Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eire Vila Abadiño, San Trokazetan

Dokumentuaren akzioak

Abadiño, San Trokazetan

2016/05/31 09:00
Abadiño, San Trokazetan

San Trokaz eguna 2016. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Abadiño Durangaldeko merindadeko herrietako bat da eta Zelaieta Abadiñoko auzo bat. Zelaietaz gain, udalerria, auzo hauek osatzen dute: Amaitermin, Astola, Gaztelua, Gerediaga, Lebario, Irazola, Traña-Matiena, Mendiola, Muntsaratz, Sagasta eta Urkiola. 7500 biztanle inguru ditu eta bi dantza talde: Talde Batuak dantza taldea eta Iluntze dantza taldea (Traña-Matienakoa). San Trokaz jaiak maiatzaren 12 eta 15a ardatz hartuta ospatzen dira eta Zelaieta da jai horiek jasotzen dituen auzoa. Bi dantza emanaldi izaten dira San Trokazetan, bata maiatzaren 12an Santo Domingo egunez, eta bestea maiatzaren 15ean San Trokaz patroiaren egunean. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 01
Santo Domingo eguneko emanaldia. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

San Trokaz jaiak

Abadiñoko jai nagusiak San Trokaz jaiak dira eta maiatzaren 12an hasten dira Santo Domingo egunarekin. Zelaietako auzoan ospatzen diren jai hauetan dantza egiteko ardura Talde Batuak-eko dantzariek daukate. Bi emanaldi izan ohi dituzte San Trokazetan, maiatzaren 12an iluntzean, azken entsegua bezala ere deitzen diotena eta maiatzaren 15ean eguerdian. Bi emanaldiak San Trokaz plazan izaten dira, udaletxe parean eguraldiak laguntzen badu, bestela plazan bertan dagoen frontoian egiten da. Maiatza heldu aurretik, zenbait aste ematen dituzte entsegutan dantzari eta txistulariek dantzari-dantza, soka-dantza eta beste zenbait dantza prestatzeko. 

Talde Batuak dantza taldea

1970. urtean sortu zen Talde Batuak dantza taldea. Ordura arte, auzo gehienetan dantza talde bana zegoen, baina 1970eko Merindade egunerako elkartu eta talde bakar bat osatzea erabaki zuten, horrela, Talde Batuak dantza taldea sortuz. Abadiñoko jai gehienetan dantzatzeko ardura dauka Talde Batuak dantza taldeak. San Trokaz jaietan dantzatzeaz gain, Urkiolan errogatiban ere dantzatzen dute abuztuko azken larunbatean. Gainontzeko auzoetako jaietan ere, behin baino gehiagotan hurbiltzen dira Talde Batuak-eko dantzariak dantzara, Mendiolara esaterako, baina askotan, bertako dantzariek, dantza talde bateko kide izan ez arren, parte hartzen dute jaietako dantza erritualetan. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 02
Talde Batuak dantza taldea. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Maiatzak 12, Santo Domingo

Santo Domingo eguna ospatzen da maiatzaren 12an eta egun horrekin batera hasten dira Abadiñon San Trokaz jaiak. Talde Batuak-eko dantzariek egun honetan egiten duten emanaldiari azken entsegua ere deitzen zaio. Izan ere, garai batean saio horretan, Abadiñoko ezpata-dantzari guztiak elkartzen ziren plazan azken entsegua egiteko. Orduko dantzari zahar, txistulari nahiz dantzan adituak zirenen aurrean dantzatu beharra zuten. Hau, dantzari erropak jantzi gabe egiten zuten, norberak zuen erroparekin. Horrela, aditu horiek aukeratzen zituzten jaietako 8 dantzariak, San Trokaz egunez dantzari-dantza eta erregelak dantzatzeko ohorea izango zutenak.

Gaur egun ez da horrelako aukeraketarik egiten, baina hala ere, tradizioa nolabait mantentzeko, egun ere ez dute ezpata-dantzari erropekin dantzatzen. Dantzariek mahoizko prakak eta alkondara zuriak janzten dituzte eta kaleko oinetakoekin dantzatzen dute ezpata-dantza zikloa. Hori, mutilen erropei dagokionez, emanaldi honetan mutilek, dantzari-dantza zikloko dantzak eskaintzen baitituzte. Neskak ordea, duela gutxi hasi ziren egun honetako emanaldian parte hartzen. Zinta-dantza eta sagar-dantza eskaini ohi dituzte, baina batzuetan baita beste zenbait dantza, beti ere dantza taldeko erropekin jantzirik.

