Dokumentuaren akzioak
Maritxu Mendiola Isasa (1926, Astigarraga—2013, Donostia)
(2010-08-10an Donostiako Zabaleta 38-4. eskuineko bere etxean egindako elkarrizketaren datuetan oinarritua. Miren Zumeaga, haurtzaroko adiskidea ere aurrean zegoen datuak baieztatzen)
Zaletasunez hasi zen sueltoko txapelketetan parte hartzen. Errenterian, Zarautzen, Hernanin, Donostian eta inguruko beste batzuetan. Enrike Alberrorekin ibili zen beti bikote. Adiskideak ziren eta dantzan ezin hobe moldatzen ziren. Miren lagunak dio txoriak bezain airosoak zirela, airean gehiago ibiltzen zirela lurrean baino. Hala ere, dantza bukatutakoan zakarkerietan ibiltzen omen zitzaion Enrike hori. Txapelketetako diru partiketan ere, gutxiago eman nahi izaten zion, ez daki txantxetan edo serio, emakumea zelako. Baina berak aurre egiten zion eta erdi bana egiten zuten. Askotan irabazi zituzten txapelketak.
Enrike Alberro hau Astigarragako barberoaren semea zen, zortzi anaiarreba, egun denak hilda daude. Astigarrako Udaletxeko idazkari izatera iritsi omen zen.
Konkurtsoetara joaten hastean, Txomin San Sebastian, sakristau, organista, idazle, txistulari... gizon handi hark erakutsi zien dantzan txukunago egiten eta lau pauso egiteko bidean jarri ere bai. Besoak nola jarri, gorputzaren tentetasuna eta abar harengandik ikasitakoak dira. Beti txistuaren soinuaz dantzatzen zuten, trikitrixarekin inoiz ez eta gainera ez zuten nahi, puntuak markatzen ez zielako laguntzen. Eta Txominentzat horixe zen garrantzizkoena gorputza lirain mantentzearekin batera: puntu guztiak ondo markatzea.
Gogorazten digu Txomin bere ezkontzara gonbidatu zuela eta honek ezetza eman ziola, arropa egokirik ere ez zuelako. Orduan Maritxuk dena egin arazi zion eta ordaindu: trajea, alkondara eta zapatak. Baldintza bakarra jarri zion, ezkontzara joan eta txistua jo behar zuela jendeak dantza egin zezan. Eta horrela burutu.
Buruan dute biek Txomin honek Arturo Kanpion idazlea adiskide zuela eta bere auto eta txoferrarekin joaten zitzaiola Kanpion ikustaldia egitera maiz (Txanpion eta Txanpiñon deitzen diote berak eta Mirenek uste onez). Behin, hala ere, Maritxu Goiko iturrian azaldu eta idazlea topatu zuen han bere parteak garbitzen. Ez zitzaion gustatu eta korrika alde egin zuen.
Maritxuk berak egiten zituen dantza bitartean irrintzi galantak, ahots ederraren jabe baitzen (elizako kantaria ere izandakoa baita). Gaurkoengan dantzakera akademikoa ikusten dute, akademikoegia behar bada, baina naturaltasun falta. Kriskitinak apenas entzuten diren eta irrintzirik batere ez.
Dokumentuaren akzioak