Irrintzi dantza taldea – Zumarraga (Gipuzkoa)
Uztailaren 2an, Santa Isabel egunez, Antioko ermitan egiten den egun osoko festak kutsu berezia du zumarragar zein urretxuar askorentzat. Bertan Zumarragako ezpata-dantzak hartzen du festako protagonismo nagusia. Goizean goiz dantzariek, txistulariekin batera, Antio aldera jotzen dute, oinez. Meza nagusia baino lehen, eliza barruko dantzak egiten dira aldare aurrean, Ama Mariaren ohorez; meza bukatu eta gero kanpoan, herritar guztien aurrean. XVI. mendetik aurrera dantza eta festa honen inguruko informazioa ugaria da.
Badira 50 urte Irrintzi Dantza Taldeak eta Antxinako Ama Txistulari Taldeak egun honetan dantzan egin eta txistua jotzeko ardura hartu zutenetik, eta oraindik ere horretan dihardute. Hainbeste urtetan erritoak hainbat aldaketa eta anekdota izan ditu. Esaterako, 2015. urtean neskek lehen aldiz egin ahal izan zuten Zumarragako ezpata-dantza. Dantza talde osoarentzat nahiz herritar askorentzat egun berezia izan zen.