Dokumentuaren akzioak
Arrasaten bi dantzaldi bertako musikariekin: kronika
Arrasaten, amaitu berri dugun udazkenean, bi dantzaldi antolatu ditugu kalean. Biak ala biak bereziak, herriko musika-taldeekin dantzatu garelako.
Komunikabideetan berrienari lehentasuna eman ohi zaionez, azkenarekin hasiko gara: Santamasetako dantzaldia, abenduaren 21ean (Santamas bezpera Arrasaten).
Santamasetako dantzaldian proposamen esanguratsua plazaratu dugu aurten: 'tokian tokikoa' leloari helduta, herriko musika-taldeek jo, eta herritarrak dantzan. Arrasateko Trikitixa Eskolako ikasle-irakasle taldetxo batek, Arrasateko Gaiteroek eta Udalaxpe Txistulari Taldeak eman dute aurten. Dantzan berrogeita hamarretik gora herritar, heldu zein gaztetxo. Inguruan begira, ikusle mordoxka: helduak, haurrak, familiak... 18:30etan Erraldoi eta Kilikien Konpartsa bertatik abiatuko dela eta, haien zain dauden bitartean, musika eta dantzak erakarri ditu. Parte-hartzeko beste modu bat da, musika entzunez, musikari eta dantzariei begira, eta gorputza astintzen edo dantzan parte-hartzen ere bai.
Erraldoiak abiatuta, ekin diogu berriz dantzaldiari txistularien doinuan. Amaitzeko, Santamasetan gaudela, Txerri-dantzaren bertsio erraztua dantzatu dugu.
Santamasetako dantzaldian inflexio puntua izan nahi luke aurtengo ereduak. Santamas jaiek berezkoa dute kutsu herrikoi eta parte-hartzailea. Horregatik, datozen urteetan ere "Santamasetako dantzaldia" izen horrekin eta eredu parte-hartzaile honetan ematen jarraitu nahi genuke: herriko-musika taldeen parte-hartzearekin, eta dantzaldia Santamas bezperako arratsaldean errotuta.
Puntaik-punta jaialdia
Urrian Puntaik-punta jaialdia (Debagoieneko bidezidorren jaialdia) Arrasaten egokitu da. Aurtengo edizioan, izendun 'kanpoko' artistak baino, 'bertako' baliabideak sustatu nahi izan dituzte, eta hala, herriko elkarte eta ekimenak gonbidatu dituzte parte hartzera. Ideia horrekin, dantzaldirako ere proposamen berezia egin genuen: bailarako arrabitari taldearekin ematea. Juxtu aurreko ekainean Ezoziko erromeriarako (Soraluze) prestatu genuen dantzalditxoa, eta esperientzia polita izan zenez, Debagoieneko Puntaik-punta jaialdira ekartzea ere egokia iruditu zitzaigun.
Hamaika musikari oholtzan: arrabitak (batez ere), bi txelo, bi gitarra, eta zeharkako txirula. Guztiak ere, bailarako musika-irakasle eta -ikasleak. Azken urteotan, elkartzeko eta bailaran emanaldi xumeak egiteko ekimena izan dute. Aurtengo erronka berria, Ezozin eta Arrasaten, beraien errepertoriokoak eta beste batzuk dantzarako moldatu ditugu.
Arrabitari taldearen errepertorioan 'kanpoko' doinuak dira nagusi (AEB-etako edo zeltiar jatorriko polka, jiga, baltsak...). Geurean dantzatzeko moldatu genituen, horrela:
- Andro aire bat (?): Iparraldeko martxen moldea hartuta antolatu genuen, sokan.
- "Waiting for the federals" (AEB polka): Chapelloise eran moldatu genuen
- Bi jiga zeltiar: Borobila eran moldatu genituen.
- "Walts of the little girls" (baltsa): kontradantza bat sortu genuen, hiruko erritmoan.
- "Estonian waltz": lotuan (baltsa + polka)
Gertuagoko beste batzuk ere gehitu genizkion zerrendari:
- "Ball rodó de Menàrguens" (Lleida): korruan
- "Kontradantza-2" (Kazkabarra folk taldea): kontradantza moldean
- Jauziak: Zazpi jauziak eta Marianak/Hegi.
- "Saka / Artikutza" (CD 'Hariari tiraka'): Fandango eta arin-arina
- "Orpo-punta" ezaguna: joko-dantza moldean
- ... eta irradakan + biribilketan amaitu genuen, musikari eta dantzari, guztiak sokan bilduta.
Argazki eta bideo galeriak hemen:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
HERRIXA DANTZAN
HERRITARRAK PLAZAN ELKARREKIN DANTZAN
Plazako dantza tradizionala ikasi, aberastu, elkarrekin gozatu eta zabaldu.
Dantza... jalgi hadi plazara!!
HARREMANETARAKO
Patxi Montero
Tel. / Whatsapp: +34 675944609
Telegram: t.me/herrixadantzan
- Euskal Herriko plazetarako dantza berriak
- Bideo erreportaia: GoiTB 2018-01-30
- Bideoa: Herrixa Dantzan zuzenean 2010-03-28
- Argazki erreportaia: 2010-03-28
- Argazki erreportaia: 2016-02-28 (Goiena)
- Argazki erreportaia: 2017-09-30 (Goiena)
- Argazki erreportaia: 2018-11-17 (Eltzia Eguna, Oñati)
- Argazki erreportaia: 2019-11-24 (Goiena)
- Hemeroteka
- Dantza-ikastaroak: ikasleentzako baliabideak