantzan. Euskaldunak GUtik dantzatu behar gara aurrera egingo badugu. Ez dugu etorkizunik 'zu' eta 'ni' bakarka dantzatuz. GU GARA edo ez gara izango.
Tapia dantzaren trintxeratik
Dantzaren trintxeran arnasten du Tapiaren trikitixak eta papereko kantak dantza bihurtu zituen esku-soinutik pasata. Fandango, balts, tango, habanera edo kalejira, dantza dira orain, lehen kanta zirenak. Urbeltzen eta Tapiaren aberrian, irradakan, kontra-dantzan, esku-dantzan, ingurutxoan, fandangoan, tangoan, soka-dantzas, baltsean, kalejiran, polkan, dantza-luzea eta habaneran dantzatuko gara GU.
Nor gara GU; Zer gara GU
Joseba Tapiak zuzenean kantatuko ditu diska horretako piezak eta beste hiru musikari eder arituko dira berarekin: Arkaitz Miner biolin eta gitarra jotzailea, Iraide Ansorena perkusionista eta Quico Puges txelo-jotzailea.
GU dantzan jartzeko kantak zirela sentitu zuen Urbeltzek, eta horrela, dantzan biziko ditugu Argiaren sokara helduta dantzatzen garen dantzariak: Haritz (Elgoibar), Gure-Kai (Deba), Txindurri (Ermua), Gorosarri (Eskoriatza) eta Kezka (Eibar) taldeen eskutik arituko diren 300 dantzariak.
Lehen lau dantzak prestatuta ekarriko dituzte dantzariek. Ondotik, plaza irekita izango da nahi duten guztientzako. Agur Intxorta Maite diskako kantak eskainiko dituzte Tapia, Miner, Ansorena eta Puges-ek. Belarriak goxatu nahi dituenak entzun; mingaina dantzatu nahi duenak kantatu; oinekin kantatu nahi duenak dantzatu.
Zatoz. Juan Antonio Urbeltzek irudikatu bezala, dantzan jarriko ditugu Joseba Tapiaren Agur Intxorta Maite diska gogoangarriko gerrako kantak.
Gerrako ibilerak dantzan
- Data: 2026ko maiatzaren 30ean, larunbata, 12:30ean.
- Ordua eta tokia: Untzaga plaza, Eibar
- Musikariak: Joseba Tapia, Arkaitz Miner, Quico Puges, Iraide Ansorena.
- Dantzariak: Kezka dantza taldea (Eibar), Haritz dantzari taldea (Elgoibar), Gure-Kai dantza taldea (Deba), Gorosarri dantza taldea (Eskoriatza), Txindurri dantza taldea (Ermua), eta Argiaren sokan GUka dantzatzera batzen diren herritar guztiak.
- Ekitaldia: Gerrako ibilerak dantzan Eibarko Euskal Jaian
- Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboa
Dantza-ekitaldiak Eibarko Euskal Jaian
Maiatzak 30, larunbata
- 12:15 Eibarko Dantzarien kalejira. Errebaletik Untzagara.
- 12:30 Gerrako Ibilerak Dantzan Untzaga plazan. Musikariak: Joseba Tapia, Arkaitz Miner, Iraide Ansorena eta Quico Puges. Dantzariak: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure Kai (Deba), Txindurri (Ermua) eta Gorosarri (Eskoriatza).
- 15:00 Bazkaria Errebalen Bentazaharreko Mutiko Alaiekin.
- 18:15 Kalejira Errebaletik Deportibora.
- 18:30 Erromeria Eingo taldearekin Deportibo aurrean.
- 20:00 Larrain-dantza Tolosako gaiteroekin Deportibo parean eta Kultu parean Tolosako gaiteroekin.
61. Euskal Jaiaren programa osorik hemen
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19



