Dokumentuaren akzioak
Orok-batek jantzi berriak erakutsi ditu Saint-Pierre eta Mikeluneko euskal festa historikoan
Euskal dantzak diasporako toki askotan oinarrizko kultur adierazpidea izaten segitzen du. Eta Saint-Pierre eta Mikelune, edo SPM, ez da salbuespena. Abuztu erdialdean, SPMko Orok-bat dantza taldeko dantzariek jantzi berriak estreinatu zituzten, eguzkiak berotutako asfalto gainean egindako ikuskizun bizian. Airean 18 gradu izan arren, eguzkiak eta % 90eko hezetasunak berotutako egun izerditsua zen; ozeano hotzetik noizean behin zetorren brisa freskoak eta garagardo hotzek arindua ematen zioten. Beroa gorabehera, dantzariak ekinean ari ziren, eta jantzi estreinatu berriek marka garrantzitsua ezarri zioten taldearen historiari.
1935ean SPMn zegoen euskal gizon talde txiki batek makila-dantza ikasi eta eman zuen. 1960an ofizialki sortu zuten Orok-bat elkartea. Hasieran gizonak bakarrik aritzen ziren, eta makila-dantzak ikasi eta egiteko tradizioari eutsi zioten.
Orain, 64 urte geroago, Nathalie Briand elkarteko presidentea gogor ari da lanean Orok-baten jarduna mantentzeko.
“Pixka bat pertsonala dela uste dut”, dio. “Dantzatzea izugarri gustatzen zait. Duela hiru urte taldeko zuzendaritza hartu ez banu, beste inork ez zukeen ardura hartuko, eta taldea desagertu edo gelditu egingo zela uste dut”. Hartara, berak ekin zion lanari. “Taldea desagertzen bada, ez dut zereginik izango!”, dio txantxaz. Nathalie tradizioa mantentzeaz ere arduratzen da. “Garrantzitsua da gure sustraiei eustea eta Euskal Herritik gatozela esatea”.
Lainopean, Saint Pierrek kolore askotako etxe alai eta distiratsuz eratutako kale estuen erreska baino ez dirudi, han-hemen ezkutatuta dauden taberna eta jatetxe atseginekin. Baina lainoa altxatzean, eta eguzkiak harrizko muino berdeak, ozeanoko ur gardena eta inguruko uharteak argitzen dituenean, bistan geratzen da leku berezia dela.
Ternuatik gertu dagoen Frantziako artxipelagoak 6.000 biztanle ditu, eta frantziar estatuak Ipar Ameriketan duen azken gotorlekua da. XVI. mendean dagoeneko, eta XX.eraino, bertako gehienek bakailao gaziaren industrian egin zuten lan. Euskaldunak normando eta bretoiekin batera aritzen ziren arrantzan, bakailaoa bertako txalupatan garraiatzen eta, harrapakinak garbituta eta gazituta, zelaietan atondutako harrizko hobietan kontserbatzen. Bertakoek diote “hiru eguzki-argi” behar direla arrainak lehortzeko. Hiru talde etnikoak SPMren banderan ordezkatuta daude, eta euskal eragina nabarmena da hiri osoan.
Beharbada, elementu esanguratsuena pareta bakarreko frontoia da, euskal etxetik gertu, aire librean dagoena. Egurrez eraikitako lehen frontoia zorigaitzeko sute batean erre zen, eta hormigoiz berreraiki zuten 1906an. Laranja koloreko horman jokatzen dute pilotariek, eta dantzarientzako agertokia ere bada.
SPMn dantza ez da belaunaldiz belaunaldi transmititu. Oro har, dantzariak ikusteak interesa pizten dion jendea batzen da taldera. “Inork ez du etxean dantzatzen”, dio Nathaliek. “Nire gurasoek ez dute dantzarik egiten. 16 urterekin hasi nintzen dantzan”. Baina taldean sartzen diren dantzariek grina handia dute.
Gaur egun, Nathaliek 12-15 pertsona helduko taldea zuzentzen du. Gehienak 40 urtetik gorakoak dira, eta erregulartasunez entseatzen dute. COVID-19aren pandemiaren aurretik haur batzuek dantza egin zuten, baina oraindik ez dira itzuli. Gustatuko litzaioke haurrak berriro hastea, baina zaila da haurrak erakartzea. “Jarduera ugari egiten dituzte —futbola eta hockeya neguan— eta haurrak guztietan aritzen dira, baina euskal dantza ez da egin nahi duten lehen gauza”, aipatzen du Nathaliek. Era berean, taldeak musikariak izan zituen, baina azken urteetan ez dago inor; ondorioz, grabatutako musikarekin aritzen dira.
Gaur egungo teknologiari esker, erraz eskura daitezke bideoak eta sareko baliabideak, eta Nathaliek dantza berriak ikasteko edota urratsak eta koreografiak behar bezala egiten ari direla baieztatzeko erabiltzen ditu, baina ezerk ez du gainditzen aurrez aurreko instrukzioa. Orok-bat taldekoek noizbehinka bidaiatzen dute, eta era berean, uhartean izan diren bisitariek eragin handia izan dute taldearen norabidean.
70eko hamarkadan Jean Claude Irabide biarriztarra uhartean izan zen, eta taldearentzat enblematikoak diren dantza asko erakutsi zizkien, gaur egun oraindik egiten dituztenak. “Une hartan Euskal Herrian ohikoa zen Bizkaiko zein Gipuzkoako dantzetako elementu gutxi batzuk hartu eta nahastea”, dio Nathaliek. “Berriz ere euskal dantzan hasten lagundu zigun. Urte haietan Jean-Claude etorri zen hona, dantza horiek erakutsi zizkigun, eta nahastutako dantza horiek mantendu genituen. Euskal Herrian jatorrizkora itzuli ziren. Beraz, agian gaur egun ezin da beste leku batean ikusi, hemen bakarrik”.
1970etik zenbait bisitariren eragina izan du taldeak: Diane Fagoaga ainhoarra (1990), Gari Otamendi donostiarra (2016), eta berriki, Pierre Latasa Goya lohizundarra (2022).
Latasa Goyak jantziaren garrantzia azpimarratu zien. Dantza bakoitzari jantzi bat dagokiola eta ezaugarri zehatzak dituela erakutsi zien, baita josteko trebetasunak ere, hala nola: tolesdurak, mantalak edota barruko arropa. “Ordura arte, uste nuen ez zitzaidala jostea gustatzen, baina orain izugarri gustatzen zait”.
Joan zen neguan, Nathaliek zuzendutako ikuskizuna prestatu zuen taldeak: Spectacle de Dances Basques (Euskal Dantzen Ikuskizuna). Ikasi berri zuen trebetasunari esker Nathaliek arropa-pieza berri asko diseinatu eta josi zituen taldearentzat. Ekainean estreinatutako ikuskizunak hiru zati zituen, eta zati bakoitzeko dantzetarako propio prestatu zituen jantziak. Bankuen Korua SPMko euskal abesbatzak ere parte hartu zuen, zati bakoitzaren artean dantzariak arropaz aldatzeko astia izan zezaten.
Euskal jaian joan den abuztuan berriz ere erabili zituzten jantziok dantzariek Saint Pierre eta Mikeluneko euskal festan, astebetez euskal kultura ospatzen duen duen ekitaldian. Abuztuaren 14an, asteazkenarekin, jantzi zibilekin egin zuten lehen sorta: Tafallako jota, ingurutxoa eta kontradantzak. Ostegunean, abuztuaren 15ean, pala-partida bakoitzaren artean dantzatu zen taldea –AEBtako Super Bowl finaleko Half Time Show ezagunaren eran–, Nafarroako jantziekin, –zuriz, gerriko urdin ilunekin eta lepoko ederrekin–, besteak beste, Cortesko Baltsa eta Trenzado doble dantzatuz. Igandean, abuztuaren 18an, osagarri gorridun jantzi zuri distiratsuekin amaiera biribila eman zioten festari, Otsagabiako dantzak, makila handiena, uztai-dantza eta makila txikiena dantzekin egindako suitearekin.
Komunitatearen aurrean emanaldiak berretsi zuen euskal kultura bizirik eta emankor dagoela SPMn. Nathalieren ustez, emanaldiak taldea martxan mantentzeko grina piztu zuen. “16 urte nituela hasi nintzen dantzan Orok-batean”, zioen “eta gaur arratsaldean dantza egin dudanean, 16 nituen berriro!”
Datorren urtean 65 urte beteko ditu Orok-batek. Ozeanoaren alde bietako dantzariekin harremanak saretzen eta euren tradizioa partekatzen jarraitzea espero dute.
Dokumentuaren akzioak