Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gari Otamendi dantzari donostiarrak dantza lantegiak eskaini ditu bi astez Saint Pierre eta Miquelonen

Dokumentuaren akzioak

Gari Otamendi dantzari donostiarrak dantza lantegiak eskaini ditu bi astez Saint Pierre eta Miquelonen

Ternua inguruan izan da Gari Otamendi dantzaria berriki, zehazki Saint Pierre eta Miquelon uhartetan, hango euskaldunei dantza ikastaroak ematen. Diaspora ondo ezagutzen du, eta bere esanetan Zortzigarren Probintziari "izen hutsetik areago izate hori onartu behar diogu, euskal kultura eta komunitatea zenbait belaunalditan mantendu eta hedatu dituztelako. Azken batean, guztiak gara estaturik gabeko nazio bateko kide, ezta?".
Komunikabidea
Euskalkultura
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/05/17
Lotura
Euskalkultura

Saint Pierre eta Miquelon uhartetan izan da berriki Gari Otamendi dantzari añorgarra, hango Zazpiak Bat Euskal Etxeak gonbidatuta. Otamendik harreman estua du Diaspora hainbat dantzariekin, esaterako Boiseko Oinkari dantza taldeko kideekin, Lisa Corcostegi Ontarioko dantza adituarekin, Townsvilleko euskal etxean izan zen ikastaroa ematen eta oraingo hau Saint Pierre eta Miquelonen izan den bigarren aldia izan da. Donostiarrak badu zeresanik Euskal Herriko eta Diasporako dantza munduari buruz.

-Noiz izan zara zehazki Saint Pierre eta Miquelonen eta zer egin duzu han?

Helburu nagusia zen dantzak jarraipena izatea St Pierren, nire bi asteko egonaldia amaituta. Ildo horretan, saiatu nintzen haurrek ondo pasa zezaten, eta helduei dantza berriak irakasten, baita aurretik ikasitakoak ere gogoratzen, baita dantzen sistemak eta zenbait irakaskuntza-eredu partekatzen, transmisioari eta jarraitasunari begira.

Haurrekin azken egunean emanaldi bat egin genuen, eta helduek badituzte erronkak etorkizun hurbilean. Ekainean beteko dira 200 urte St Pierre eta Miquelon frantziarren eskutan dagoenetik, eta ekainean egingo dituzten ospakizunetan euskaldunek presentzia nabarmena izango dute dantzarekin eta pilotarekin.

-Aurretik ere izana zara Saint Pierre eta Miquelonen. Nolako esperientzia izan zen?

2015eko abuztuan izan ginen Euskal Astean. Sortu berri dudan Errebal taldearekin joan ginen, zenbait musika-emanaldi egitera. Errebaleko ohiko musikariek ezin zuten etorri. Horrez gain, ez dakit apenas frantsesez, eta hala kontaktatu genuen Maider Martineau akordeoi-jole eta kantariarekin, eta Raphael Tristan biolinjolearekin. Arantzazu Muñoaren panderoarekin osatu genuen laukotea.

Nik arrabita jotzen dut, baina izatez dantzaria eta dantza-maisua naiz, eta zenbait dantza irakasteko proposamena egin genien. Hala eman genituen hainbat eskola. Alde horretatik, esperientzia aberasgarria izan zen, stpierretarrekin harremana estutzeko balio izan zigulako. Horrez gain, uste dut gure ekarpentxoarekin hango dantzazaletasuna suspertzen lagundu genuela uste dut. 

-Harritu egin zinen bazter haietan euskal kultura bizirik topatzean?

Erabat ere ez nintzen harritu. Ume nintzenetik nuen St Pierren berri, gure ama hiru urtez bizi izan zelako han, arrantzaren garaian Euskal Herriko arrantzaleei laguntzen. Batez ere harritu ninduena izan zen hango euskaldunek belaunaldi asko daramatzatela han errotuta eta, alde horretatik, nabarmentzekoa da euskal kulturak halako bizia izatea. 

-Diasporarekin harremana baduzu, Oinkarikoekin ibilia zara... Non izan zara eta nola sortu da AEBetako dantzariekin harremana?

