Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ekaitz Santazilia Usurbilgo ordenantzak (1888)

Dokumentuaren akzioak

Usurbilgo ordenantzak (1888)

2025/10/12 20:25
Usurbilgo ordenantzak (1888)

Usurbilgo ordenantzak. 1888. urtea.

Sarrera

Gauza jakina da euskarak leku apala izan duela izaera administratiboko testu ofizialetan (ikus Treviño, 2001). Udal ordenantzen kasuan, XVIII. mende erditsuko Eibarko Ordenanza Municipalac Eusqueras, Elecinuetaracoz bazter utzita (Mújica, 1908: 731-733), XIX. mendekoak dira ezagun zaizkigun bakarrak (Elosegi, 2002: 195, 201-202): Berakoak (XIX. mende hasiera; Idoate & Ezquieta, 1981), Goizuetakoak (1825 eta 1897; Satrustegi, 1996), Tolosakoak (c. 1875) eta Usurbilgoak (1888), hain zuzen. Gainera, gaztelaniatik itzuliak dira.

Oraingoan Usurbilgoak begiz joko ditugu; izan ere, inprentara eraman ziren bakarrak dira. Orduko Donostiako giro euskaltzale bete-betean, ordenantzak Josefa Barojaren inprentan argitaratu ziren, eta itzulpen lanak Euskal Itz-Jostaldien Batzarreak gainbegiratu zituen (itzulpena egiteko irizpide interesgarriez, ikus Zabaleta, 1985).

Horretaz guztiaz landara, ordenantzok orduko gizarte-ohituren (kontrolaren) erakusgarri bikaina dira. Jarraian, ohiturekin, dantzarekin eta musikarekin loturik dauden pasarte batzuk bereiziko ditut. Nolanahi ere den, dena da interesgarria, eta, inork testu osoa ikusi nahi badu, hemen ditu dokumentu osoaren irudiak.

 

Dantza, musika eta bertsoak

Gai batzuek buruak nahasten eta grinak txartzen dituzte

Soinu-jotzaileen bertsoek (ahozkoek zein idatziek) eta kontakizunek gai batzuk ezin uki ditzakete: hilketak, urkamendia, ezkontzatik kanpoko harremanak...

Aritzeko baimena

Agintarien baimena beharrezkoa da, kantuan eta dantzan eskean ibiltzeko.

Dantzak garbia eta morala izan behar du

Kanpotik etorritako dantzak ez dira egokiak. Edana dagoenari ez zaio dantzan sartzen utziko.

1

Ilunabarreraino

Ilunabarreko otoitzaren tenorean, danbolin-hotsak bukatuko dira, baimenik izan ezean.

Zintzarrotsak

Moralaren ikuspegitik ezegokiak diren gertakarien protagonistei zintzarrotsen bidez laido egiteak giroa txartzen du.

Inauteriak

Mozorroak: ez noiznahi ez zeinahi

Ezin mozorrorik jantzi ez elizkizunak daudenean, ezta gauez ere. Ezin dira, gainera, agintarien moduko jantziak mozorrotako baliatu.

Aurpegiko estalkia kentzeko baimena

Agintariek baino ezin diezaiokete inori aurpegiko estalkia ken, jokaera desegokia duenari.

Irudiak: Koldo Mitxelena Kulturunea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Biltegi Digitala. http://hdl.handle.net/10690/106091. CC-BY-SA.

Dokumentuaren akzioak

2025/10/13 09:28
Mila esker ekarpen eder honengatik, Ekaitz.

Usurbilko ordenantza horien berri Imanoltxuren bidez, gazterik hil zen gure lagun eibartarraren bidez izan genuen. 2001ean argitaratu zuen Imanol Trebiñok "Administrazio zibileko testu historikoak" izeneko lana eta handik ekarri genuen Dantzan-era 2015ean Usurbilko ordenantzen aipamena: https://dantzan.eus/kidea/kuarrenta/imanoltxun-liburukuak

Usurbilko ordenantza horiek dituzten hainbat pasarte interesgarritan begirada berriz ezartzera bultzatu nauzu eta bere garaian ikusi ez nituen txinpartak ikusi ditut zuri esker. Adibidez, konturatu gabe nintzen zintzarrotsei eskaintzen dien arretaz, 32. artikuloko "zinzaralderik" forma hori ez nuelako identifikatu, ziur aski.

28. ataleko soinu-jotzaileei bertso-jarrietan debekatzen zitzaizkien gaiek ―"iltzalleen kondairak", "urkamendikoak" eta "gizon ta emakume arteko bear ez bezelako adiskidetasunaren gainean ipiñitako"― zintzarrotsen hotsa ekarri didate baita ere.

Mozorroen inguruko 17. artikuluak ere badu heltzeko moduko hari-muturrik. Batetik polita da zomorro darabilela ikustea, gaur egun baitirudi mozorro nagusitu dela inauterietarako eta zomorro ostera intsektuak izendatzeko. Eta bestalde, "eleiz-jantzirik" baliatzeko debekua ere azpimarratzekoa iruditzen zait, horrela koko-janzteko ohituraren berri ematen baitu debekuaren bidez.
2025/10/13 14:55
Hara, despistatua ni! horren berririk ba ote zen begiratu nuen, eta hori aurkitu ez. Tira, orain jatorrizko dokumentuaren irudiak ere baditugu. Goizuetako 1897ko irdenantzsk ere
interesgarriak, gureari doakionez.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.