Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Escamot català 2018: kronika, argazkiak eta bideoak

Dokumentuaren akzioak

Escamot català 2018: kronika, argazkiak eta bideoak

2018/12/14 11:45
Escamot català 2018: kronika, argazkiak eta bideoak

Escamot català 2018 Altsasun

Sei dantzaldi hiru egunetan. Horiek, agerikoak. Gehi afalosteetan, bapateko beste dantzaldi-jai bana herrietako elkarteetan. Egonaldi trinkoa, aurtengoa. Hemen bildu ditugu Escamot català-ren aurtengo nondik-norakoak, aipatutako guztien argazki eta bideo galeriak, eta beste komunikabide batzutan jasotakoak.

Abenduak 6: Iruñea

  • Iritsi berritan, bapateko dantzaldia Mercaderes kalean.
  • 19.30: iragarritako dantzaldia Zentral-en.
  • Afaria Ortzadar elkartearen egoitzan, esker oneko oparia Mikel Lasarteri (Ortzadarreko ordezkari), eta afalondoko dantza.
  • Iruñeako musikari batzuk ere parte hartu zuten Zentraleko dantzaldian eta afal-ondokoan: Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko Mikel Petrirenak txistu eta danbolinaz, eta Maravillas gaztetxeko Dantzaldi Klandestinoko Oihan Pla sonu txikiaz, Maittane Fagoagak panderoaz, Diana Arnedok gitarraz, eta Iker Tubiak afalondokoan kajoiaz.

 

Abenduak 7: Altsasu

  • 'Altsasukoak aske' aldarrikapenaren aldeko geldialdia. Iortia kultur-etxearen aurrekaldean dantzaldia, eta etenalditxo batetan elkartasun-adierazpena irakurri zuten bertan bildutakoei (espetxeratutako gazteen senide batzuk tarteko).
  • Ahotsa.info komunikabideak jaso zuen ekitaldia.

 

Abenduak 7: Elgeta (Espaloia kafe-antzokia)

  • Hirugarren urtez, Herrixa Dantzan dantzaldi egitarauaren barruan, Elgetako Udalak lagunduta.
  • Ehun lagun inguru, hiru ordu luzez dantzan giro ederrean.
  • Bisitari berezien artean, Ahetzeko (Lapurdi) Tximeleta elkarteko zazpi dantzari etorri ziren Espaloia ezagutu eta dantzaldian parte hartzera. 
  • Julen Altzelairen taloek, ohiko arrakasta. Are goxoagoak aurten!!
  • Dantzaldian zer? Kontradantzak (Borobila, Chapelloise, ‘Arrosen baltsa’ esan ohi diogun hori…), lotuan (pasodobleak, baltsak, txotisak, mazurkak…), jotak, fandango eta arin-arina, jauziak, Kataluniako sardana eta beste dantza erraz batzuk, momentuan azalduta… Hauez gain, aurten gehiago eman dituzte Frantziako bal folk ereduan ohiko diren beste hainbat dantza: bourrée-ak, Bretainiako an-dro… Geurean oso arrotz eta ezezagun zaizkigu dantza molde hauek, baina... Escamot-eko kide Joan Codinak azaldu zidanez, Katalunian oso sartuta omen dago Frantziako bal folk eredu hori. Horren gaineko hausnarketa interesgarria ere egin genuen… Baina jendeak oso ondo pasa zuen, dantza ezagunekin gozatzen, proposamen arrotzekin saiatzen…
  • Momentu berezia, abesti batzuk eman zituztenekoa, dantzarako: jota, pasodoblea, habanera... eta bikoteak dantzan!! Amaitzeko, ohiko L’estaca, eta guztiak bilduta, Txoria txori abestia, eta esker-oneko irradaka bat.
  • Jaiak pribatuan jarraitu zuen Elgetako Oskarbi elkartean.

 

Abenduak 8: Durangoko Azoka

  • Kriskitin Dantza Taldearekin kolaborazioan
  • Durangon Folk dantza-jaialdiaren emanaldia eguerdian Landako plazan, eta jarraian, Escamot català-ren dantzaldia bertan.
  • Han ere hainbat ezagunekin topo egin, eta bildu ziren dantzara: Erdizka Lauetan taldeko Joseba eta Naroa, Lizarraldeko Herri-dantza Tailerreko Jabier eta Rakel…

 

Abenduak 8: Zarautz (Musika plaza)

  • Zarauzko Udalaren baimen eta laguntzaz, Ertaroko Azokaren erdi-erdian.
  • Jende ugari bildu zen dantzara, bi ordu luzez.
  • Beste momentu berezi bat, Ertaroko Azokako musika animazioan ari zen galiziar musikari hirukotea hurbildu, begira geratu, eta azkenean parte hartzera animatu zenekoa. Jota eta pasodoblea eman diguten gaita eta atabalaz. Ederra!!
  • Zarauzko dantzariek afari ederra prestatu zuten Kurpil elkartean. Esker-oneko opari bana Goizane Arregi Zarauzko dantza-irakasleari (Zarauzko dantzaldiaren antolatzailea) eta Esther Mendizabali (afaria antolatu eta prestatu zuten Zarauzko dantzarien izenean).
  • Afalostean, aulkiak alboratu eta ordu txikiak arte jarraitu zuen dantza-jaiak. Musikan laguntzaile, eskuz-esku jauziak eta besteak ematen, Alaken taldeko Jose Inazio Elias txistu zein txirulaz, eta Pabetik (Biarno) etorritako Sylvie soinujolea (azken hau Musika Plazako dantzaldian ere bai). Mutil-dantzetan amaitu genuen Eliasekin.

 

Escamot-eko kide Anna Agudok, Berria egunkariko elkarrizketan, elkarte gastronomikoetako esperientzia nabarmendu zuen: “Jan ostean mahaiak eta eserlekuak albo batera jarri eta dantza egitea izugarria da”. Eta bai... Dantzaldi itzuli trinko honetan berriz ere bizi ahal izan dugunez, kaleko, plazako dantzaldiak ondo daude, dudarik gabe, baina barrenekoek badute ‘beste’ xarma bat, bilduagoak, gertukoagoak, goxoagoak. Eta elkarteetako afalosteetako bapatekoak… Hor gozatu dugu!!

Argazki eta bideoek ere, irudiaren lengoaiaz azaltzen dute kronika. Argazki eta bideook ikusita, nabarmen geratzen da Escamot català ez dela bakarrik dantzaldiak. Ageriko dantzaldi pubikoetatik haratago, bidaia da, elkarbizitza da, harremanak dira… bizipena da!!

Katalunia eta Euskal Herriaren artean beste zubi bat eraikita dago...

Hemen dituzue Escamot català 2018-ko argazki eta bideo galeriak: