Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jose Ignazio Ansorena Santos Tapia Bastarrika (1929, Tolosa), dantzari baten gorabeherak

Dokumentuaren akzioak

Santos Tapia Bastarrika (1929, Tolosa), dantzari baten gorabeherak

Santos Tapia Bastarrika (1929, Tolosa), dantzari baten gorabeherak

Donostia, Easo Plaza, 1923. Argazkia: Ricardo Martin. CC-BY-SA Guregipuzkoa.net

Aita, Klaudio, aurreskularia zuen eta berarengatik hasi zen dantzan zaletzen Apaizetxetik (Donostiako Miraconchan, Bergaran eta Saturraranen ikastetxeetan) itzuli zenean, hamasei urtez. Lagunekin Plazan ikasi zuen dantza sueltoan egiten eta aurreskulari Blas Lasa maisuarekin.

Lasa dantza maisu honek dantza soka prestatzen zuen herriko hainbat mutilekin San Juanetarako. Garaia iristen zenean, denei esaten zien aurreskulari edo atzeskulari izan nahi zuenak gelditzea zeukala berarekin entsegua amaitu ondoren, apur bat gehiago jarduteko eta hobeto prestatzeko. Azkenean, hiru aditu ekartzen zituen eta epai-mahai moduko bat eratzen zuen nahi zutenen artean bi esku nagusiak aukera zitzatzen.

Santos ez zen geratzen, aitak esana ziolako Blasekin ez zuela gauza handirik ikasiko. Aldiz, bere lagun Xanti Zumetarengana bidaltzen zuen ikastera. Klaudio eta Xanti elkarrekin ibiliak ziren Gerra aurretik aurreskulari txapelketetan(1) . Xanti hau elektrezista zen eta tallerrera joaten zitzaion Santos ikastera. Hantxe, lanak utzita, jarduten ziren. Honek bai, puntuak bereizten eta markatzen ondo irakatsi zion Santosi.

Lehenengo aukeraketa iritsi zenean, epai-mahaikideek ez zuten duda izpirik izan: Santos aukeratu zuten. Blas maisuak, harrituta galdetu omen zion:

Zu ez zara hemen geratzen eta non ikasi duzu horren ondo?" —orduan, Santosek disimuloan:

Etxean, aitarekin —eta horrela lasaitu omen zuen Blas maisua.

Bost urtez aurreskulari atera zen San Juanetan, baina dantza sueltoko txapelketan txiripaz hasi zen parte hartzen. Tolosako Zumardi txikian, 1948.ean txapelketa antolatu zuten. Jende mordo handia bildu zen. Berak ikusi nahi eta ezin hainbeste jendetza baitzegoen. Lagun bati hantxe bertan esan zion:

Aterako al zinateke nirekin konkursatzera? —Besteak baietz eta horrela atera ziren aurreneko aldiz, bat-batean erabakita. Bosgarren edo seigarren geratu ziren. Orduan oraindik ere betiko hiru pausoak besterik ez zuten egiten: ibilaldia, puntak eta bueltak.

Garai hartan hasi zen Ibarran, Udalaren kontura, dantza eskola batzuk ematen. Eta bertako neska batekin, Isabel, txapelketetara joaten hasi zen. San Bartolometan, abuztuko 24an, izan zuten lehenengo txapelketa. Geroago, Teresa tolosar batekin jarri zen dantza bikote eta elkarrekin bost-bat txapelketa egin zituzten.

Santos familiarekin joaten zen txapelketetara. Aita, Klaudio, Jose Manuel eta Joakin anaia bikiak, bera eta bi arreba, Maritxu eta Julitxu. Denak egun pasa joaten ziren eta diru batzuk biltzera, noski, premia zegoelako.

Bolada hartan, txapelketa gehienetan dudaezineko txapeldunak izaten ziren Enriqueta Gómez andoaindarra eta Bixente Larrañaga azpeitiarra. Neska honek Santosi esaten omen zion:

Beste neska izango bahu, saria herorrek eskuratuko huke.

Santosen neskak hori entzuten zuen eta beste dantzakide egokiagoa bilatzeko esaten zion. Enriqueta eta Bixente, aldiz, ez ziren ondoegi konpontzen eta behin, kalean elkarrekin topatu eta Enriquetak Santosi honela esan zion:

Datorren urtean ni zurekin aterako naiz.

Santosen koñata batek Andoaingo neska bat zuen adiskide, dantzari fina bera: Juanita Ormazabal Urkia. Egun batean, Santosen beharra ezagututa, Juanita Tolosara eraman zuen erosketa batzuk egitera. Bertan zeudela, zapataginengana joan behar zuela esan (Santos aitarekin ari zen lanean zapatagin) eta han agertu ziren biak Tapiatarren tallerrean. Koñatak aipatu Juanita dantzari trebea zela eta Santosek berehala jarri zion txapelketetara joateko erronka. Hantxe jardun ziren lauak, aita, koñata, Juanita eta Santos, tallerrean dantzari. Konformatu ziren eta elkarrekin dantzari bikotea osatzea erabaki zuten. Gaur egun senarrezmazteak dira.

Lehendabiziko txapelketara Zumarragara joan ziren, 1949. urtean. Baina euria gogotik ari zuen eta bertan behera geratu zen.

Hurrengoa, dantzan egin zuten lehendabizikoa, Zarautzko Euskal Jaietan izan zen, 1949.eko iraileko 9an. Ohi bezala, familia osoa joan zen bertara, baina, lau mutil eta hiru neska izanik (Juanita eta ahizpa bikotea), beste neska baten faltan zeuden. Taberna batera joan ziren hamaiketakoa egitera eta anaia Joakinek hantxe galdetu omen zuen:

Ez al da hemen dantza sueltoan ondo dakien neskarik? Nirekin txapelketan ateratzeko da eta!

