Usurbilgo ordenantzak (1888)
Sarrera
Gauza jakina da euskarak leku apala izan duela izaera administratiboko testu ofizialetan (ikus Treviño, 2001). Udal ordenantzen kasuan, XVIII. mende erditsuko Eibarko Ordenanza Municipalac Eusqueras, Elecinuetaracoz bazter utzita (Mújica, 1908: 731-733), XIX. mendekoak dira ezagun zaizkigun bakarrak (Elosegi, 2002: 195, 201-202): Berakoak (XIX. mende hasiera; Idoate & Ezquieta, 1981), Goizuetakoak (1825 eta 1897; Satrustegi, 1996), Tolosakoak (c. 1875) eta Usurbilgoak (1888), hain zuzen. Gainera, gaztelaniatik itzuliak dira.
Oraingoan Usurbilgoak begiz joko ditugu; izan ere, inprentara eraman ziren bakarrak dira. Orduko Donostiako giro euskaltzale bete-betean, ordenantzak Josefa Barojaren inprentan argitaratu ziren, eta itzulpen lanak Euskal Itz-Jostaldien Batzarreak gainbegiratu zituen (itzulpena egiteko irizpide interesgarriez, ikus Zabaleta, 1985).
Horretaz guztiaz landara, ordenantzok orduko gizarte-ohituren (kontrolaren) erakusgarri bikaina dira. Jarraian, ohiturekin, dantzarekin eta musikarekin loturik dauden pasarte batzuk bereiziko ditut. Nolanahi ere den, dena da interesgarria, eta, inork testu osoa ikusi nahi badu, hemen ditu dokumentu osoaren irudiak.
Dantza, musika eta bertsoak
Gai batzuek buruak nahasten eta grinak txartzen dituzte
Soinu-jotzaileen bertsoek (ahozkoek zein idatziek) eta kontakizunek gai batzuk ezin uki ditzakete: hilketak, urkamendia, ezkontzatik kanpoko harremanak...

Aritzeko baimena
Agintarien baimena beharrezkoa da, kantuan eta dantzan eskean ibiltzeko.

Dantzak garbia eta morala izan behar du
Kanpotik etorritako dantzak ez dira egokiak. Edana dagoenari ez zaio dantzan sartzen utziko.

Ilunabarreraino
Ilunabarreko otoitzaren tenorean, danbolin-hotsak bukatuko dira, baimenik izan ezean.


Zintzarrotsak
Moralaren ikuspegitik ezegokiak diren gertakarien protagonistei zintzarrotsen bidez laido egiteak giroa txartzen du.

Inauteriak
Mozorroak: ez noiznahi ez zeinahi
Ezin mozorrorik jantzi ez elizkizunak daudenean, ezta gauez ere. Ezin dira, gainera, agintarien moduko jantziak mozorrotako baliatu.

Aurpegiko estalkia kentzeko baimena
Agintariek baino ezin diezaiokete inori aurpegiko estalkia ken, jokaera desegokia duenari.

Irudiak: Koldo Mitxelena Kulturunea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Biltegi Digitala. http://hdl.handle.net/10690/106091. CC-BY-SA.