Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantzak, soka-dantzak, arku-dantzak... XV-XVI. mendeetako Nurembergeko inauterietan
XV eta XVI. mendeetan "Schembartlauf" izeneko inauteri animalekoa ospatzen omen zuten Alemaniako Nuremberg hirian. Inauteriak noiz eta nola sortuak izan diren nekez azaltzerik badago ere, azalpen historikoak han eta hemen agertu ohi dira, eta Nurembergeko inauteri honetan ere, hiriko ofizialen matxinada bat aipatu izan da jatorri moduan. Diotenez, harakinek erakutsitako leialtasuna saritzeko sortu zen inauteria.
Inauteriak ez zuen lortu denboraren joan-etorriari bizirik irautea, ez da egundaino heldu (ez garai bateko indarrez behintzat) baina hainbat irudietan geratu da gordea bere lekukotza, "Schembartbücher" izeneko liburuan, esaterako. Gaur hona ekarri nahi izan ditugu irudi horietako batzuk. Bertan ikusiko ditugu, gaur egun ere, eta gurean berean, bizirik dirauten hainbat dantza molde: ezpata-dantzen, arku-dantzen, soka-dantzen irudi ikusgarriak!
Aipatu dugu harakinen gremioaren ospakizun gisa sortu zela "Schembartlauf". Azpiko-soka dantzan antzeman dezakegu hori, izan ere, dantzariek eraztun itxurako betekiekin lotzen baitituzte eskuak. Horrez gain,arreta deitu digute aurreskuak eta atzeskuak eskuetan daramatzaten makilek (Nafarroa Behereko dantza-luzeetan darabiltzaten udare-makilen gisakoak, agian?) baina honako honetan, harakinak direnez gero, ardi eta ahuntza (?) txiki batzuekin apainduak. Zaldiko ezpatariak ere ikus ditzakegu irudian, goian eta behean. Zaldikoek han eta hemengo dantza zahar nahiz berrietan izan duten eta duten presentziaren beste adibide bat, beraz
Soka-dantzez gain, ezpata luzeko ezpata-dantzak ere egiten zituzten Nuremberg-eko inauteri galduetan. Azpiko irudian ikus ditzakegu bi ezpata-dantza jendetsu eta ezpatekin sortutako oinarrien gainean, beste bi ezpata-dantzari borrokan.
Seguraski egun, Kataluniako "castellers" izeneko giza dorreak izanen dira genero hortako adibiderik ezagunenak guretako. "Moxiganga" izena ere hartzen dute, Valentzian esaterako, eta gurean ere baditugu neurri txikiagoan bada ere. Nuremberg-en giza dorre handiak egiten zituzten, azpiko irudian ikus dezakegunez.
"Schembartlauf" artisauen festa zela esan dugu arestian eta honakoa, arotzen arku-dantza izanen da, noski, aitzindariaren mailuari erreparatuta, edo zehatzago agian, upelgileena. Izan ere, Frantisek Pospisil-ek 1928. urtean "Schäfflertanz" edo upelgileen dantza hau grabatu zuen Munich-en. Dantzariek darabiltzaten uztai borobilek (upeletan erabiltzen direnen modukoak) ere ematen digute hori pentsatzeko arrastorik.
Musikarien ilustrazioa ere deigarria da. Zeharkako xirula (pifano ere deitua) eta danborra ari dira jotzen, ezagunago ditugun danbolintero edo ttunttuneroen aldaera "militarragoa" izan zitekeena.
Nuremberg-eko inauteri eder hau 1539. urtean izan zuen azkena, Adreas Osiander apaizak adierazitako kexuaren ondotik. Geroago, XVII. mendetik aurrera, izan dira seguraski "Schembartlauf" berreskuratzeko saiakerak. 1974. urtetik nolabaiteko erregulartasunez antzezten dute, baina ez urtero-urtero ere.
Edonola, "Schembartbücher" liburuan begiratu ditzakegu 1449-1539 urteen bitarteko Nuremberg-eko inauteri ikusgarri haietako irudi ederrak.
Dokumentuaren akzioak