Baietz esan zioten eta bertan lanean ari zen Arrasateko neskatila aurkeztu zioten. Neskak ere baietza eman eta bikote gisan aritu ziren. Txapelketa hartan Santos eta Juanita geratu ziren txapeldun. Bigarren anaia Joakin eta Arrasateko neska. Eta hirugarrenak Enriqueta eta Bixente. Ez omen zen gozo geratu Enriqueta, Bixentek lasaitu nahi izaten zuen arren.

Jarraian Zarautzko jatetxe eta hoteletan itzulia egin zuten, dantza erakustaldia egiten eta txapela pasatzen. Sarietan bezainbeste edo gehiago lortu zuten horrela.

Hurrengo txapelketa Irunen izango zen, Gal futbol zelaian. Han ere Santos eta Juanita txapeldun, eta hortik aurrera denetan beti irabazle.

San Pedro jaietan, Igeldo herrian, txapelketa zegoen. Euria aritu zuen eta oholtza majo bustita zegoen. Juanita irristatu eta erori egin zen, baina berehala zutitu eta dantzan jarraitu zuen. Hala ere, lehenengo saria eman zieten. Kexa batzuk izan ziren eta epaileek honela argudiatu zuten:

Txirrindulariak ere tarteka erortzen dira edo zulaketa izaten dute. Baina, berriro abiatuta, irabaz dezakete etapa. Hemen berdintsu.

1949.ean ere, Gipuzkoako Dantza Sueltoko Gerra ondorengo lehenengo Txapelketa antolatu zen, Gros Frontoian. Santosek eta Juanitak irabazi zuten.

Marka handiena San Bartolome batzuetan egin zuten. Goizetik Zegamara joan ziren, 12etan baitzen hango txapelketa. Dantzatu eta irabazi. Atsaldeko lehen orduan Ibarran ere bazen. Hara agertu eta lehenengo sariak erdi bana eman zizkieten Santos-Juanita eta Enriqueta-Bixente bikoteei. Hura entzutean, Enriquetak Santosi bota omen zion:

Zerbait badaukak, goazemak Donostiara, han ere bazagok eta beste txapelketa.

Horrelaxe egin zuten, baita Donostiako San Bartolome kalean zegoen txapelketara iritsi ere. Iluntzeko 20etan hastekoa zen eta bikote askotxo aurkeztu ziren. Juanita oso urduri jartzen zen eta Santosek isil-misilka ustez, baina epaileek entzuteko moduan nonbait, zein pauso zetozen esaten zion: Alboetara! Bueltak!

Irabazi egin zuten, Enriqueta eta Bixente bigarren geratu zirelarik, baina epaileek oharra egin zioten garraisika ibiltze hori ez zela legezkoa.

Hainbat txapelketa irabazi ondoren, Educación y Descanso-ko(2) delegatuak deitu omen zion eta eskaini Tolosako txapelketa batean epai-mahaiko izatea. Santosek galdera egin zion:

Zenbat kobratzen du epaile batek?

Mesedez, hori ohorea da, ezin jar daiteke edonor hor. Ohoreagatik betetzen da eginkizun hori.

Eta zenbatekoa da lehenengo saria?

Bi mila pezeta.

Orduan ni dantzari aurkeztuko naiz.

Eta irabazi egin zuten.

Juanita eta Santos 1953.ean ezkondu ziren eta, harrez geroztik, oso txapelketa gutxi burutu zituzten eta 1954.ean utzi zioten elkarrekin aurkezteari, Juanitaren familia eginbeharrak zirela eta. Santos hasi zen dantza eskola batzuk ematen Gazteluko neska batzuei. Baita Ixiar Arrueri ere, Ibarrako medikuaren alabari. Berarekin egin zuen azken txapelketa, Tolosako Zezen plazan, 1955.ean.

Santosek dioenez, beraiek hasieran hiru pausoko dantza egiten zuten, plazetan egiten zen antzera. Baina Moises Azpiazu bergaratarrari ikusi zioten lehenengo aldiz laukoa egiten, 1949.ean. Bizkai aldetik ote zetorren zuen susmoa. Eta beraiek ere berehala hasi ziren laugarrena sartzen. Piskana lehiakide guztiek onartu zuten.

Beraien garaietan fandango eta arin-arinaren arteko aldea airean zegoen batez ere. Fandangoa motelagoa zen eta arin-arina bizkorragoa, nerbio gehiago zeukan. Bestela pausoak oso antzekoak ziren.

Gaur egiten den moduarekin alderatuta askozaz naturalagoa zela beraiena dio. Egun oso akademikoa egiten dela, besoak gehiago altxatuta eta kriskitin gutxiago. Bestetik, orain bikoteak berdin-berdin aritzen dira, ez, ordea, lehenago: bakoitza bere gisa aritzen zen.

Santosek gogorazten du bera hasi zenean txapelketetan jendea kaleko arropa normalarekin joaten zela. Berari begitandu zitzaion, galtza luzeekin ez zirela ondo ikusten ibiltzen zituzten mugimendu guztiak. Eta galtzak galtzerdietan sartzen hasi ziren, hobe erakutsi beharrez. Arrakasta izan duen proposamena izan zen. Gaur egun abarkak erabilita ondo-ondo erakusten da egiten den lana.

(1) Errenterian eta horrela. Orduan txapelketa gutxi zeuden.

(2) Movimiento Nacionalaren erakunde bat zen, herri kontuetan antolatzaile ibiltzen zena.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Jose Ignazio Ansorena

Jose Ignazio Ansorena