Abadiño: San Trokaz 2016 - 03
Santo Domingo eguneko kalejira aurreko azken oharrak. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Beraz, Santo Domingo egunean, arratsaldeko 19:00ak inguruan, dantzari guztiak probalekuan elkartzen dira kalejirarekin hasi baino lehen azken entsegu bat egiteko. Bertara hurbiltzen dute Gerbas, gero kalejiran, aulki baten gainean eta kitarrarekin aterako duten panpina. San Trokaz jaietako panpina da GerbasJaietako azkenengo egunean, globo sorta ederra lotzen zaizkio eta zerura askatzen da. Panpinari ohar bat eransten zio, behin lurrera jausita, aurkitzen duenari sari bat aginduz, jausi den lekuaren parte ematen badu. Abadiñoko udaleko webgunean datu kurioso baten berri ematen da. Hemen dio, gehienetan Gerbasek hegaldi laburra egiten duela, herri inguruan erortzen baita, baina 1993. urtean, haize-bolada indartsu batek harrapatu eta 24 ordutan Inglaterraraino heldu omen zen. Gerbas, etxeko lorategian erortzen ikusi zuen bikote ingeles batek eta hurrengo urtean Abadiñora joan ziren Udalak gonbidatuta. Horrela, Abadiñoko herria eta jaiak ezagutzeko aukera izan zuten eta Gerbas euren eskuz zerura askatzeko ere.

Abadiño: San Trokaz 2016 - 04
Gerbas panpina. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Abadiño: San Trokaz 2016 - 05
Santo Domingo eguneko emanaldiko musikariak. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

20:00etan hasten da kalejira probalekutik San Trokaz plazaraino. Txistulariek, Gerbas panpinak, dantzariek eta herritarrek elkarrekin egiten dute bidea. Aurten, lau txistulari eta atabalari batek alaitu dute bidea: Mikel Azkarraga, Josu Arkarazo, Amaia Sanz eta Miriam Uria, txistulari lanetan eta Xabier Iturriagaetxebarria atabalarekin. Gerbas zortzi neska-mutikoren artean eramaten dute probalekutik San Trokaz plazaraino. Eta hiru dantzari talde bildu dira aurten. Zortzi neskadun taldea, bederatzi mutilez osatutako gaztetxoen taldea eta zortzi mutil nagusien taldea. Guztiak taldean heldu dira plazara 20:20 inguruan. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 06
Santo Domingo eguneko emanaldia. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Santo Domingo egunez, nahi beste dantzari biltzen dira San Trokaz plazan azken entsegua egiteko. Horregatik, aurten zortzi neska animatu dira dantzan parte hartzera eta 17 mutilek bi talde osatu dituzte, nagusien taldean zortzi eta gaztetxoen taldean bederatzi. Plazara sartu ahala, hiru taldetan antolatu dira, udaletxeko balkoitik jaien kartel irabazlearen berri ematen duten bitartean. Horrela, nesken taldea erdian dela eta bi alboetan mutil talde bana hasi diote azken entsegua egiteari. 

Dantzariak prest, bandera astintzeko unea iritsi da. Agintarienarekin hasi dira: banderaria guztien aurrean kokatu da, mutilen taldeak bandera agurtu du eta banderaria dantzarien erdira etorrita bandera dantzatu du. Mutilek plaza utzi dute eta neskek haien emanaldiari ekin diote. Arku-dantza, zinta-dantza eta sagar-dantza egin dituzte hurrenez hurren. Plaza utzi eta ezpata-dantzarien txanda iritsi da. Sartu dira bi mutil taldeak eta dantzari-dantza zikloa egin dute (agintariena ezik, aurrez egin baitute neskekin batera): zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launango, makila jokoa eta txotxongiloa. 

Zikloaren amaieran neskek izan dute soka-dantza edo erregelak dantzatzeko ardura aurten, aurreskularia, Nerea Azkarate izan da eta atzeskularia aldiz Miren Azkarate. Gaueko 21:00ak pasata amaitu da dantza saioa eta dantzari guztiak elkarrekin joan dira zerbait hartzera egunari amaiera emateko. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 07
Talde Batuak taldeko neskak soka-dantza dantzatzeko prest. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Hona hemen Santo Domingo eguneko emanaldian parte hartu duten neska-mutilen izenak: 

Nesken taldean, Miren Azkarate, Leire Ugarte, Nerea Azkarate, Saioa Zuazubiskar, Lorea Solana, Meritxel Etxegibel, Itsaso Gangoitia eta Amaia Azkarate. Mutil gaztetxoak; Aitor Roman, Martin Fernandez, Martxel Azkorbebeitia, Unai Bilbao, Gontzal Rolluela, Txomin, Najera, Iker Eskamez, Martzel Altube, Maui Mandaluniz. Eta Talde Batuek dantza taldeko mutil nagusiak: Bittor Altube, Urko Bizkarra, Aitor Azueta, Aitor Agirre, Iker Salterain, Endika Zarrabeitia, Iraitz Arando, Xabier Agirrebeitia. 

