Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Christian Pacher-ekin dantzaldia: kronika

Dokumentuaren akzioak

Christian Pacher-ekin dantzaldia: kronika

2019/05/06 13:45

Apirilaren 28an Christian Pacher abeslari eta musikaria izan genuen dantzaldia ematen Espaloia kafe-antzokian. Bezperan Ahetzen (Lapurdi) Frantziako Poitou eskualdeko dantzen ikastaroa eman zuen (bertakoa baita), eta gauean dantzaldia Baionan, Zeina euskal taldearekin batera.

Espaloian ohi baino dantzari gutxiago bildu ginen oraingoan, berrogeita lau (Pazko Astea zelako, beharbada...), baina horri esker ere bizi joan zen dantzaldia, eta leku nahikoa gustura dantzatzeko.

Soinu txikiaz eta abesten, eman zizkigun ohiko balts, schottisch, polka... bourrée doinu bat ere eskatu genion, guk ingurutxo eran dantzatzeko. Horiez gain, Poitou eskualdeko lau dantza proposatu zituen, Aniez Perez-en laguntzarekin azalpenak ematen. Lau dantzak bikoteka egitekoak, modu errazean proposatu zituzten, eta halaxe hartu genituen, momentuan gozatzeko moduan. Hauek:

  • Marchoise ronde: korru bakarrean bikoteka, oso erraza.
  • Avant deux: Poitou eskualdeko kadrile sistema (kontradantzak), esan genezake.
  • Maraichine ronde
  • Bal limousine

Amaitzeko, oparitu zizkigun Lantzeko zortzikoa eta orain hogei urte berak konposatutako fandango eta arin-arina. Irradakan itxi genuen, Christian ere korruan hartuta. Gustura jardun genuen dantzan. Gozatu genuen, baita ere Poitou-ko dantza erraz (erraztu) horiekin. Sistema erraza zen, guztiak kontradantzen lojikan, urrats errazean.

Osteko afarian azaldu zigunez, Poitou eskualdean ere berreskuratu da herri-dantza, dantzan elkartzeko ohitura, eta indarrean dago, baina ia erabat gazteen eskutik. Adinekoek ez omen diote zaletasun horri heldu berriz. Bertako herri-dantzaldietan, batez ere Poitou bertako dantzak erabili ohi dira, sobera bait dituzte, eta ohiko baltseuak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.