Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jon Iruretagoyena Entseinaria: Xiberoako maskaradetan etorri berria

Dokumentuaren akzioak

Entseinaria: Xiberoako maskaradetan etorri berria

2014/11/03 10:10

Dirudienez, entseinaria da, maskaradetan aurkitzen diren bost aintzindarietatik, azkenik agertu den pertsonaia. Ez zuen lehen bralea eta karakoiltzea eramaiteko beste lanik eta hori, Basabürüan baizik. Dantzari trebea, bere bandera mugiarazi behar du etengabe, dantza urratsak batera egitean.

«Les mascarades souletines», 1901 eta 1914 artean Xiberoan egin zuen ikerketa lanetan, Géorges Hérelle lehendabizikoa izan zen enseinaria ikusi zuela erraiten. Braliaren zeremonian baizik ez du bere presentzia aipatzen. Edozein kasutan, ez da godalet dantza egiten denean ageri. Aurretik, ez zuten ez Agusti Chaho-k (Voyage en Navarre 1836 eta 1855), ez eta J-B Archu-k (Courrier de Bayonne 1857) aipatu. Baina biek ala biek aipatu zuten elementu batek entseinariaren antzinakotasuna zalantzan jartzera garamatza. Chahok, 1836an eta 1855ean laborariari buruz hitz egin zuen, ezkerreko eskuan akuilu bat zeramala eta eskuinekoan berriz, bandera bat mugitzen zuela. Archuk, 1857an, Chahok esana baieztatzen du.

Arazoak ematen dituen beste elementu bat, garai batean laborariak jazten zuen arropak, eta entseinariarenak antzetasun bitxia dutela da. Hona hemen Georges Hérelle-ek utzitako desribapena:

  • Entseinaria: txapela urdina, ezkerreko aldean hiru koloretako kokarda duena; oihalezko jaka beltza, zilarrezko galoiduna; paparreko urdina, zilarrezko galoiak eta urrezko zintzilikariak dituena. Praka beltza.
  • Laboraria: txapel urdina, apaingarririk gabea, jaka beltza, zilarrezko galoiak dituena lepoan eta besoeta, paparreko zuria, koloretako loretxoz betea, praka beltza darama.

Enseinaria zuberoa 27Informazio horri esker, entseinaria maskaradetara orain gutxi sartu den pertsonaia bat izan daitekeeneko hipotesia egin dezakegu: braliaren koreografia luze eta konplexua zuzentzeko lana besterik ez zuen Laborariaren bikoizketa bat izan daiteke. Branlearen dantzan aldaketak egin ziren momentuan sortuko zen ziurrenik, orduan gehitu baitzituzten bakarlarien zatiak, aitzindarientzat. (Géorges Hérelle – Les Mascarades souletines – 1925)

Ezerk ez du adierazten, ordea, braliaren ohizko eginmoldean, karakoiltzia egiten zenik. Ezerk ez digu adierazten, era berean, jaunak eta laborariak branlearen atzetik dantza egiten zutenik, sokaren hasieran, entseinariarekin batera, gaur egun egiten den bezala. Halere, soka-dantzei esker, Europan eta Euskal Herrian ere ezagutzen direnei esker, esan dezakegu, branlean egun gordetzen diren dantzaren zati desberdin horiek antzinakoak direla. Euskal Herriko probintzia guztietan ezagunak diren soka-dantza gehienetan, dantzako momentu jakin batean, lehena edo azkena bakarka aritzen da. Era berean, soka-dantzan parte eta koreografia desberdinak ikus ditzakegu; zubi eta karakoiltze desberdinak egiten dira bertan, soka dantzetan egiten direnen antzekoak.

J.M. Guilcher-ek (La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français – 1984) utzitako azken informazio batek, entseinaria noizdanik agertu zen Xiberoako maskaradetan zehatzagoki esanarazten digu. Salhanka (testuan Challanka) etxeko Apheceix jauna, ohizko enseiñari famatua aipatzen du. Berak dioenez, gizon horrek hirurogeita hamar urtetik gora zeuzkan 1929an. Horrek esan nahi du Apheceix 1860. urte inguruan jaio zela, eta bere dantzari ibilbidea 1880 eta 1890 artean egin zuela gutxi gora behera. Horrek 1860 eta 1880 artean pertsonaia bat sortu zela dioen hipotesia baieztatuko luke, Archuk ez duelako 1857an horrelako pertsonairik aipatzen, eta beraz, badakigu 1880 inguruan Barkoxen entseinari bat izan zela. Bestalde, zalantzarik gabe esan daiteke Salhanka etxeko M.Apheceix Xiberoak ezagutu duen lehengoetako entseiñaria izan zela, lehena izan ez bazen.

Dokumentuaren akzioak

2014/11/04 11:39
Ze politak diren dantzaren arkeolojiari buruzko artikulotxo hauek. Mila esker, Jon!
2014/11/07 22:07
Arrazoi duzu Aritz, horrelako idatziei esker egunero ikasten dugu zerbait berria. Sorte bat da Ion bezalako jendeak duen jakinduria guzti hori gurekin horrela elkarbanatzea.

Milesker Ion.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.