Jantzien kodexa, XVI. mendera bidaia koloretsua
XVI. mendeko Europako hainbat eskualdetako jantzi eta ohiturak erakusten dituen liburu ederra da "Jantzien kodexa". Espainiako Liburutegi Nazionalak digitalizatu eta sarean jarri du, eta bertako irudiez gozatzeko aukera dugu. Badira tartean, dantzako irudi ederrak. Frantzia, Ingalaterra, Holanda, Alemania, Espainia eta Ameriketako irudiak ageri dira besteak beste, eta baita "Nawarra" izenburua daramatenak ere. Hona horietako batzuk:
Lumaz egindako ilustrazioak dira, ondoren kolore biziz margotuak. "Der Spanisch Dantz" izenekoak dira hemen ageri diren lehen biak (eskuinekoa eta azpikoa). Espainiako zenbait eskualdetan (Asturias, Gaztela...) gaurdaino erabiltzen jarraitu den pandero karratuarekin dantzan ageri dira azpiko bi irudietan.


Ondoko irudietan, lehena ezezaguna gertatzen zaigun "Pisgeina" izeneko eskualdeaz ari da eta bigarrenak "Die Ivnckfrawen in Nawara" esaten du.

Emakume taldeak Nafarroan ondoko irudietan.

Ondoko irudian herritar batzuk ageri dira dantzan. Beno, ezkerreko bikotea dantzan dago, eta eskumako bikotea ere dantzan dagoela dirudi, gizonezkoa esku-luze samarra iruditzen bazaigu ere... "Der Buren dantz im Etzs land" izenburua dauka irudi honek.

Espainiako Liburutegi Nazionalaren webgunean jaso dugu XVI. mendeko Jantzien Kodexa. Ondoko loturetan liburua osorik ikusteko aukera duzue, bai irudiz-irudi eta baita pdf formatuan ere.