Dokumentuaren akzioak
Zirkularra eta lerroari buruzko ohartxoa
Juan Antonio Urbeltz
Lagun maite batekin hizketan, gure euskal hizkuntza zaharrean —zaharra izanagatik ez du esan nahi originala ez denik— zirkuluaren eta lerroaren artean dagoen bereizketa, berak ezagutzen ez zuena, aipatzen ari ginela, ondoren datozen ohar batzuk ematea erabaki nuen.
Apunteak duela urte batzuk hartu nituen, Resurrección Maria Azkueren Diccionario Vasco–Español–Francés-etik, 1969an La Gran Enciclopedia Vascak berrargitaratua, Jose Maria Martin Retanak zuzendua.
Has gaitezen. “Zirkular”en nukleo semantikoa GU da; hortik dator, adibidez, “gurpila”, hau da, GUrpil; edo “gurdi”, gurpilen gainean doana, GUrdi. “Barrika”ri, biribila edo zirkularra, bakoitzak nahi duen bezala, GUpel esaten zaio; nahiz eta tradizionalki kupela hitza ere asko erabili izan dugun.
Gaztelaniazko “nosotros” euskaraz GU da; “nosotros somos”, GU gara; eta “padres”, GUrasoak. Azalpen labur honen ondoren, ikus dezagun orain zer den “zuzen” edo “lineala” dena.
“Gu”tik kanpo dagoen guztia, hau da, “zirkularra” edo “biribila” denetik at, “zuzena”,“lineala” da; linealtasunaren muin semantikoa ZU da. Hortik datoz, besteak beste, ZU bera gaztelerazko “vos” edo “usted” izango litzatekeena; ZUtik, “tente”; ZUtikako, “euskarri”, “ZUtabe”, “ZUtoin”; eta ZUzen, “egokia”.
Argi dago GU zirkularrari kontrajartzen zaiona lineala dela, ZU alegia. Gure dantza asko zirkularrak dira, eta berezitasun bat dute: erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan dantzatzen dira. Beste ezaugarri bat ere bada aipatzekoa: eraikitzeko moduan nolabaiteko izaera “kaotikoa” dute. Haien esaldi musikaletan dagoen irregularitateak argi erakusten du memoriara jo behar dela dantzatu ahal izateko.
Erretorika eskoletan, Jesusen Lagundiak zuzendutako ikastetxeetan dantza-eskolak ematen ziren. Uste dut Juan Ignazio Iztuetak bere musika-koadernoan jaso zituen soinu-zaharrak, ez zirela inoiz Gipuzkoako folklorean parte izan. Nire iritziz, Iztuetak dantza-maisu baten apunteak bereganatu zituen. Horrela, konpas kopuru txikiko dantza “kaotikoetatik” abiatuta, 13 konpaseko Txipiritona, 32ko Billantziko edo 38ko Upelategi, eta 58ko Ondarrabia txikia; gauzak gero eta konplexuago bihurtzen dira 96 konpaseko Ehun dukatekoa, 242ko Galantak, 334ko Donostiako zortzikoa, eta azkenik 400etik gorako Kuarrentako erregelak; azken melodia horrekin ixten da soinu-zaharren auzia.
Zalantzarik gabe, irakaskuntza-eredu baten aurrean gaude, konpas kopurua handitu ahala konplikatzen doan eredu batean aurrean.
Jo dezagun orain memoriaren kontura, Kuarrentako erregela izenez ezaguna den soinu-zaharraren atzean dagoena erakutsiko dugu. Esaldi bakoitza errepikatu egiten da, konpas kopurua bikoiztuta.
- 15 konpas 8+5+2
- 12 konpas 6+6
- 11 konpas 5+2+4
- 12 konpas 8+4
- 13 konpas 5+2+6
- 11 konpas 5+6
- 11 konpas 4+3+4
- 9 konpas 4+5
- 15 konpas 4+6+5
- 13 konpas 4+6+3
- 10 konpas 6+4
- 14 konpas 8+6
- 12 konpas 6+6
- 8 konpas 8
- 14 konpas 8+6
- 12 konpas 6+6
- 8 konpas 8
- 18 konpas 6+6+6
Kuarrentako erregelan bi irregulartasun batzen dira: alde batetik, esaldi musikalek duten neurri desberdintasuna, eta bestetik, horietako batzuetan ageri den barne-banaketaren irregularitatea. Harrigarria dirudi denboran zehar izan duen iraupena, baina eredu konplexu horrek ondo egiaztatzen du — Hesiodoren Teogonia-n bezala— dantzaren jatorria.
Laburki, gauzak honela izan ziren: lehenik Hesiodo-k Kaosa kokatzen du […] ondoren Gea-k Urano-rekin elkartuta Mnemósine —memoria— sortu zuen; harek bederatzi gauetan Zeus-ekin elkartu ondoren bederatzi Musak jaio ziren, eta horietako bati, Terpsícore-ri, dantzaren zaindaritza esanguratsua egokitu zitzaion. Dantza, beraz, Memoriaren alaba eta Kaosaren biloba da.
Honaino esan nahi genuena.
GORA GU TA GUTARRAK
Lagun maiteari besarkada batekin, hemen doa nire agurra.
Bestalde, Amaiur Aristi Arregiri eskerrak eman nahi dizkiot, Zirkuluari eta Lerroari buruzko saiakera hau niretzat ezezagunak ziren alderdiekin osatzeagatik. Eskerrik asko, Amaiur.
Donostia, 2026.II.13
Dokumentuaren akzioak
Oier Araolaza
Erantzun
Juan Antonio Urbeltz