Maiatzak 15, San Trokaz

Egun handia da maiatzaren 15a abadiñoarrentzat. Dantzariak goizeko 11:00ak inguruan elkartzen dira hamaiketakoa elkarrekin egiteko. Ondoren, 12:00ak pasata, udaletxera hurbiltzen dira materiala prestatu eta azken apaingarriak janzteko eta tresnak hartzeko: buruko zapiak, txintxarri edo txiliñak, arkuak, ezpatak... Maiatzaren 12an ez bezela, San Trokaz egunez bi taldek bakarrik dantzatzen dute; nesken talde bat eta mutilen talde bat, 8 pertsona taldeko, hau bai garai bateko dantzari aukeratuen emanaldia baita. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 08
Talde Batuak-eko neskak azken prestaketetan. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Abadiño: San Trokaz 2016 - 09
Talde Batuak-eko mutilak gerriko eta txiliñak janzten. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

San Trokaz egunean umeen lehenengoko Jaun-hartzeak egin ohi dira eta Udalbatza ere 12:30eko meza nagusira joaten da. Meza aurretik, Talde Batuak-eko dantzariek kalejira txiki bat egiten dute udaletxetik eliza atariraino txistularien laguntzarekin. Bertan, bi ilaratan Udalbatzako kideei pasabidea egiten diote elizara sartu eta meza ospatzeko. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 10
Dantzariek 2006an jaiotako umeak omendu dituzte. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Meza tarte hori aprobetxatu dut dantzariekin hitz egin eta datuak biltzeko, haiek ez baitira mezara sartzen. Ordubeteren ostean gertu dira dantzariak berriro ere prestatu eta eliza ataritik plaza erdira abiatzeko. Oraingoan ordea, 2006an jaiotako umeak dituzte atzetik. Izan ere, iaz arte, Jaun-hartzea egin ohi zuten haurrak omentzen zituzten San Trokaz eguneko emanldian. Aldiz, aurten lehen aldiz erabaki dute Jaun-hartzea egiten dutenez gain, kinta bereko haurrak omentzea. Horrela, ume guzti horiek, badute eserlekua plazaren bueltan udalbatzakoekin batera San Trokaz eguneko emanaldia ikusteko. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 11
Agintariena. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Abadiño: San Trokaz 2016 - 12
San Trokaz eguneko emanaldiko musikariak. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Maiatzak 15ean ere antzerako dantzak egin dituzte Talde Batuak-eko neska mutilek. Agintariena, berriro elkarrekin egin dute eta neska eta mutilak, bi taldeak makurtu dira banderaren azpian. Gaurkoan aldiz, mutilak hasi dira dantzan dantzari-dantzako zikloa osoa egiteko. Ondotik, nesken txanda izan da, eta Santo Domingo egunez egin bezala, arku-dantza, zinta-dantza eta sagar-dantza egin dituzte. Soka-dantza gaurkoan, mistoa izan da, aurreskularia Aitor Azueta eta atzeskularia Saioa Zuazubiskar izan dira. 

Abadiño: San Trokaz 2016 - 13
Mutilak txotxongiloa dantzatzen. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Abadiño: San Trokaz 2016 - 14
Zinta-dantza neskek dantzatua. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

San Trokaz eguneko emanaldian parte hartu duten neskak-mutilak: Miren Azkarate, Leire Ugarte, Nerea Azkarate, Saioa Zuazubiskar, Lorea Solana, Meritxel Etxegibel, Itsaso Gangoitia, Amaia Roman, Bittor Altube, Urko Bizkarra, Aitor Azueta, Aitor Agirre, Iker Salterain, Endika Zarrabeitia, Iraitz Arando eta Ander Zuazubiskar.

Abadiño: San Trokaz 2016 - 15
Emanaldi osteko mokadutxoa Abadiñobeaskoa baserrian. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Behin dantzak amaituta, materiala udaletxean utzita eta talde argazkia atera ondoren, San Trokaz plazatik gertu dagoen Abadiñobeaskoa baserrira hurbiltzen dira dantzari eta musikariak. Baserria, Arkazo familiarena da, eta 1970 urtetik dantza osteko mokadutxoa haien ardura da. 

Pasa den urtean San Trokaz egunez izan nintzen Abadiñon. Aurten Santo Domingo eta San Trokaz egunetan. Baina oraindik ezagutzeko ditut San Kristobalgo jaiak, Urkiolako errogatiba... Etorriko dira horiek ere! Eskerrik asko Talde Batuak-eko dantzariei, musikariei eta datu bilketan lagundu duten guztiei. Datorren urtera arte?

Abadiño, San Trokaz jaiak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eire Vila

Eire Vila

Elgoibarko dantzaria Haritz dantza taldean. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan ere aritzen naiz. Dantzan ez banago, kamara eskuan daukadalako da.

@eirevila


Babestu dantzan.com