Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Partiturari so, ezin duzu dantzaria ikusi»

Dokumentuaren akzioak

«Partiturari so, ezin duzu dantzaria ikusi»

Atzekoz aurrera. Joan Codina. Musikaria eta dantzaria.

Musika eta dantza tradizionalaren maitalea da Codina. Flauta ikasi zuen, baina beste hainbat tresna jotzen ditu. Okzitaniako musika jotzen du talde batean. Bal folk dantzaren inguruan ibili ohi da.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/12/13
Lotura
Berria
Ecamot Catala, Kataluniako komandoa, Euskal Herrian izan da berriki; Iruñean, Elgetan (Gipuzkoa), Donostian eta Ahetzen (Lapurdi). Joan Codina musikaria da taldearen koordinatzaileetako bat (Bartzelona, 1979). Bal folk edo Europako dantza tradizionalen saioak egin dituzte, jendea dantzan jarrita. Ez dira ohiko turistak: «Bidaiatzerakoan, musikariok dugun abantaila da tokietako bizitzan sartu gaitezkeela, eta hori ederra da, zinez».

Ez zen manbo aski Katalunian?

Guretzat Euskal Herria oso berezia da, duen esanahiagatik, baina baita musika eta dantza tradizionala bizitzeko duzuen moduagatik ere. Lehenbiziko aldian, harritu ninduen jendeak kalean jotzen zuela. Hori Katalunian ezin dugu egin: baimena behar duzu, Polizia etor daiteke... Hemen, kaleko kultura gehiago dago, kalea biziago dago.

Bal folka ez da hain ezaguna Euskal Herrian...

Uste dut ez duzuela behar, zuen kultura harrigarria baita dantza eta musikari dagokionez. Behin Getxon izan nintzen trikiti jaialdi batean. Txoko batera eraman gintuzten bazkaltzera, eta, ohartzerako, trikitiak eta panderoak alde guzietarik atera ziren. Uste dut Katalunian musika tradizionala galdu dela garai batean, edo agian gaurkotasuna galdu du, eta beti zerbait oso folkloriko gisa ikusi da; aspergarri gisa ere bai. Beraz, tradizioaren alorrean ongi pasatzeko jendeak beste zerbait behar zuen, eta folka ailegatu zen, eta pixka bat inbaditu gintuen. Baina gauza on bat ekarri zuen: folkari esker, Kataluniako musikaren gaineko interesa piztu zitzaigun berriz.

Interes hori berreskuraturik, egoerari itzulia eman diozue?

Lan handia egiten ari gara, baina bide luzea dugu egiteko. Kataluniarren jarrera oraindik zera da: euskal fandangoa joko duen talde bat, «zer ona!»; Okzitaniako dantzak, «zer ongi!»; orain sardana, «hara, zer aspergarria». Hori aldatzeko lanean ari gara, eta, egia esan, belaunaldi berrietan jarrera aldatzen ari da.

Zuek ez duzue soilik Kataluniako dantza tradizionala egiten, baina.

Guk denetarik egiten dugu, eta katalana ere bai. Geroz eta gehiago ari gara kontzientzia hartzen. Badira Kataluniako musikan espezializatu diren taldeak, Frantziako ereduari jarraikiz, eta hori nahiko berria da. Hala ere, katalana bakarrik egiteak badu militantzia puntu bat, besteek gehiago saltzen dutelako.

Musikaren bueltan bizi izan zara beti. Zer eman dizu musikak?

Batik bat jendearekin harremanean jarri nau.Nire gurasoen ondoren, hobekien ezagutzen nauten beste helduak nire musika irakasleak dira. Musika klasikoan hezi naute, eta hor ere ahozko tradizio handia dago. Eskolak daude. Jotzeko moduan irakasleen gauza asko ditut.

Dantzarekiko grina geroago ailegatu zitzaizun. Zergatik?

Seguruenik aurreiritziengatik, baina ez dakit. Inoiz ez nuen planteatu. Dantzatzea maite nuela sentitzea izan zen nire lehenbiziko sorpresa. Uste nuen ez nintzela horretarako gai. Orain bai, izugarri maite dut.

Noiz hasi zinen dantzarekin?

Beti egon da nire bizitzan, baina oharkabean igaro da. Frantzian ikasten nenbilela ulertu nuen dantza tradizionalaren testuingurua. Itzela zen. Oso presente zuten dantza, eta oso barnean. Orduan nik neure buruari galdetu nion: «Eta katalanek, zer dugu?». Hor aldatu nuen ikuspuntua. Baina, batik bat, dantzan ongi pasatzeak erakartzen nau. Musikari gisa ere, ikuspuntu hau ezagutzea ona da. Partiturarik gabeko musikariak ezagutu nituen, belarriz jotzen dutenak.

Molde horretan jotzen duzue Escamot taldekoek?

Filosofia da ez dagoela ez entsegurik, ez partiturarik. Partiturari so, ezin duzu dantzaria ikusi. Arrisku puntu bat du, baina tradizioari lotutako funtzionatzeko modu horren aldeko apustua egiten dugu. Komunikazio handia behar izaten da.

Dantzan ikasi duzu; zer ikasi duzu dantzan?

Dantza beste kultura batzuk ezagutzeko modua da. Jaialdietan ezagutzen ez dituzun eskualdeetako dantzak eta musikak ezagutzen dituzu, kolpean. Eta dantza kolektiboetan, pertsonak. Bat-batean, pertsona bat ailegatzen da zure aurrera. Lehenbiziko kontaktua fisikoa da. Hori oso interesgarria iduritzen zait.
 JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS 

Dokumentuaren akzioak