1995an, hamabost urterekin, Boiseko Jaialdira joan nintzen Añorgako Arkaitz taldearekin. Harreman estua egin genuen Oinkari taldeko kideekin. Euskal Herrira egonaldiak egitera etorri ziren batzuk handik gutxira eta urte osoan gurekin entseatzen zuten, baita emanaldietan dantzatu ere. 2000. urtean berriz izan ginen Jaialdian. Era berean, Oinkarikoak Euskal Herrian izan diren guztietan aritu izan dira Añorgan. 2003an, 2011n...

NABOren Udalekuan monitore izan nintzen 2004an Boisen bertan eta 2006an Elkon. Laburtuz, hogei urtetik gorako joan-etorriko harrreman estua dut, batez ere Boiseko euskaldunekin. Australian ere izan nintzen, 2005ean Townsvilleko euskal etxearen irekierarekin batera. 

Hegoamerikan ez naiz inoiz izan, baina hango euskaldunekin izandako lotura 2002ko Gaztemundun hasi zen batez ere, hainbat eskola eman bainituen. 2014an berriz Añorgan izan genituen, eta ez genuen badaezpadako parranda egin. Zer lirateke harremanok festarik gabe! Nolanahi ere, esan beharra dut gaur egun dudan euskal kulturaren ikuskera osatzeko ezinbestekoa dela euskal diasporarekin dudan harremana eta hark eman didan ikuspegia [horri buruzko artikulua, hemen]

-Nola ikusten duzu Diasporako dantza mundua?

Nire ustez, oso interesgarria da dantzak euskal diasporan betetzen duen funtzioari erreparatzea. Dantza lengoaia bat den neurrian, euskal diasporako komunitateen kohesiorako eta transmisiorako funtsezko tresna da. Gogoratzen dut Jaialdin dantzan ari ginela ikusleek ikaragarri estimatzen zutela eta, batez ere, prestigio handia ematen ziotela dantzari. Paradoxa lirudikeen arren, guretzat hori berria zen. Euskal Herritik joandakoak ginen eta dantza egiten genuen. Hau da, euskal kultur jardueren artean ahaztutako ahizpa pobrearen rola betetzera ohituta geunden, eta bat-batean festaren zentroan geunden, hiru mila ikusleren aurrean dantzan. 

Alde horretatik, uste dut diasporako euskaldunek guk egin diezaiekegun ekarpenaren parekoa egiten digutela Euskal Herrian jaio ginenoi. Hizkuntzarik gabe, kultur komunitate osoak eratzen dituzte, eta transmisiorako funtsezko elementua dute dantza. Lurralderik eta euskararik gabe nortasuna eraikitzen dute, besteak beste, dantzaren bitartez. Balio ikaragarria du horrek. Noski, ez da kasualitatez gertatzen hori, Lisa Corcosteguiren moduko adituak dira horren adierazle. 

-Diasporako eta EHko dantzarien artean elkartrukea edo harremana sustatzeko proposamenik?

Gaur egun, interneti esker, materialak partekatzeko erraztasun handia dago. Era berean, internetek ekarri duen informazio-oldea kudeatzea ez da erraza. Alde horretatik, uste dut eraginkorrena dela euskal komunitateen arteko harreman zuzena, hau da, oraingoan St Pierren egin dudan moduko egonaldia. Komunitate bakoitzean murgiltzea ezinbestekoa da tokiko ezaugarri soziokulturalak ezagutzeko eta horren araberako ekarpenak egiteko. 

Uste dut oso garrantzitsua dela ez ahaztea estatu ugaritan hedatuta dagoela euskal kultura, horrek esan nahi duen guztiarekin. Horri lotuta, iruditzen zait etorkizuneko ekintzek kalitatezko etekina eman dezaten, badela garaia diasporaren autonomia jartzea jomugan. Paternalismoak alde batera utzita, diasporak irakatsi diguna mahai gainean jartzeko garaia dela uste dut. Euskal kultura eta komunitatea zenbait belaunalditan mantendu eta hedatu dituzten neurrian, zortzigarren probintziari, izen hutsetik areago, izate hori onartu behar diogu. Azken batean, guztiak gara estaturik gabeko nazio bateko kide, ezta? Harreman simetrikoak sustatuko bagenitu, Ameriketako Estatu Batuetan hain gustukoa duten win + win eredua izango genuke.

Gari Otamendi Saint Pierre eta Miquelonen dantzan Errebal taldearekin (argazkia SPM EE)

Gari Otamendi Saint Pierre eta Miquelonen dantzan Errebal taldearekin (argazkia SPM EE)


Dokumentuaren akzioak